Kokapen geografikoak, lurraren ezaugarriek eta itsasoaren gertutasunak berezi egiten dute Bakioko txakolina. Nortasun eta freskura handiko edaria da, eta, txakolin beltzaren kasuan, ardo atlantikoen artean sartu dute adituek. «Ardo atlantikorik badago, hori Bakiokoa da, itsasoaren hurbiltasunagatik», adierazi du Bakioko Doniene Gorrondona upategiko Itziar Insaustik. Bihar, sanjoseetako azoka egingo dute herrian, eta aspaldiko tradizioari jarraituz, txakolin berria aurkeztuko dute. Iaz, Bakioko txakolin beltzari bultzada bat ematea erabaki zuten —herrian, gorria esaten diote—. Aurten, Euskal Herrian estilo berekoak diren ardo beltz batzuk gonbidatu dituzte, eta euskal ardo atlantikoen topagune izango da azoka.
Aurkezpen ekitaldia 12:30ean izango da. Lur Errekondo kirolaria izango da aurtengo amabitxia. Bakioko Doniene Gorrondona, Zabala eta Abio upategietako txakolin beltzak ez ezik, Arabako Txakolina sor-markako Tantaka, Getariako Hiruzta (Gipuzkoa), Irulegiko (Nafarroa Beherea) Arretxea eta Kooperatiba upategietako ardo beltzak, Zamudioko Magalartekoak eta Lezamako Gozamenekoak ere dastatu ahal izango dira. Txakolin zuriek eta gorriek ere izango dute lekurik. Azoka lehenagotik egongo da zabalik, eta herriko abeltzainen eta inguruko nekazari eta eskulangileen postuez gozatu ahal izango da.
Insaustiren esanetan, ardo atlantikoak orain arte ezkutuan egon dira, baina orain interesa pizten dute: «Kontsumo joeretan aldaketa bat gertatzen ari da, eta gaur egun ardo freskoagoak edateko joera dago. Adibidez, beltzaren aurrean, gero eta ardo zuri gehiago edaten da gaur egun; garai batean, alderantziz gertatzen zen».
Egoera berri hori aprobetxatu gura dute, txakolinari eta, bereziki, txakolin beltzari bultzada bat emateko. Izan ere, Bakio estu lotuta egon da txakolin beltzari historikoki. «Gure herriak daukan berezitasun bat da». Gaur egun Bizkaiko Txakolina sor-markako upategien artean ekoizten duten txakolinaren %2 ere ez da beltza. Duela urte batzuk are txikiagoa zen ekoizpena. Baina Bakion beti eutsi diote beltzaren ekoizpenari, portzentaje txikian izan arren, merkatuak batez ere zuria eskatzen duelako. «Uste dut orain dela garaia harrotasunez esateko altxor txiki bat daukagula».

Eremu zabalean ekoizten dira ardo atlantikoak, Frantziako Loira eskualdean hasi eta Galiziaraino. Insaustiren esanetan, hainbat ezaugarri dituzte komunean: freskotasuna, ekoizle txikiak, ardo pertsonalak eta tokian tokiko mahats motak. Loiran (Frantzia), berbarako, cabernet franc mahatsarekin egiten dute ardoa. Irulegin, axeria eta bordalesa erabiltzen dituzte, batik bat. Txakolin beltza hondarrabi beltza motarekin egiten da. Hala ere, Insaustik nabarmendu du Bakion izen hori arrotza dela: «Sor-markak sortzean, Gipuzkoan erabiltzen zen izena nagusitu zen, baina hemen mota bat baino gehiago daude: berdexa baltza, berde sarie…».
Ardo atlantikoa ekoizten den lurraldeetan klima freskoagoa dago. Insaustik, ordea, ukatu egin du mahatsa ez denik behar bezala heltzen. «Garai batean hori uste zen: isuri atlantikoko lekuetan nola-halako ardoa egiten dela; hori esaten zen txakolinari buruz ere. Baina ikusi da guztiz kontrakoa dela. Hemen ditugun mahats motak hemengo klimara egokitu dira». Doniene Gorrondona upategiko kideak uste du txakolina egiteko erabiltzen diren mahatsak Errioxa aldera (Espainia) eroanez gero ez liratekeela egokituko. «Hemengo klimaren eta inguruaren ondorio dira gure mahats motak».
