Martxan da Durangaldeko Zarea, euskararen ataria

Durangaldean abian jarri dute euskararen arloan egiten diren ekintza, proiektu eta agenda bilduko dituen webgune bat: Zarea ataria aurkeztu dute asteon, Durangaldeko euskararen sarea (www.durangaldeaeuskaraz.eu). Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko euskara zerbitzuak eta batzorde teknikoak sustatu dute proiektua. Azken horren bidez, mankomunitateko udaletako euskara eta kultur teknikariek hartu dute parte: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar. Iaztik dabiltza lanean, eta duela astebete jarri zuten martxan.

Eskualdean dauden euskarazko baliabideak zabaltzea da webgunearen xedea. “Hainbat gauza egiten dira Durangaldean euskararen arloan, baina askotan ez dugu jakiten herri bakoitzean zer egiten den”, azaldu du Enara Bellosok, Amankomunazgoko euskara teknikariak. Antolatzen diren ekintzak eta eskualdeko albisteak biltzea da Zarearen helburu nagusia, eta hortik datorkio izena atariari: “Zarea hitza, Durangaldeko euskalkian, saski edo otzara mota bat da. Hitz jokoa egin genuen; zarea zetarekin, eta sarea esearekin”.

Egitasmoa “irekia” dela azaldu du Bellosok. Mankomunitatetik kudeatzen duten arren, bertako helbidera berriak bidaltzeko aukera dago. “Edozein elkartek zein pertsonak argitaratu ditzake bere ekitaldiak, betiere Durangaldekoak badira”. Eskualderako “tresna baliagarria” izatea “ezinbestekoa” dela nabarmendu du Bellosok. Hartara, Zarea hainbat ataletan dago banatuta: agenda, soziolinguistika, diru laguntzak, toponimia, argitalpenak, eta euskara bultzatzeko egitasmoak, besteak beste. Euskara zerbitzutik kudeatutako proiektuak ere badaude; Elorrion, esaterako, Apelliduak abizendu egitasmoa, eta Geurien euskara hitzarmena.