Aldiriak konektatzeko tren gehiago

Aldiriak konektatzeko tren gehiago

​Renferen aldiriak Eusko Jaurlaritzaren eskumena izango dira aurrerantzean. Urtarrilaren 1etik, Jaurlaritzak EAEn dauden bost linea kudeatzen ditu: hain zuzen ere, Bilbo Santurtzirekin, Muskizekin, Urduñarekin eta Balmasedarekin lotzen dituzten C1, C2, C3 eta C4 lineak, eta, Gipuzkoan, Irun Legazpirekin lotzen duena. 

Guztira, bost linea horietan, 22 milioi bidaia inguru egiten dira urtero, eta, jakinarazi dutenez, lau hilean behin hamasei bidaia edo gehiago egiten dituzten bidaiarientzat doakoa izaten jarraituko du zerbitzuak; gutxienez, uztailera arte. 

Eskumen eskualdatzearen albistearekin batera iragarri zuten Urduña eta Bilbo lotzen duen linean, C3an, hobekuntzak egingo zituztela. Horren erakusgarri, hainbat aldaketa daude ordutegietan abenduaren azken egunetatik. Hobekuntzetako batzuk aipatzearren, domeketan eta jaiegunetan tren kopurua 55etik 76ra areagotu da, ordu erdian behin tren zerbitzu bat izateko. Erabiltzaileek aldaketa nabaritu dute: iaz, igandeetan, Urduñatik irteteko trena galduz gero edo zerbitzua bertan behera geratzen bazen, ordubete itxaron behar izaten zuten; hilabete hasieratik, ordu erdi.

Aste barruko zerbitzuak ere handitu dituzte. Gainera, astelehenetik ostiralera, egun bakoitzeko, hamasei Civis zerbitzu gehitu dituzte

Aste barruko zerbitzuak ere areagotu dituzte. Gainera, astelehenetik ostiralera, egun bakoitzeko, hamasei Civis zerbitzu gehitu dituzte; norabide bakoitzean, zortzi. Ohiko trenak dira horiek, baina geldialdiak soilik bederatzi geltoki jendetsuenetan egiten dituzte. Zehatzago, hauetan dituzte geldialdiak Civis zerbitzuek: Abandon (Bilbo), Miribillan (Bilbo), Bidebieta-Basaurin, Arrigorriagan, Ugaon, Aretan (Laudio, Araba), Laudion, Amurrion (Araba) eta Urduñan. 

Zerbitzu horiek, geldialdi gutxiago dituztenez, gainontzekoek baino bidaia azkarragoak egiten dituzte. Ibilbidearen punta batetik bestera joaten direnek nabarituko dute gehienbat: Urduña-Bilbo bidaia arrunta 54 minutu ingurukoa da, baina Civis zerbitzuarekin, hiru ordu laurdenean egiten dute. 

Civis zerbitzuak, halere, ez ditu bidaiari guztiak jarri kontent. Trenok gelditzen ez diren geltokietako bat da Luiaondokoa, Araban. Horretaz kexu izan dira geltoki hori erabiltzen duten aiararrak, Aiaraldea komunikabideak jaso duenez. Zehazki, Renfek asmoa zuen gutxienez ordu erdian behin Urduña eta Bilbo lotzeko, baina Luiaondon «tren bat dago 07:18an eta beste bat 07:54an; hau da, ordu erdi baino gehiagora». 

Tren gehiago, atzerapen gutxiago 

Laudiotik Bilborako zatian, Renfek ordu laurdenean behin jarri du zerbitzua jende gehien pilatzen den orduetan. Ariane Alvarezek egunero hartzen du trena Abandotik Bidebieta-Basaurira joateko, eta aldaketa nabaritu du. «Gainera, aurreko urtean, 20 edo 30 minutu inguruko atzerapen batzuk izan ziren», gogoratu du; «aurten, puntual-puntual abiatzen ari dira denak». 

Oro har, erabiltzaileak konforme daude zerbitzuak areagotzearekin, baina nabaritu dute oraindik nolabaiteko atzerapenak izaten direla. Nabarmendu dutenez, atzerapenak eta zerbitzu uzteak ez dira pandemia ostetik izan diren beste, baina bidaiari batzuek esan dute oraindik ere badaudela. Horien artean da Pilar Muñoz: Abandotik Arrigorriagarako bidea egin izan du azken egunetan, eta, goizeko zerbitzuarekin pozik agertu den arren, esan du gauean 5-10 minutuko atzerapenak izaten direla.

Oro har, erabiltzaileak konforme daude zerbitzuak handitzearekin, baina nabaritu dute oraindik nolabaiteko atzerapenak izaten direla

Balmaseda eta Bilbo lotzen dituen lineak ere hobekuntzak izango dituela iragarri dute administrazioek. Izan ere, Arangurendik Karrantzara joateko tren transbordadoreak jarriko dituzte; egunero bost zerbitzu, bi noranzkoetan. 

Gaueko zerbitzurik gabe 

Pandemia garaian C3 lineako asteburuetako gaueko trenak kendu zituztenetik, ez dute zerbitzu hori berriro eskaini. Orduz geroztik, Bilbotik itzultzeko azken trena 23:35ean da, aste barruan zein asteburu edo jaiegunetan. Ostiral eta larunbat gauetan tren hori galduz gero, ia goizeko laurak arte itxaron behar dute etxera itzultzeko zerbitzu hori beste baliabiderik ez dutenek. 

Horren harira, 2023ko urrian, herritar batzuk sinadurak biltzen hasi ziren asteburuetako gaueko C3 lineako tren zerbitzua berreskuratzeko, eta ia 3.500 sinadura bildu dituzte. Sinadurarekin batera egin zuten eskaerak argudiatzen duenez, tren zerbitzu horrek mugikortasun segurua, irisgarria, merkea eta ekologikoki jasangarria eskaintzen du, eta bertan behera uzteak «eragin handia» izan du bizilagunen «bizi kalitatean eta segurtasunean». Eskaeran salatu dutenez, ordutik «ezin dira etxera bueltatu lanaren edota aisialdiaren ostean». 

Irisgarritasuna kolokan 

Mugitzeko arazoak dituztenentzako trenak urrun geratzen dira. Maria Luisa Goikoetxea urduñarra arrapala mugikor bat lortu arte borrokatu zen, eta erdietsi zuen. «Asteartero Bilbora joan behar izaten dut, eta erregina baten moduan tratatzen naute», azaldu du. Aldez aurretik abisatzen du noiz erabili behar duen trena, eta arrapala mugikorrarekin aurkitzen ditu zain langileak. Alabaina, Goikoetxeak deitoratu du mugikortasun arazoak dituen erabiltzaile bakarra dela, gainontzeko guztiek ez baitute zerbitzua erabiltzea lortu, hori eskatzeko sinadura bilketak eta hainbat protesta antolatu badituzte ere. 

Zerbitzuaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen arren, azpiegiturak Espainiako Gobernuaren esku jarraitzen du, Adifek kudeatuta. Susana García Txueka Mugikortasun Jasangarriko sailburuak esan duenez, zerbitzuaren irisgarritasuna hobetzea dute helburuetako bat.