Ohe bat 10 euroan

Kalean edo kutxa batean dagoen eta kartoi edo tapakien artean dagoen pertsona baten aurretik pasatzen garenean, ikusezina balitz bezala jokatzen dugu; ez diogu begiratu nahi izaten”. Amaia Porres (Bilbo, 1963) Lagun Artean harrera zentroko zuzendaria da, eta etxerik ez daukaten edo baztertzeko egoera larrian dauden pertsonei gizarteratze prozesuetan laguntzen die. “Kartoi horien azpian pertsona bat dago, eta edonori gerta dakioke egoera horretan amaitzea”. Porresek azaldu duenez, “familiarekin harremanak etetea, ingurukoek ekonomikoki lagundu ezin izatea, osasunak okerrerantz jotzea edo enplegua galtzea kalean amaitzeko arrazoiak izan daitezke; edozer gerta liteke eta inor ez dago egoera horretatik libre”.

Gizartean kontzientzia sortzeko, Hobe ohea kartoia baino egitasmoa ipini berri dute martxan. “Bilboko kaleetan bizi diren pertsonen sufrimendua ezagut dadin nahi dugu”. Jarduera horren bidez, 10 euroren truke, pertsona batek ohe batean lo egiteko aukera izango du gau batez. “Ekarpen horrekin, oinarrizko beharrizanak betetzen dira”. Beste alde batetik, mota horretako proiektuak finantzatzeko eta zentroak egiten duen lana zabaltzeko erabili nahi dute kanpaina. Ohe bat emateaz gain, pertsona horren jarraipena egiten dute, eta gizarteratzeko laguntza ere kudeatzen dute; baina, “lan handia dago eta 10 eurorekin ezin zaie kostu guztiei aurre egin”.

Lagun Artean erakundeak Deustun duen aterpetxean hartzen ditu etxerik ez duten pertsonak. 16 ohe bikoitz dituzte bertan; orotara, 32 lagunentzako oheak. “Egunero betetzen dira leku guztiak, ez dago ohe librerik; gaur egun dagoen beharrizanarekin eta egiten duen hotzarekin, jendeak ez du birritan pentsatzen, eta hona etortzen dira”.

Porresek azaldu duenez, egitasmoa “harrera ona” jasotzen ari da. “Hilaren 15ean abiatu genuen kanpaina, eta egundaino, jende asko etorri da informazio eske; gainera, gure boluntarioen sarearekin ere bilerak egin ditugu, eta denok martxan gaude”.

Ia 300 lagun kalean lo egiten

Iazko azaroaren 17tik 18rako gauean kalean lo egiten zuten pertsonak bilatu eta zenbatu zituzten Bilbon. 250 pertsona baino gehiago aurkitu zituzten hiriko kaleetan lo egiten. Hainbat txokotan topatu zituzten: atarietan, kutxetan, arkupeetan, parkeetan… “Nahiz eta gehiago daudela jakin, horiek baino ez zituzten aurkitu gau hartan; euria edo hotza egiten duen egunetan ikaragarria da tenperatura horiekin jendea kalean egon behar izatea”, adierazi du.

Laguntza eske doazen pertsona guztien egoeraren balorazioa egiten dute udaleko zerbitzuek. Ostean, larritasun mailaren arabera, zerrenda bat sortzen dute, eta batzuei lehentasuna ematen diete. Hala, arreta eta ostatua behar duten pertsonak bidaltzen dituzte erakundera. “Baldintza horietan bizi diren pertsonek, izugarri sufritzeaz gain, hondatze fisiko eta psikologiko ikaragarria izaten dute”.

Hainbat erakunde eta administrazioaren laguntza dauka aterpetxeak. “Uste dugu konbentzitzen duen proiektu bat dela erakunde askok parte hartzen dutelako”, azaldu du Porresek. Hala eta guztiz ere, krisi egoerak erakundeari eragin diola onartu du. “Nahiz eta pertsonek egiten duten eskaria handitu den, laguntza ekonomiko batzuk gutxitu dizkigute, eta, ondorioz, gero eta zailtasun eta oztopo gehiago ditugu”. Horregatik, Lagun Artean erakundeak erreferentzia gune bihurtu nahi du, eta baztertutako jendearekin loturak sortzea eta harreman lekuak sustatzea ditu helburu nagusiak.

Harreraren, gizarte diagnostikoaren, ostatu ematearen, oinarrizko premiak betetzearen, salaketaren eta gizarte sentsibilizazioaren bidez lan egiten dute. Horretarako, zerbitzu irekiak ditu. Leku horietan, jaten ematen diete kalean lo egiten duten pertsonei. Jantzi zikinak beste arropa garbiagoengatik aldatzeko abagunea eskaintzen zaie eta dutxa hartzeko aukera ere badute. Horrez gain, telebista ikusi edo atseden har dezakete. “Laguntza jasotzeko ez dituzte abizenak edo dokumentazioa aurkeztu behar”.

Beste alde batetik, tailer sozialak bultzatzen dituzte. Horien bidez, gizarteratze prozesua erraztu nahi dute. Borondatezko lana egiten duten gehienak jarduera horietan aritzen dira. Atzerritarren kasuan, tokiko hizkuntza edo ohiturak irakasten dizkiete. Bestetik, derrigorrezko hezkuntzari dagokion agiria lortzeko ikastaroak ere antolatzen dituzte. Ostean, erdi mailako zikloak prestatzeko aukera ere badute. Sukaldaritza, informatika eta hizkuntzak lantzen dira tartean. Horiez gain, lan munduarekin harreman zuzenagoa duten ikastaroak ere eskaintzen dituzte, baina horiek Lanbideren laguntzaz kudeatzen dira. Gizarteratzen laguntzeko, egin beharrreko dokumentazioaren inguruko informazioa ere ematen dute. Porresek dioenez, “baliabiderik ez duten, familiatik urrun bizi diren eta oinarrizko beharrizanak dituzten pertsonei orientazioa eskaintzen zaie”.

Erakundeak askotariko arazoak dituzten pertsonak hartu ditu. “Hasieran, arazo psikologikoak zituzten pertsonak izaten genituen; ostean, drogaren urteak heldu ziren, eta droga mendekotasuna zuen jendea gerturatzen zen; azken urteetan antzeman dugu atzerritarrak direla kalean lo egiten duten gehienak”. Kalean lo egiten dutenen ezaugarriak aldatzen ari direla aipatu du.

“Krisiak eta kaleratzeak gero eta arazo gehiago sortzen ari dira”. 2011tik 2012ra bitartean, bikoiztu egin ziren aterpetxean lo egiten zuten bertako pertsonak. “2013an kopuru horiek biderkatzen ari dira”.

Kostu handiko proiektu bat

Erakundeak nabarmendu du kalean dauden emakumeen egoera “okerragoa” dela. Gainera, andre horiek seme-alabak izan ohi dituzte maiz. Legeak adingabekoak babesten ditu, eta haiek kalean lo egitea saihesten du. Baina horrek askotan ama eta umeak banatzea ekar dezake. Hori dela eta, duela bost urte Lagun Artean elkarteak kostu handiko proiektu bat abiatu zuen. “Esfortzu handia egin behar izan dugu, baina umeak dituzten emakumeentzako hiru etxebizitza kudeatzeari ekin genion”. Egitasmo horren bidez, familia batzuk banatu behar ez izatea lortu dute. “Aterpetxearekin eta gaueko zentroarekin batera, seme-alabak dituzten eta kalean dauden emakumeei ematen zaien arreta da alderik defizitarioena”.