Kezka zenbaterainokoa den ohartzeko, nahikoa da ikustea atxikipenak zein bizkor ugaritu diren: 2019an sortu zuten Gipuzkoan Altxa Burua egitasmoa, haurrak eta nerabeak sakelako adimendunetik babesteko eta gailu horrek eragin diezazkiekeen kalteez ohartarazteko, eta, azken bi urteetan, Euskal Herriko beste lurraldeetara hedatu da proiektua. Bizkaian, taldeak daude jada Ondarroan, Markina-Xemeinen, Elorrion eta Lekeition, besteak beste. Lekeition, gainera, beste urrats bat egin dute: Geurea erabil dezakezu kanpaina abiatu dute, herriko udalaren eta Kitto merkatarien elkartearen babesarekin. Haurrek eta nerabeek saltokietako telefonoak doan erabili ahalko dituzte gurasoekin edo beste norbaitekin harremanetan jartzeko, dendan ezer erosi beharrik gabe ere.
Iazko irailean sortu zuten taldea Lekeition, eta ia berehala etorri da kanpaina, hasiera-hasieratik zituztelako asmoa eta urgentzia. «Ikusten genuen albait arinen hasi behar genuela, Gabonak zetozen eta», kontatu du Lekeitioko Altza Burua taldeko kide Danele Roblesek. «Gabonetan sakelakoak ere oparitu ohi dira, eta jendeak ikusi behar zuen umeek ez dutela zertan telefonorik eduki, saltokietan ematen dietelako deiak egiteko modua». Lekeitioko saltoki denekin jarri ziren harremanetan, eta guztiak batu dira: 114, zehazki. Urtebeteko probaldia egingo dute.
Lekeitioko Altza Burua taldeko kide batzuk, iazko argazki batean. LEKEITIOKO UDALA
Helburu praktikoa izateaz gain, kanpainak sentsibilizazioa ere landu nahi du, eta sakelakoaren afera hizpidera ekartzeko aprobetxatuko dute. Adibide itxaropentsuak daude. Altxa Burua elkartearen Tolosako (Gipuzkoa) taldea izan zen aitzindaria. 2023ko irailean abiatu zuten kanpaina han, eta, harrezkero, bide beretik jo dute hainbat herritan, batik bat Gipuzkoan. Miren Ros hezitzaile eta Gipuzkoako Altxa Burua elkarteko bozeramailearen arabera, harrera «oso-oso ona» izan du herriotan, oro har. «Uste nuen haurrek oso gutxi erabiliko zutela, ez dutelako behar, eta sorpresa batzuk izan ditugu». Apenas erabiltzen ez den tokietan ere, kanpainak lortu du gaiari buruzko interesa piztea, hezitzaileak nabarmendu duenez.
Haurrei eta nerabeei sakelakoa emateko adina atzeratzea da Altxa Burua elkartearen helburuetako bat; kideen iritziz, 16 urtetik aurrera eskuratu beharko lukete sakelakoa, ez lehenago. Salbuespenak badaude, noski: adibidez, haurrak desgaitasunen bat badu, edo hirigunetik urrun bizi bada eta gurasoek haren bila joan behar badute, litekeena da premia izatea. Halako kasuak gutxi batzuk baino ez dira, ordea. Gainerakoek zertarako behar dute gailua? Lasaitasuna aipatzen dute gurasoek eta nerabeek argudio nagusi gisa: haurra kalean dagoenean, zerbait gertatzen bazaio edo larrialdirik baldin badu, sakelakoari esker errazagoa izango zaio gurasoekin harremanetan jartzea. «Gurasoei eta ikasleei ematen dizkiedan formakuntza saioetan, arrazoi horixe aipatzen dute gehien: gurasoek, beldurragatik, smartphone bat edo erloju adimendun bat ematen diete seme-alabei», esan du Rosek.
«Ikusten genuen albait arinen hasi behar genuela, Gabonak zetozen eta. Gabonetan sakelakoak ere oparitu ohi dira, eta jendeak ikusi behar zuen umeek ez dutela zertan telefonorik eduki, saltokietan ematen dietelako deiak egiteko modua»
DANELE ROBLES Lekeitioko Altza Burua taldeko kidea
Lekeition ere berbera da aitzakia, Roblesek jakinarazi duenez, kanpaina abiatu aurretik egindako diagnostikoan oinarrituta. Horrela, herriko saltokietako telefonoak haurren eskura baleude, ez lukete sakelakoa izateko beharrik, hark argudiatu duenez. «Umeak lasai egongo dira, badakitelako edozer gertatuz gero saltokietara joan ahalko direla; eta gurasoek ere badakite edozer gauza gertatuta ere berehala enteratuko direla». Datorren hilabetean, gai berarekin lotutako beste proiektu bat abiatzeko asmoa dute Lekeition: Mugikorrik gabeko guneak, Lea-Artibaiko mankomunitateak bultzatua.
Segurtasun «faltsua»
Dena den, Ros hezitzailearen irudiko, «faltsua» da sakelakoak ematen dien segurtasun pertzepzioa, eta, gainera, kezkagarria deritzo horrekin helarazten den mezuari. «‘Gailua badaezpada eman dizut, zerbait gertatzen bada’. Eta badaezpada horrekin transmititzen ari gara, lehendabizi, herria arriskutsua dela, eta, gainera, gailu horrek gaztea salbatuko duela». Muturreko egoera bat esplikatuta gezurtatzen du uste hori ikasleekin egiten dituen saioetan: etxera bakarrik doazenean, jabetzen badira norbait segika dabilkiela, zer egingo dute? Telefonoa hartu eta gurasoei deitu? Eta erantzuten ez badute, edo herritik kanpo badaude, lanagatik, adibidez? «Garrasi egin beharko dute, korrika atera, beste heldu batzuengana jo, denda baten sartu…».
