Nekez irudika daiteke zapaltzen den lurraren azpian zerbait egon litekeela. Berez, baina, hainbat arrasto daude gordeta. Historia bera dago ezkutuan. Plentziako Edestiaurre arkeologia elkarteak hamar urte daramatza aztarna horiek ikertzen, sortu zenetik. Ibilbide horretan, askotariko aurkikuntzak egin dituzte, eta efemeride biribila baliatu dute egindako lanen errepasoa egiteko, argazki erakusketa baten bitartez. Urtarrilaren 25era arte bisitatu ahal izango da, Plentziako Goñi kultur etxean, eta, handik, erakusketa Uribe Kostako beste herri batzuetara lekualdatzeko asmoa dute.
Berriatuko Atxurrako haitzuloan egin zuen Edestiaurrek lehenengo indusketa, 2015ean. Diego Garate Maidagan aritu zen zuzendari, eta 14.000 urtetik gora dituzten labar pinturak aurkitu zituzten. Iñaki Libano Edestiaurre arkeologia elkarteko presidenteak kontatu duenez, triangulazio bat egin zuten haren ondotik, eta Armiñako (Berriatua), Lumentxako (Ispaster) eta Abittagako (Amoroto) haitzuloak aztertu zituzten. Urte askoan Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografoa aritu zen inguru hori miatzen, baina ez zuen ezer aurkitu. Teknologiak izan duen aurrerapena nabarmendu du elkarteko presidenteak: «Garai batekoarekin alderatuta, gaur egun oso bestelakoa da lan arkeologikoa: argiztapen sistema oso onak eta teknika garatuagoak erabiltzen dira. Oso era zehatzean lan egiten da, eta formakuntza handiagoa dago».
«Garai batekoarekin alderatuta, gaur egun oso bestelakoa da lan arkeologikoa: argiztapen sistema oso onak eta teknika garatuagoak erabiltzen dira»
IÑAKI LIBANO Plentziako Edestiaurre arkeologia elkarteko presidentea
Barrikako Aranbaltzako aztarnategian ere 2015ean hasi zituzten indusketa lanak: neandertalen kanpalekua izan zen duela 100.000-80.000 urte. «Egindako aurkikuntzekin euforiko geunden, eta indarrak batu behar genituela ohartu ginen. Horrela sortu genuen Edestiaurre arkeologia elkartea», oroitu du.
Lagun talde bat egon zen elkartearen hastapenetan. Hamabost kide ziren denera, eta unibertsitateko irakasleak eta ikertzaileak ziren gehienak. Alabaina, bazeuden taldean Burgosko (Espainia) Gizakiaren Ikerketa Zentroko kideak ere. «Bizkaiko eta Euskal Herriko ondarea ikertzea, zabaltzea, mantentzea eta babestea izan da betidanik gure asmoa», esan du Libanok. Dena den, Espainian eta Frantzian ere aritu izan dira lanean. Gaur egun, 70 kide inguru dira, eta denak boluntario aritzen dira.
«Arkeologia esperimentalaren bitartez, aurkitutako piezak nola egiten ziren eta zertarako erabiltzen ziren jakin daiteke. Gainera, harriaren lanketak nolako eboluzioa izan duen ere ikus daiteke»
IÑAKI LIBANO Plentziako Edestiaurre arkeologia elkarteko presidentea
Egindako lanen argazkiak erakusteaz gainera, indusketetan aurkitutako materialen bat edo beste ere ikus daiteke aretoan.
Eskualdean dute altxorra
Edestiaurre arkeologia elkartea 2015ean sortu zuten, baina Libanok zehaztu du 1979an hasi zirela Uribe Kostan ikerketak egiten. Harrezkero, historiaurreko 70 aztarnategi inguru topatu ditu eskualdean, Behe Paleolitotik hasi eta erromatarren garaira arte. «Uribe Kosta da aire zabaleko aztarnategi arkeologiko gehien duen lekua», nabarmendu du elkarteko presidenteak. Horren erakusgarri da Barrikako Zabaletxe 22 aztarnategia. Libanok duela 40 urte aurkitu zuen «material esanguratsuz» sortutako «estraktu bat» Meñakotz hondartzaren gainean. «Silex materiala zen; harri ezpalak eta puntak aurkitu nituen», oroitu du.
2023an hasi ziren aztarnategi hori ikertzen, eta 40.000 urte inguru zituen silex tailer bat aurkitu zuten, Chatelperron garaikoa. «Neandertalen eta Homo sapiens-en trantsizioa izan zen Chatelperron aldia». Garai hartako erreminta guztiak zeuden silex materialarekin eginda; izan ere, haien lehengaia zen. Barrikan aurkitutako tailerrean, ehizarako tresnak egiten zituzten. Alabaina, Sopelako Moreagakoa da Edestiaurreko kideek eskualdean, oraingoz, topatu duten aztarnategirik zaharrena: duela 400.000 bat urteko aztarnak aurkitu zituzten.
Barrikako Zabaletxe 22 aztarnategian egindako indusketa lanak, 2023an. EDESTIAURRE ARKEOLOGIA ELKARTEA
Iaz, Plentziako alde zaharrean ere egin zituzten indusketak. Goienkale 12-14 atarian igogailu bat jartzekoak ziren, eta 1,3 metroko sakoneran indusketak egiteko baliatu zuten aukera. Libanok kontatu duenez, egindako indusketak ez du aurkikuntza arkeologiko zuzenik erakutsi, baina lortutako datuek Plentziaren hiri garapena hobeto ulertzeko balio izan du.
Plentziako Goienkaleko 12-14 atarian egindako indusketei zuzendutako panel bat, urtarrilaren 14an, Plentziako Goñi kultur etxean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Esperimentazioaren bidetik
Aztarnategiak aurkitzeaz gainera, esperimentazioaren arloan ere zentratu da azken urteotan Libano. Izan ere, materialak aurkitzeaz gain, «garrantzitsua» da aurkitutako materialen nondik norakoak ezagutzea, elkarteko presidentearen hitzetan: «Arkeologia esperimentalaren bitartez, aurkitutako piezak nola egiten ziren eta zertarako erabiltzen ziren jakin daiteke. Gainera, harriaren lanketak nolako eboluzioa izan duen ere ikus daiteke».
Erakusketan, mahai baten gainean kokatu dituzte esperimentazioaren bitartez ondu dituen materialak. Besteak beste, perkusiozko tresnak eta ehizarako materialak identifikatu daitezke bertan. Libanoren arabera, Bizkaian «jende oso gutxik» jorratzen du arkeologia esperimentala, eta horretan sakontzeko hainbat ikastaro antolatzen ditu.
Aurrerantzean ere lanean jarraitzeko asmoa du Edestiaurre arkeologia elkarteak. Oraingoz, Gaztelumendiko (Larrabetzu) ingurua aztertzen segituko dute. 2021eko udan hasi zituzten indusketa lanak Eperlanda II kokagunean, eta lau metrailadore kokagune aztertzea dute helburu. Otsailaren 6an, aurkikuntzen berri emango dute, Larrabetzun.