“Arrakastaren gakoa ahoz aho zabaltzea izan da, publizitate barik”

Urtebete pasatxo darama Madrilen Fernando Calvok (Getxo, 1983). Spotbros aplikazioaren bost bazkide-sortzaileetako bat da. Iazko urrian ofizialki merkaturatu bazen ere, otsailean bertsio bat kaleratu zuten, eta hura hobetuz sortu zuten oraingo aplikazioa. Duela urtebete, hasiberria zen proiektua, eta milioi bat erabiltzaile ditu egun. Hiru milioi izatera heldu nahi dute 2013a bukatu aurretik: “Erabiltzaile kopurua handitzea da asmoa, eta aplikazioa hobetzen jarraitzea”.

Publizitatean inbertitu barik bost hilabetean milioi bat erabiltzaile lortu dituzue. Zein da arrakasta horren arrazoia?

Arrakastaren gakoa ahoz ahoko zabaltzea izan da, publizitate barik. Erabiltzaileek probatu dute, erabilgarria dela deritzote eta lagunei gomendatu diete. Zeuden aplikazioek eskaintzen ez zutena emateak eta, gainera, plataforma seguruago batean izateak jendea erakarri du. Ez dugu nahi izan publizitatean dirurik gastatu, erabiltzaileek produktua gogoko zuten edo ez ikusi gura genuelako.

Madrilen urtebete daramazue dagoeneko. Zer-nolako balantzea egiten duzue?

Oso positiboa. Ez genuen harrera hau espero, ez behintzat hain azkar lortuko genituenik milioi bat erabiltzaile. Facebookek urtebetean eta Twitterrek bi urtean lortu zutena guk bost hilabetean erdietsi dugu. Lau lagun hasi ginen egitasmoarekin, eta egun hamabi langile gara. Azkenaldian egunean 15.000 eta 20.000 deskarga artean izatea lortu dugu.

Zein da orain zuen asmoa?Helburu zehatzik ezarri al duzue 2013rako?

Erabiltzaile kopurua handitzea da asmoa, eta aplikazioa hobetzen jarraitzea. Hori bai, betiere erabiltzaileen iritziak entzunda. Hiru milioi erabiltzailetara heldu nahi dugu. Halaber, Latinoamerikako herrialdeetan hazten goazela ohartu garenez, han gure proiektua zabaldu nahi dugu; pixkanaka hedatzen joan.

Zertarako da Spotbros? Zer eskaintzen dio Sporbrosek erabiltzaileari?

Sakelako telefonoetarako berehalako mezuen doako aplikazioa da. Baina, horretaz gain, hainbat funtzio ditu. Alde batetik, shout [irrintzia] delakoa dago: hurbil dituzunei galderak egiteko. Eta beste aldetik, spot-ak daude: erabiltzaileen taldeak, gai zehatzen ingurukoak. Jendeak gustuko dituen zerbitzuak dira, eta gainontzeko aplikazioetan aurkituko ez dituenak.

Spot ugari sortu dira gainera.

Bai, dagoeneko 45.000 spot-etik gora sortu dituzte. Denetarikoak daude: aisia, gastronomia, ibilgailuentzako kontrol eta radarren ingurukoak… Badago lana bilatzen dabiltzanena, baita zerbitzuak trukatzeko baten bat ere. Esaterako, nik bati lorategia txukuntzen diot, eta hark etxe aldatzean laguntzen dit. Spot kuriosoak sortu dira. Gure leloa honako hau da: Lankidetzak gauzak gertatzea eragiten du.

Zeintzuk dira zuen zerbitzuaren bereizgarriak?

Alde batetik, gure negozio ereduak bi eremu elkartzen ditu: erabiltzaileak eta enpresak. Eredu praktikoa da, edozein momentutan eta ia edozertarako balio duen produktua dugu. Familia eta lagunekin berba egiteko balio du, eta, aldi berean, enpresekin kudeaketak egiteko. Bestalde, segurtasunari dagokionez ere, ezohiko zerbitzua dugu. Sakelako telefonoen sektorean egun gaudenen artean seguruenetakoak gara. Erabiltzaileen intimitatea babestu nahi genuela argi geneukan hasieratik. Horretarako, hainbat neurri hartu ditugu: mezu guztiak AES256 algoritmoarekin zifratzen ditugu [AEBek elkarrizketa militarrak zifratzeko erabiltzen duten algoritmo bera], 30 egunen buruan mezu, argazki eta gainontzeko edukiak ezabatzen ditugu, eta erabiltzaileen arteko harremanak nahitaez aldebikoa izan behar du. Hau da, erabiltzaile batekin hitz egiteko kontaktuen zerrendan izan behar duzu, bestela gonbidapen bat bidali eta onartu behar du.

Enpresen eta herritarren arteko bitartekari zarete hein batean.

Gure asmoa ez da zehazki bitartekari izatea, baina argi dugu Spotbros bezalako aplikazioak oso erabilgarriak direla eguneroko hainbat gauza egiteko. Esaterako, enpresa bati deitu edo mezu elektroniko bat bidali ordez, berehalako mezu bat bidaltzea aproposa da, erabiltzaileak ez baitu zentimorik gastatuko ezta mezu elektronikoa noiz erantzungo dioten itxaron beharko ere. Horregatik, gerora marka edo enpresa bakoitzak Spotbros barruan bere aplikazioa izatea gura dugu. Edozein zalantza argitzeko, zerbait galdetzeko edo bestelako gorabeherak konpontzeko baliagarria izan daiteke. Baita enpresek lan eskaintzak egiteko ere. Gainera, erabiltzaileen esku egongo da hartu-emana; norberak erabakiko du enpresaren batekin komunikatu gura duen, bai eta harreman hori noiz eten ere.

Azpimarratu duzue inoiz ez dela Spotbros erabiltzeagatik ordaindu beharko, baina hamabi langile zarete. Hortaz, nola lortzen duzue soldata ordaintzeko dirua?

Gaur-gaurkoz inbertsore pribatuekin finantzatzen dugu geure burua. Alabaina, aurten etekinak lortzen hasi nahiko genuke, fakturatzera iritsi.

Noiz eta nola sortu zenuten enpresa? Nola bururatu zitzaizuen ideia?

2011n, Londresen bidaia batean ginela, ez genekien non bazkaldu, eta lagun bati deitu genion. Orduan pentsatu genuen: nola liteke inguruan duzun norbaiti zerbait galdetzeko aplikaziorik ez izatea. Hortik, ideia lantzen hasi ginen; aplikazio hark izan zitzakeen zerbitzuez gogoeta egiten. Lagun pare bati ideia komentatu, eta eurak ere animatu ziren. Urtebete ibili ginen horrela, astia geneukanean, bakoitza bere kontura proiektua lantzen eta Skype bidez denon artean osatzen, sortzen, garatzen. Hala, iaz, urte hasieran, familia eta lagun artean dirua bildu, eta Madrilera etorri ginen. Etxe bat alokatu, eta bulegoa ere berton daukagu. Duela urtebete Android zuten telefonoentzat bertsio bat atera genuen nolako harrera zuen ikusteko. Gero, udan inbertsore gehiago lortu genituen, langileak kontratatu, eta urrian ofizialki merkaturatu genuen.