Lekeitioko haur eta nerabe GEHIENEK ez dute sakelakorik
Lekeitioko Altza Burua taldea sortzearekin batera, diagnostiko bat egin zuten herriko ikastetxeetan, jakiteko zenbat ikaslek duten sakelako telefonoa. Lehen Hezkuntzako 1. mailatik Bigarren Hezkuntzako 2.era arteko haurrei galdetu zieten —6 urtetik 14 urtera—, eta, erantzunen arabera, gehienei ez diete gailua eman oraindik. LHko 247 ikasle itaundu zituzten, eta hamarrek baino ez dute sakelakoa. DBHko ikasleen artean, 94tik 25ek daukate.
Hau da, beste baliabide batzuk beharko dituzte. Baina, Rosen berbei erreparatuta, sakelakoa erabiltzea oztopo izaten da, justu, bestelako alternatibak bururatzeko. Alegia, kalte egiten dio autonomiari. «Sakelakoak oso praktikoak eta erosoak dira, baina ez dugu ahaztu behar gazteak hazten eta garatzen ari direla, eta horrelako gailu bat izanda gauza asko ez direla martxan jartzen haien garapenean». Konponbideak topatzeko gai izan daitezen, nerabeek pauso txikiak egin behar dituzte: adibidez, haur batzuei lotsa emango die saltoki batera sartu eta telefonoa eskatzeak lehenengo aldian, baina hurrengoetan ez dira hain deseroso egongo.
Autonomia ez ezik, beste gaitasun batzuk ere kamusten dituzte sakelakoek eta erloju adimendunek, hezitzailearen esanetan. «Ikasle gehien-gehienek ez dute egoki erabiltzen», ondorioztatu du, formakuntza saioetako esperientziak gogoan. Telefonoa erabiltzen baitute, esaterako, gurasoei abisatzeko ezarritako ordua baino apur bat geroago helduko direla etxera. «Beste gauza asko ere badaude: ez dituzte ardurak betetzen, deitzeko aukera dute eta; puntualtasuna ere ez da lantzen…». Halaber, «osasuntsuak» ez diren jokamoldeak izaten dituzte guraso batzuek, Rosek aletu duenez: beste parke batera joanez gero, abisatzeko eskatzen diete haurrei; seme-alabak non dauden kontrolatzen dute GPSaren bitartez…
Guztien kontua
Gurasoek osatzen dituzte, funtsean, Altxa Burua sareko taldeak, eta ikastetxeak ere inplikatzen dituzte, hala nola heziketa saioen bitartez. Geurea erabil dezakezu-k, baina, beste ertz bat gehitzen dio aferari, hirugarrena: herria. Ardura hedatzea baitakar kanpainak, komunitatearen kontu ere bilakatzen du, eta ez soilik gurasoen eta ikastetxeen buruhauste. «Haurrak denon artean zaindu behar ditugu. Afrikar esaera batek dioen bezala: haur bat hezteko, tribu osoa behar da», azpimarratu du Rosek. Gizarte «gero eta indibidualistago» bati kontra egin, eta haurrek esparru publikoa berreskuratzea da asmoa, etxetik kanpo ere izan ditzaten erreferentziazko beste heldu batzuk, sor dadila haienganako konfiantza eta gertutasuna.
«Sakelakoak oso praktikoak eta erosoak dira, baina ez dugu ahaztu behar gazteak hazten eta garatzen ari direla, eta horrelako gailu bat izanda gauza asko ez direla martxan jartzen haien garapenean»
MIREN ROS Hezitzailea eta Gipuzkoako Altxa Burua elkarteko kidea
Aralde liburu denda da Lekeitioko kanpainara atxiki den saltokietako bat. Sandra Irigoien jabeak komunitatearen erantzukizuna onartu du sakelakoen kontuan. Guraso izanda, gainera, ezaguna zaio kezka. «Adikzioa sortzen du, sortzen digu», aitortu du, eta uste du kanpainak balio dezakeela «dependentzia» txikiagoa izateko. «Gure denboran, telefono kabinak egoten ziren kalean. Orain, ez dago halakorik. Orduan, kanpainak beste aukera bat ematen die umeei gurasoekin harremanetan ipintzeko sakelakorik erabili gabe».
Izan ere, «herri babes» baten premia nabarmendu du Ros hezitzaileak, arazoak gainez egin baitie gurasoei eta ikastetxeei. «Egia da gurasook erosten ditugula sakelako horiek, gure erabakia dela, baina gizarteak ere bultzatu gaitu horretara». Haren hitzetan, inportantea da haurrekin eta nerabeekin harremana duen pertsona eta eragile orok ardura hartzea: erakundeek, gobernuak, leku publikoetako arduradunek —liburutegietan, kiroldegietan…—, kultur eragileek, eta abar. «Familiak sekulako lana egiten ari dira: bilerak egiten dituzte boluntarioki, kartelak eta bideoak prestatu kanpaina ikusarazteko… Udaletatik jaso dugu erantzuna, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez digu halako babesik eman, eta hor badaukagu harri koskor bat».