Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Itsasadarra, natura eta auzoa, ongizaterako bermeak

Itsasadarra, natura eta auzoa, ongizaterako bermeak

Hirian bizitzeak ez du zertan kaltegarria izan ongizatearentzat; kontrara, badaude osasun emozionalari mesede egiten dioten tokiak. Hala ondorioztatu du Bilboko Metropoli 30 erakundeak Urban Psychology azterketan. Zehazki, emaitzen arabera, naturarekin lotutako guneek, kultur esparruek eta norbere auzoko eremuek egiten diete ekarpenik handiena biztanleei. Horiez gain, gune konkretu batzuk ere nabarmendu dituzte azterketan: parte hartzaile askok itsasadarra jo dute elementu identitario nagusitzat, eta Bilbon bizi ez diren makina batek hiriburuko txokoak aukeratu ditu —batik bat, Nerbioi Garaia eta Txorierri eskualdeetako herritarrek—. «Oso agerikoa da hiriburuak gainerako metropoliarentzat duen efektu sinbolikoa, eta indartsuagoa egiten da Bilbotik gertuen dauden eremuetan», azaldu du Idoia Postigo Bilboko Metropoli 30 erakundeko zuzendari nagusiak.

[articles:2138694]

Inkestekin eta eztabaida taldeekin ondu dute lana: guztira, Bilboko metropolialdeko herrietako 1.375 lagunek parte hartu dute —18 urtetik gorakoak dira denak—. Hainbat erakunderen laguntza jaso du ikerketak: EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Bizkaiko UNED, Bizkaiko Psikologia Elkargoa eta EDE fundazioa —azken hori arduratu da inkestak egiteaz eta laguntza teknikoaz—. Atzo zortzi aurkeztu zituzten ondorioak, Deustuko Unibertsitatearen Crai eraikinean, Bilbon.

Hiru arloren inguruan galdetu diete parte hartzaileei: nora joaten diren emozioak erregulatzeko premia dutenean, nora beste pertsona batzuekin topo egin nahi dutenean, eta zein tokik motibatzen dituen etorkizunera begira.

«Hirietan, ‘civitas’ deritzona ere badago: eremu bat partekatzen dutenen artean ehuntzen diren jarrera eta harremanen multzoa»

IDOIA POSTIGO Bilboko Metropoli 30 erakundeko zuzendari nagusia

Emozioen kudeaketari dagokionez, naturaguneak gailendu dira, inkestatuen %37,3 mendira, hondartzara eta naturan dauden pasealekuetara joaten baitira atseden bila; sarritan aipatu dituzte Bilbo inguruko Artxanda eta Pagasarri mendiak eta Getxoko Punta Galea lurmuturra, kasurako. Bizilekutik hurbilago, hiriko parkeak, plazak eta pasealekuak hautatzen dituzte %28,6k, hala nola Bilboko Casilda Iturrizar parkea. Leku horiek irisgarriak eta erakargarriak direla balioetsi dute, hurbil daudela, isilak eta lasaiak direla, baita inklusiboak eta komunitateari irekiak ere.

Berdeguneen beharra

Erlazionatzeko, gertuko espazioak aukeratzen dituzte nagusiki: %18,2rentzat, hiriko parkeak, plazak eta pasealekuak dira gizarte elkarreraginerako leku nagusiak, eta auzoak eta kaleak lehenetsi dituzte %15,5ek. Lekuok topaketak sustatzen dituzte, seguruak dira, eta aisialdi pribatuko eskaintza interesgarria izaten dute, parte hartzaileen irudiko.

Eta aurrera begira, auzoak eta kaleak izan dira nagusi, orobat. Izan ere, biztanleen %29,1ek adierazi dute han kokatzen direla etorkizunari buruzko gogoeta eragiten eta sustatzen duten leku gehienak. Bilboko Zorrotzaurre uhartea eta San Mames estadioa dira adibideetako batzuk, eta itsasadarra eta Barakaldoko BEC ere begi onez ikusten dituzte inkestatuek. «Sormena eta pentsamendua inspiratzeko duten gaitasunagatik nabarmentzen dira», azterketaren egileek azpimarratu dutenez. Gainera, haien malgutasunari esker, azpiegitura eta diseinua egokitu daitezke, komunitatearen garaian garaiko beharrei erantzun ahal izateko.

