Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Eskamak kendu baino gehiago

Eskamak kendu baino gehiago

«Rafaela de Amezqueta» irakur daiteke, garai hartako grafiarekin idatzita. Rafaela Amezketa Renteria lekeitiarraren sinadura da. Bizkaiko Foru Agiritegian gordeta dagoen 1657ko agiri batetik hartutakoa da: arraina erosteko kontratu batekoa, hain zuzen. Sinaduraren inguruan, dokumentuetan topatu diren beste izen-abizen batzuk ere badaude, denak andreenak: Maria San Juan Goitiz, Maria Perez de Iarza, Maria Albiz, Ana Larrinaga, Marina Amezti eta Ana Unzueta. Izan ere, XVI. mendetik aurrera dokumentu ugaritan agertzen dira andreak: kofradietan arrain gordina erosten, eskabetxea egiten, soldatapeko emakumeak kontratatzen eta produktuaren merkaturatzea kudeatzen. Haiek izan ziren aitzindarietako batzuk. Ordutik gaur egunera, andreek kontserba industrian izan duten garrantzia azaleratzeko, Beti eskamak kentzen erakusketa dago ikusgai, apirilaren 25era arte, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako erakusketa aretoan.

Sartu eta eskumatara, bisitariak lehengo topatuko duen panelean daude sinadurak. Amaia Apraiz Sahagun eta Maria Romano Vallejo historialariek egindako ikerketaren emaitza da. Dokumentuen kopiak, argazki zaharrak eta gaur egungoak, lanerako tresnak eta arropak, kontserba latak… askotariko baliabideak erabili dituzte bost mendeko historia laburbiltzeko. Erakusketa atontzeaz gain, izen bereko liburua ere argitaratu dute historialari biek.

Maria Simon Renteria eta Pedro Amezketaren alaba zen Rafaela Amezketa. Senar-emazte bikoteak eskabetxe industria bat sortu zuen Lekeition. 1648tik aurrera, atun ugari eta milaka dozena bisigu errematatu zituen Maria Simon Renteriak Lekeitioko marinelen kofradian, eta guztiak eskabetxea egiteko erabili ziren. 1657an, alargun geratu zen Renteria, eta alaba Rafaela Amezketarekin egin zen negozioaren kargu. 1657an, ama hiltzean, alaba izan zen enpresaren ugazaba bakarra. 

Kontserba fabriketako langileen bizipenak jasotzen dituen dokumentala, 'Beti eskamak kentzen' erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Kontserba fabriketako langileen bizipenak jasotzen dituen dokumentala, ‘Beti eskamak kentzen’ erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

«XVI. eta XVII. mendeetako enpresariak ziren, negozio emakumeak. Horrek erakusten du andreak kontserba industrian ez direla soilik eskulangileak izan. Denetarik egiten zuten», azpimarratu du Maria Romano historialariak. Esaterako, Maria Perez Yarza lekeitiarra oso ezaguna izan zen XVI. mende bukaeran, ekoizten zituen produktuen kalitateagatik. Berak egiten zuen salerosketarekin eta ekoizpenarekin lotutako prozesu guztia. Agiritegian topatu dute zelan 1591n Alcala de Henaresko (Espainia) Pedro Muñozekin akordio bat egin zuen, Madrilera laurogei karga bisigu eskabetxe bidaltzeko. 

Askotariko zereginak

Bestelako lanak ere egiten zituzten andreek oso maskulinizatua zen portuan. Adibidez, Ondarroako Santa Klara kofradiako ordenantzak topatu dituzte, 1799koak. Romanok kontatu duenez, haietan zehazten da itsasontzi bat porturatzen zenean ontzian etorritako gizonezko bakoitzeko hiru andre behar zirela deskargarako eta eskabetxerako. Zenbat ordaindu behar zitzaien ere jasotzen dute ordenantzek: diruaz gain, ogia, ardoa eta txokolatea ematen zieten, eta batzuetan arropa ere bai. 

Romanok bereziki emakume bat azpimarratu gura izan du, haren ekinari esker delako gaur egungo kontserba eta eskabetxe industria den modukoa: Mundakako Magdalena Portuondo Beotegik bere txokoa du erakusketan. «Eskabetxera izateaz gain, hainbat negozio zituen Mundakan eta Bermeon. Itsasontzi bat ere bazuen arrantzarako. Senarra salatu zuen tratu txarrengatik, eta dibortziatu egin ziren». Hala ere, historiara pasatu bada, arrantzaleen kofradiek eskabetxe arloan zuten monopolioa salatu zuelako izan da, Romanoren esanetan. 1795ean, salatu egin zituen Gaztelako Errege Kontseilu Gorenean, eta negozioa liberalizatzea lortu zuen. Ordura arte, soilik kofradietako fabriketan egin zitekeen eskabetxea. Portuondoren garaipenari esker, familia enpresa ugari sortu ziren, batez ere andrezko beharginak zituztenak, eta horietako batzuetan emakumeak ziren enpresaburuak. XIX. mendean kontserba fabriken eztanda bat izan zen, izugarri ugaritu ziren eta.

