“Enplegu duinak” bilatzen

Enplegu duina izatea, gizartea babestea, aberastasuna banatzea eta eskasia eta bazterketa saihestea da herritar askoren kezka. Hala, hainbat sindikatuk eta gizarte eragilek koordinakundeak ipini dituzte martxan helburu horiek lortu eta jarraibide ekonomiko desberdinen alde egiteko.

Eredu horri jarraituz, Uribe Kostako enplegu duin, eskubide sozial eta ondasunen banaketaren aldeko koordinakundea aurkeztu zuten zapatuan zenbait eragile sozial eta sindikatuk. Sustatzaileek azaldu duten moduan, “hiru olatuk osatzen dute” haien borroka: “enplegu duinak, babes sozialak eta ondasunaren banaketak”.

Maiatzera arteko “borroka dinamika” eta tokiko arazoei aurre egiteko dekalogoa azaldu zituzten aurkezpen ekitaldian. “Datozen hilabeteetan geure aldarrikapenak eskualdeko ahalik eta txoko gehienetara zabaldu nahi ditugu; horretarako, herri bakoitzeko eragileekin elkartuko gara, dekalogoaren berri emateko, atxikimendua eskatzeko eta euren ekarpenak jasotzeko”, azaldu du Naroa Jauregizuria Leioan Bagabiz plataformako kideak. Proiektua komunikaziorako eta esperientzia trukerako espazioa ere bada. Hala, azaroaz geroztik, herrietako alor desberdinetako eragileekin elkartzen ari dira ekintzak bideratzeko.

Gaur egun, eskualde hartako sektore indartsuena zerbitzuena da. “Industria jardun ekonomikoaren %19 da, eta zerbitzuen sektorea, berriz, %80koa; gainera, bertatik eratorritako lanpostu gehienak guztiz prekarioak dira”. Koordinakundeak adierazi duenez, 2012ko abendu amaieran 11.384 langabe zenbatu ziren Uribe Kostan —horietatik 5.778 emakumezkoak ziren—. “Prekarietateak, pobreziak, bazterketak eta egonkortasunik ezak nabarmen eragiten du pertsonen bizi-baldintzetan, bereziki emakumeengan”, kexu da koordinakundea. Gainera, iaz enplegua erregulatzeko 145 txosten egin ziren eskualdeko lantokietan. Ondorioz, 209 herritarrek enplegua galdu dute, eta 1.481 pertsonak lan jarduna eten edo gutxitu behar izan dute. “Bizi-baldintzetan zuzenean eragiten duen zerbitzua hobetzeko politikak lortu behar dira”, dio Jauregizuriak.

Asteburuan antzeko beste koordinakunde bat ere aurkeztu zuten, Galdakaon; zenbait sindikatuk, Gazte Asanbladak eta AHT Gelditu Elkarlanak osatzen dute taldea. Agerraldi baten bidez, dekalogoa eta etorkizunean lan egiteko modua azaldu zieten galdakoztarrei.

“Duela urtebete hasi zen taldea martxan, aspaldi sufritzen dugun krisiari erantzuteko; martxoko greba orokorra izan genuen abiapuntu”, azaldu du Maite Ajuria koordinakundeko kideak. Geroztik, Formikaren eta inguruko beste lantegi batzuen itxiera salatzeko, zenbait mobilizaziotan parte hartu dute. “Iraileko greba orokorrean ere egon ginen, eta Euskal Herrian murrizketen kontra antolatu diren nazio manifestazioen deialdiak zabaldu izan ditugu herrian”, gaineratu du.

Herrian eskasiaren aurkako borroka sustatu eta enplegu politika “eraginkorrak, iraunkorrak eta kalitatezkoak” bultzatu nahi dituzte. “Galdakaon dagoen langabeen kopurua, 2013ko urtarrilera arte, 2.303koa da; horietatik %52 emakumeak dira”.

Eredu desberdin baten alde

Aurretik ere egon dira antzeko mugimenduak: Busturialdean, Durangaldean… Jarraibide desberdin bat lortzeko helburuz sortu zuten 2001ean Busturialdekoa. Eskualdeko gainbeheraren aurkako jarduera sozioekonomikoak mugiarazteko eratu zen. Pixkanaka, eragile sozialak eta sindikatuak batzen joan zitzaizkien sustatzaileei, eta, 2008an, Lan eta Bizi izena eman zioten plataformari. Durangaldekoak ere izen bera dauka. “Eredu espekulatzaileen aurka lanean gabiltza; kexak plazaratu, komunikatuak egin eta jendea mugiarazten dugu”, azaldu du Josu Barandika plataformako kideak.

Lan eta Biziko kideek enplegu duinaren alde ere egiten dute. “Batez ere, lehenengo eta bigarren sektoreen egoera salatzen dugu”. Egungo egoera ekonomikoaren testuinguruari helduz eredu berriak plantea daitezkeela uste dute plataformako kideek. “Eredu kapitalistari heldu beharrean, lanpostuek jarraibide iraunkorra eta solidarioa izan beharko lukete”, dio Barandikak. Lanpostu duinak defendatzen dituzte, eta ekonomia herritarren babeserako izan beharko litzatekeela uste dute. Baina, xede hori lortzeko, “lurralde antolaketan beste jarraibide bat planteatu beharko litzateke”.