Bi lagun Bilboko Casilda parkean, iazko otsailaren 24an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bi lagun Bilboko Casilda parkean, iazko otsailean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Naturaguneak ere etorkizunerako gakotzat jo dituzte, eta onetsi egin dituzte garraioan egingo diren esku hartzeak: esaterako, Bizkaiko bidegorri sarea, trenbide pasaguneen ezabaketa, Bilboko Metroaren hedapena eta oinezkoentzako eremuak berreskuratuko dituzten beste proiektu batzuk.

Oro har, emaitzei erreparatuta, biztanleek gustuko dute metropolialdean bizitzea. Izan ere, galdekatutakoen %82,3k 7tik gorako asebetetze maila dute —0tik 10era bitarteko eskala batean—, eta %42,6k, 9 edo 10ekoa. Inklusioa eta aniztasuna, arkitektura, kultura eta irisgarritasuna baloratzen dituzte gehien, eta uste dute batik bat berrikuntza, natura eta berdeguneak falta direla.

Hiriak ongizate emozionalean duen eragin positiboa hobetze aldera, azterketaren egileek gomendio batzuk proposatu dituzte. Naturaguneak sustatzearen alde egin dute; batez ere, hiriaren barruan. «Batzuetan, uste dugu hiria eta natura bateraezinak direla, eta ez da hala, hirietan naturaren presentzia behar baitugu», Marce Masa EDE fundazioko Eragin eta Estrategia koordinatzailearen berbetan. Bestalde, premiazkotzat jo dute eremu publikoa demokratizatzea, azpiegitura malguak eta egokigarriak lehenestea, topaguneak deszentralizatu eta erdigunetik kanpo ere sakabanatzea, herritarren parte hartzea sustatzea hiriaren diseinuan eta eremu publikoaren plangintzan, eta hirien eta herrien arteko lotura erraztea.

Hirigintzaz, psikologian oinarrituta

Urgentziaz heldu beharreko gai bat da edozelan ere, biztanle gehienek hirian egin baitute habia dagoeneko, eta hiritarren kopuruak gora egingo baitu datozen urteetan: adituen arabera, 2050ean munduko biztanleen bi heren biziko dira hirietan. Horiek horrela, hiriak biztanleengan duen eraginari erreparatu diote ikerlari askok. «Ohitu gara pentsatzera hiria eraikinei dagokien partea dela bakarrik, alde fisikoa», ñabartu du Postigok. «Eta hori da oinarria, baina, horrez gain, civitas deritzona ere badago: eremu bat partekatzen dutenen artean ehuntzen diren jarrera eta harremanen multzoa». Ehundura horretan arakatzeko, Bilboko Metropoli 30 erakundeak bestelako diziplina batzuetatik ere begiratzen dio hirigintzari, hala nola psikologiatik, filosofiatik eta soziologiatik.

«Batzuetan, uste dugu hiria eta natura bateraezinak direla, eta ez da hala, hirietan naturaren presentzia behar baitugu»

MARCE MASA EDE fundazioko Eragin eta Estrategia koordinatzailea

Hiri psikologiaren esparruan, zehazki, erakundeak lau arlo nagusi identifikatu ditu. Lehenik eta behin, hiriaren identitateak lotura du leku bat definitu eta berezi egiten duten ezaugarriekin. «Toki horretan daudenen identitateen batura da, eta negoziazio tazitoekin eraikitzen da», Postigoren iritziz. Kontrako norabidean ere eragiten du: alegia, hiriak ere osatu egiten du han bizi direnen nortasuna, eta parte izatearen sentipena sortzen die. «Oraingo mundu global eta teknologiko honetan, kurioski, gero eta indar handiagoa dute norberaren kaleak, auzoak, komunitateak. Pertsonok aingura hori behar dugu». Horrela sortzen da topofilia, hau da, norberaren hiri edo herriarekiko maitasuna, denek baitituzte toki jakin batzuetara lotutako oroitzapenak. Eta eremuaren eta norberaren arteko elkarreragina ere ez da munta txikikoa. «Eguneroko interakzioekin inpaktu bat sortzen dugu», Postigok ebatzi duenez.

Arlo horietan oinarritu dute, hain justu, Urban Psychology azterketa, eta behatzen saiatu dira zein espazio jakinetan mamitzen diren Daniel Goleman psikologoaren arabera adimen emozionalaren zutabeak diren bost gaitasunak: norbere buruaren ezagutza, autokudeaketa, gizarte trebetasunak, enpatia eta motibazioa.