Kalean utzitako animaliak etxean hartzea bultzatuko dute Txorierrin

Txorierriko Mankomunitateak bi helburu dituen Guuuuuazen etxera! Etxe bat animalia bakoitzarentzat informazio kanpaina abiatu du. Batetik, animaliak erosi beharrean, kalean utzitakoak etxean hartzea sustatu nahi du auzokideen artean. Bestetik, txakurrak erroldatu behar direla eta informazio txip bat jarri behar zaiela gogorarazi nahi die jabeei.

Mankomunitateak kalean utzitako animaliak jaso eta zaintzeko enpresa bat kontratatu du; baina, ohartarazi dutenez, gastuek gora egin dute neurri handi batean. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban legeak agintzen du animaliak hartu eta 30 egunez zaindu behar direla norbaitek erreklamatzen dituen arte. Hilabetea igarota, bi aukera daude. Lehenengoa, zentroan gelditu, norbaitek etxean hartzen duen arte; horrek zaintze gastu handiak eragiten ditu. Bigarrena, sakrifikatu egiten dute. Hilabetero, 25 animalia inguru jasotzen dituzte. Baina, Mankomunitatetik azaldu dutenez, kalean utzitako animalien kopurua hazten ari da etengabe. Azken hiru urteetan hartze eta zaintze zerbitzuaren kostuak gora egin du. Urtarrilean animaliak zaintzeko zerbitzuak 5.000 euroko gastuak eragin zituen; duela hiru urte, 1.000 euro ziren.

Batez ere, identifikaziorik gabeko ehiza txakurrak jasotzen dituztela salatzen dute. Mankomunitatetik ondorioztatzen dutenez, ehiza denboraldia bukatuta, jabe askorentzat txakurrok ez dute baliorik eta kalean uzten dituzte.