“Automobilismoan aritzeko aukera gutxiago ditugu emakumeok”

Zenbait proba eta test egin ostean, Zihara Esteban (Gernika-Lumo, 1994) auto gidariarengan interesa agertu zuten Europako Nascar txapelketakoek, eta bertan parte hartzeko gonbidapena egin zioten. Hala, lasterketa bi egin zituen iaz, Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Toursen (Frantzia); orain, denboraldi osoa egiteko asmoa du. Joan den asteburuan lehiatu zuen denboraldiko lehen lasterketa, Nogaron (Frantzia).

Europako Nascar txapelketa hasi berri duzu. Nola ikusi zenuen zeure burua lehenengo entrenamenduan?

Lehenengo entrenamenduan, talde berria, taldekide berria, auto berria… izan nituen, eta, gainera, zorte txarra ere izan genuen. Izan ere, euria egin zuen. Dena den, euriarekin ibiltzen ere jakin behar da. Horregatik, duela aste bi Bartzelonan izan nintzen, Drift ikastaro batean, euria egin eta autoak ihes egiten duen horietan, jakiteko autoa derrapatzen eta berau maneiatzen.

Lehen, Espainian aritzen zinen, eta orain Europara salto egingo duzu, ezta?

Clio Cup txapelketa Espainiakoa da, eta karten gainean aritzen nintzenean, Italian ere ibiltzen nintzen, baina, oro har, Espainian lehiatu izan naiz. Europako Nascarreko hiru lasterketa Frantzian jokatuko dira (Nogaron, Dijonen eta Toursen), bat Italian (Monzan) eta beste bat Espainian, Aragoin.

Talde berria duzula esan duzu.

Bai, hala da. Clio Cup txapelketan Monlau Competicion taldeagaz ibili nintzen, baina talde horrek ez du Europako Nascar txapelketan parte hartzen. Izan ere, kategoria bakoitzean talde jakin batzuk daude. Hori dela eta, salto egin eta beste talde batera joan beharra egoten da. Aurrerantzean, Scorpius Racing Team Frantziako taldeagaz ibili naiz, eta bidelagun Javi Villa izango dut, 1 Formulara sartzeko ateetan geratutako auto gidaria.

Clioa atzean utzita, beraz, auto berria izango duzu.

Europako Nascarrean Chevrolet motorra duen auto amerikar bat gidatuko dut. Oso auto handia da, sei metroko luzeera duena; guztia zuntzezkoa du, eta 450 zaldi ditu. Clioagaz alderatuta, oso ezberdina izango da. Esaterako, Clioak aurreko trakzioa du, eta Chevroletak, ostera, atzeko trakzioa.

Auto aldaketagaz entrenamendu bereziak egin beharko dituzu?

Dagokion autora ohitzea izaten da gakoa. Egia esateko, gauza berrietara egokitzeko gaitasuna dut; beraz, horretan suertea dut. Gainera, autoan entrenamendu gutxi egiteko aukera izaten da, oso pribatua izaten da-eta hori. Normalean, karten gainean entrenatzen gara, eta, horregaz batera, fisikoa ere lantzen dugu. Baina autoa bera, lasterketa baino arinago entrenatzeko baino ez dugu erabiltzen. Autoa, gainera, Frantzian du taldeak, eta lasterketetara haiek eramaten dute, bertatik.

Nolako entrenamenduak egin behar izaten dira halako txapelketa batean parte hartzeko?

Ni, esaterako, egunero joaten naiz gimnasiora; bertan, gehienbat, lepo buelta, besoak… landu behar izaten dira, eta baita erresistentzia ere. Beti esan izan da fisikoa landu behar dela, baina orain arte irabazitako lasterketak burua tinko mantenduta irabazi ditut; izan ere, orain hasi naiz ni fisikoa lantzen.

Zein da aurtengo denboraldiari begira duzun erronka?

Iaz autoa probatzeko aukera izan nuen pare bat lasterketatan; beraz, uste dut izan dudala astia jakiteko nola dabilen autoa. Oraindik aurrera, zirkuituak ezagutzea baino gehiago eskatuko diot neure buruari.

Zer eskatuko diozu, ba?

Iaz nola aritu nintzen kontuan hartuta, sailkapenean lehenengo hiruren artean geratzea posible dudala uste dut.

Hurbileko erronken gainetik, ba al duzu etorkizuneko erronkarik?

Jende askok galde egiten dit ea 1 Formulan parte hartu nahiko nukeen. Arraro samarra eman dezakeen arren, nik ezetz erantzuten die horiei. Izan ere, 1 Formulan parte hartzea ez da nik betidanik nahi izan dudana. Horra heltzeko, gainera, lehenik eta behin, formuletan aritu beharra dago, eta ez autoetan. Autoen goreneko mailan parte hartzea, ostera, gustatuko litzaidake, eta baita Ameriketako Nascar txapelketan parte hartzea ere.

Esfortzu bereziren bat egin behar izan duzu zauden lekura heltzeko?

Hamabost urterekin hasi nintzen kartingean, eta normalean adin horrekin lagunak jaietara joaten dira. Dena den, ez dut uste esfortzu kontua denik; gustatzen zaizun zerbait egiten ari zara eta. Bestalde, Clio Cup txapelketatik Nascarrera salto egiten ari nintzela, batxilergoko ikasketak hasi nituen, baina horiek alde batera uztea erabaki nuen; izan ere, gauza bietan buru-belarri ibiltzea ezinezkoa zen. Gaur egun, ostera, ingelesa ikasten nabil, kanpora begira garrantzitsua dela deritzodalako. Ea aurrerago ikasketekin jarraitzerik dudan.

Nondik datorkizu autoekiko zaletasun hau?

Aita gaztetatik aritu da motoekin, eta beragandik datorkit lehiakortasuna. Ni ere motoan ibiltzen hasi nintzen, baina ez ninduen guztiz erakartzen. Bestalde, ausarta izan naiz beti, etekinzalea… Hamahiru urtegaz kartingean hasi nintzen, eta 15 urte bete nituenean, ostera, Monlau taldeagaz, autoetan. 2012an, bestalde, Europako Nascarrera salto egin nuen.

Zelako aukerak ditu emakumeak automobilismoan aritzeko?

Emakumeak bi aukera ditu mundu honetara sartu ahal izateko: auto gidari lez oso ona da edo babesleentzako produktu bat da; alegia, saldu ahal izateko irudi on bat du. Horregatik, eta gutxi garelako mundu honetan sartuta gaudenak, emakumeok erraztasun gutxiago ditugu, gizonezkoek baino. Dena den, esfortzuaren bitartez, gure tokia lortzen ari gara. Denboraldi honetan, hiru emakume lehiatuko gara Europako Nascarrean.