(ID_14746219) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-03-06, Bilbo. Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan
Kontserba fabriketako argazkiak, tresnak eta langileen uniformeak. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Andre batzuk alargundu ondoren hasi ziren kudeaketa lanetan: Eulalia Nafarrate, 1854an, eta haren biloba Petra Aretxaga, 1902an, Ondarroako Corservas Ortiz lantegian; Francisca Alberdi eta haren alaba Cesarea eta Amaia Garavilla, 1934an, Lekeitioko Conservas Garavillan. Beste batzuek, aldiz, euren enpresak sortu zituzten: berbarako, Julia, Felicia, Eufemia eta Salome Campos Beotegi ahizpek Conservas Campos sortu zuten Bermeon 1921ean.

Agiriak eta bizipenak

Gaur egun kontserbagintza sektoreak indartsu dirau kostaldeko herrietan. Hegaluzearen kontserbagintzan eutsi egin zaio aurreko mendeetan andreek utzitako ondareari. Industria erabat feminizatua da, Amaia Apraiz historialariak azpimarratu duenez. Emakume asko XX. mendean hasi ziren lanean; beste batzuk, azken urteetan sartu dira. Haietako askoren testigantzak jaso dituzte erakusketan ikus daitekeen hogei minutuko dokumental batean. «Dokumentuetan topatutako historiaren aurrean, historia pertsonalak eta emozionalak ipini ahal izan ditugu, eta oso eskertuta gaude haien bizipenak kontatu dizkiguten andre hauekin», esan du Apraizek. 

XX. eta XXI. mendeetako langileek kontatu dute zer-nolako baldintzetan egin behar izan duten lan. Gehienak ume-umetan hasten ziren beharrean, 7, 8 edo 9 urte zituztela, eskolara joateari utzita edo eskolako orduak bukatutakoan. Lana gogorra baino gogorragoa izan da beharginentzat. Euren eskubideen alde gogor borrokatu ziren joan den mendean: lortu zituzten lan asegurua, amatasun baimena, kontratua, nomina… Gizaldi honetan ere badabiltza baldintza hobeak eskatzen eta irabazten. Apraizek eta Romanok argitalpenean jaso dutenez, 2020ko azterlan batek erakusten du gizonezkoek andrazkoek baino %12 gehiago kobratzen dutela kontserba fabriketan, lan berberagatik.

Aldatzen hasi den arren, arrantza mundua oraindik ere gizonezkoena da, eta arrainaren manipulazioa, andreena. Apraizen arabera, milaka andre ibili dira eta dabiltza kontserba fabriketan lanean, elikagaiak prestatzen. 2020an Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Bizkaian urte hartan 23 enpresa zeuden sektorean, eta 830 behargin —%70, andreak—.

dokumentaleko testigantzak

  • Maria Dolores Azkarate Kalzakorta (Ondarroa). «Nik egin nuen, lehenengo-lehenengo umetan, Gazagainean, 7-8 urtegaz. Ez nintzen ailegatzen mahaira, eta harria ipini zidaten behean. […] Gero, 10 urte geneuzkala, eskolan zuzendariari eskatzen genion baimena, eta zera egiten genuen: goizean eskolara joan, eta arratsaldean, fabrikara».
  • Emilia Sistiaga Allika (Bermeo). «Egoten zen sasoi bat behar asko zegoena. Guk eduki ere ez 14 urte [gazteagoek ezin zuten lanik egin], eta ikuskari batzuk etortzen ziren. Umeak non gorde edo non ostendu haiek ikuskariak joan arte? Hori Bermeon ere pasatu da, eta ez behin». 
  • Maria Rosario Azkarate Kalzakorta (Ondarroa). «Lehen asko kantatzen zen. Gainera, ugazaba ere pozik egoten zen entzuten. Alfredori asko gustatzen zitzaizkion hemengo kantak, Ondarroakoak, eta oso pozik egoten zen. Hori gero kendu egin da».
  • Margarita Urbieta Etxaburu (Ondarroa). «Urteak pasatu eta urteak pasatu, eta ez genuen aldizkako kontratu finkorik, ez genuen ezer, eta, txo, hemen ez gabiltza ondo. Eta hiru Bilbora joaten ginen, eta ez geunden afiliatuta. CCOOn sartu nintzen ni. Gu langile finkoak garela, nahi beste urtean lanean gabiltzala eta, baina guk lortu gura genuen. Eta gero nomina nahi genuen, hilekoa, hil osoko soldata. Eta, bueno, borroka asko egin genuen».
  • Aintzane Telleria Madariaga (Bermeo). «Gaueko hamabietan-eta sarri joan gara ni eta ahizpa, ama ez zelako agertzen: ‘Baina non demonio dago ama, ba?’. Garabillasen egoten ziren kutxak josten, goizaldeko orduetara arte».