Herri eta auzoei doinuak jarriz

Galdakaoko Udal Musika Banda zuzentzen 22 urte daramatza Juan Carlos Irizarrek (Oñati, Gipuzkoa, 1951). Herriko ereserkia egin zuen orain dela urte batzuk, eta azkenaldian auzoetakoak egiten dabil. Duela lau urte hasitako proiektua esku artean du; batzuk amaitu ditu, eta besteak ere egingo ditu. “Disko asko kaleratu ditut, eta ez dut baztertua hori, baina honek ematen didan aberastasuna, gozamena uste dut ez dudala sekula eduki”.

Horrela, Galdakaori esker ona erakutsi nahi dio, herriari opari bat egin. Eta horretan dihardu. “Bertoko sentitzen naiz. Herritarrek halaxe sentiarazten naute”. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkie dakien moduan: musika sortuz.

Aspalditik dauka harreman estua Galdakaorekin Irizarrek. Izan ere, aurretik, besteak beste, herriko futbol taldeko ereserkia eta inauterietakoak ere egin ditu. Iaz, esaterako, Galdakaoko oroimen historikoa diskoa kaleratu zuen. Herrian grabatu zuen bere lehen diskoa ere, Donosti romantico, Xoxoa diskoetxean, orain dela hiru hamarkada. Herriko musika eskolako irakasle ere izana, Zaletasuna abesbatza zuzendu zuen. “Hemen bizi izan naiz garai ezberdinetan”. Gaur egun Aizarnazabalen (Gipuzkoa) bizi bada ere, ordu asko egiten ditu Galdakaon.

Bengoetxe auzoari eskainitakoa da konposatu duen azken ereserkeia: “Zortziko bat da, haiek hala eskatuta”, azaldu du Irizarrek. Hilaren 17an aurkeztu zien bandak auzotarrei. Jendeak begi onez hartu zuen, eta berriz jotzeko eskatu zieten: “Lehendabizi, zortzikoa jo genuen; gero, hainbat euskal kanta, eta horiek amaitzean, auzoko ereserkia berriz jotzeko eskatu ziguten”. Horrek gogobetetzen du musikagilea.

Bekea eta Tximelarreko ereserkiak ere aurkeztu zituen iaz. Laster Aperribaikoa aurkeztuko du, “bertako jaietan, maiatzaren lehenengo astean”. Usansolokoa eta Gurutze auzokoa prest ditu dagoeneko. Usansolokoa ere auzotarren nahierara egin du: “Bertakoei asko gustatzen zaie danborrada, urtero egiten dute, eta, horregatik, danborrada martxa bat konposatu diet”.

Orain Elexaldekoarekin hasi da. Datorren urterako denak bukatu nahi lituzke. “Agian geldituko da auzo txikiren bat, baina, geroago bada ere, denei egingo diet; ez dira geratuko ereserki barik”, eman die hitza galdakoztarrei.

Bakoitzari bana eta bakarra. Izan ere, dioenez, herri berekoak izan arren, auzo bakoitzak bere berezitasuna du. “Auzo bakoitzeko herritarren izatea eta sentikortasuna diferenteak dira”, azaldu du. Pertsonekin dauzkan hartuemanen ondorio dira bere doinuak. Janari gozo bat bezala prestatzen ditu bere sormenak: “Niri tarta baten parekoa izatea gustatzen zait, oso goxoa, doinu polita eta erraz entzutekoa; ez gauza zaila”.

Gozotasunez sortzen duela esan du, entzuleei sentimentu hori helarazi nahian. “Gustatzen zait entzuterakoan aurpegi gozoak ikustea jendeari, eta txalo egin dezatela benetan gustatu zaielako”, azaldu du Irizarrek. Bere musika entzuten jendea gustura dagoela ikusteak pozten du.

Ibilbide emankorra

Eskoriatzako (Gipuzkoa) ereserkia da Irizarrek egindako lehena. “Duela 30 urte inguru, eta ordutik hona makina bat herritakoak egin ditut”. Berriz, Orozko (Bizkaia), Araia (Araba) Zegama, Zestoa, Oñati (Gipuzkoa)… Zerrenda luzea da. Sorterriko auzo guztietakoenak ere eginak ditu, eta disko batean bildu zituen.

Batzuetan enkarguz egiten ditu, herrikoek eskatuta, eta beste askotan, berak gura izan duelako edota eskerrak emateko. “Oso zaila da nik ezetz esatea. Normalean beti egoten naiz prest laguntzeko”.

Sortu duen azken ereserkietakoa da, esaterako, Eskoriatzako Jubilatuen Elkartearena. Amets Arzallusek hitza jarri eta Irizarrek musikatu du. “Kuriosoa da, izan ere, Arzallus Kuban zegoen, eta posta elektronikoz bidali zidan asmatu zuen hitza”.

Alor askotan ibilia da; han eta hemen musika doinuak zabaltzen jardun duen musikari eta musikagilea da Irizar. Ereserki eta martxez gain, lo kantak, baladak, boleroak, eztei martxak, pasodobleak, haurrentzako opereta… denetarik egin du. Hamaika disko eta liburu kaleratu ditu. Hainbat film, antzezlan eta dokumentalei ere musika jarri die. Baita Ibilaldia, Kilometroak, Donostiko Zinemaldia eta antzeko ekitaldiei ere.

Bilboko Marijaiaren martxa ere egin zuen hiriko musika bandarentzat. “[Jose Maria] Gorordo alkate zela, kultura zinegotziak eskatuta sortu nuen; disko batean grabatu zen, gainera”.

Sormena umetatik

Familian ez du musikaririk, baina umetatik bizi du musika. Aitortu du erraztasun handia duela idazteko. Eta gaineratu du ordu asko ematen dituela sortzen, gustuko duena egiten. “Nere bizitzako gozamenik handiena hauxe da”.

Hiru urterekin hasi zen filarmonika jotzen, eta seirekin soinua eta pianoa. “Nik sentitu egiten nuen musika barrutik; txiki-txikitatik neukan sormena”. Konposizio karrera egiten zebilela ere maisuak horixe esaten ziola dio, musika idazteko erraztasuna zuela. Iraganean bezala, orain eta etorkizunean ere musika idazten segitzea da musikagilearen helburua. Berak gozatzen duenarekin entzuleak gozarazten jarraitzea, alegia.