Ekoizle beste ardo
Insaustiren esanetan, bihar azokan egongo diren ardoak probatuko dituztenek ez dituzte ardo berdin bi topatuko. «Denek izango dute berezitasunen bat, ñabardurak, eta hori polita da». Berbarako, Bakion mahastiak itsasotik oso hurbil daude, eta nabaritzen zaie gazitasun sentsazio bat ahoan. Gainera, Bakioko ekoizleen artean ezberdintasunak daudela ere azpimarratu du: «Mahastiak ezberdinak izan daitezke, kudeaketa ezberdina izan daiteke, nahiz eta mahasti batetik bestera ehun metro egon. Noiz egiten den mahats bilketa, zelan egiten den hartzidura…; upategi bakoitzak bere filosofia eta egiteko erak ditu, eta hori asko nabaritzen da ardoan».

Bestelako bilakaerarik ere izan du txakolinak: garai batean gehiago zen ardo gaztea, baina gero eta gehiago ontzen uzten dute. Esaterako, Doniene Gorrondonan 2024ko mahatsarekin eginda ardo bakarra daukate botilaratuta eta merkaturatuta; besteak aurreko urteetakoak dira, onduak. Iazko mahats ekoizpena eskasa izan zen, oro har, txakolin ekoizleentzat, Insaustiren esanetan: eguraldiak ez zien lagundu. Loraldia ez zen izan, eta mahats gutxiago izan zuten. Gainera, irailean ohiko hego haizea falta izan zitzaien, mahatsa heltzen laguntzeko. Beraz, kopurua ohikoaren erdia baino txikiagoa da, eta heldutasuna ere ez da nahi luketen bestekoa. Hala ere, Insaustik adierazi du ardo itzelak ekoitzi dituztela.
Egun berezia izango da biharkoa Bakioko hiru upategientzat. Garai batean herriko baserri guztietan ekoizten zuten txakolina, eta San Jose egunean frontoian ematen zuten aurreko urteko mahatsarekin egindakoa probatzeko. 1990eko urteen hasieran, baina, txakolina ia desagertzear egon zen, eta azokarekin ere beste horrenbeste gertatu zen. San Jose eguneko aurkezpena berreskuratu zutenean, Bizkaiko Txakolina sor-markan zeuden Bakioko upategiak hasi ziren parte hartzen. «Jai handia da guretzat», esan du Insaustik. «Bakio herri txikia da, baina udan asko hazten da. Sanjoseetako azokan herri biak batzen dira: urte osoan berton bizi garenak eta udatiarrak. Jendetza batzen da, eta oso egun alaia izaten da».
BAKIOKO SANJOSEETAKO AZOKA
- Gaur, barikua.
- 18:30. Dastatze azaldua, Txakolingunean: Antzinako txakolinaren berpizkundea.
- Bihar, zapatua.
- 10:00. Azoka, Zubiaurrealden.
- 10:00-16:00. Doako bisita gidatuak, Txakolingunean.
- 11:00. Kalejira, Ondarren hasita.
- 12:30. Txakolin aurkezpena, Zubiaurrealden.
- 18:00. Fanfarrea, tabernetatik.
- 21:00. Idi probak, probalekuan.
- Etzi, domeka.
- 11:00. Bizkaiko herri kirolak, Zubiaurrealden.
- 13:30. Giza proba desafioa, bertsolariak eta Txerokiak, Zubiaurrealden.
- Astelehena.
- 21:00. Idi probak, probalekuan.
- Eguaztena. San Jose.
- 12:00. Pintxo-potea, Gure Etxean.
- 12:30. Txakolin dastatzea, Gure Etxean.
- 17:00. Talo tailerra eta egurrezko jokoak, eskolan.
- 21:00. Idi probak, probalekuan.