Ez nekien nola hasi zutabe hau. Urteak sasoi berezia duenez, Grinch bihurtu edota urteko asmo onak zerrendatu; bien artean egon naiz, gaur zer jarrerarekin hasi asmatu ezinda. Eta hori da, agian, aurtengo Gabonak inoizko ez-gabonenak izan direlako niretzat. Alegia, Gabonei dagozkien osagai guztiak joan zaizkie aurtengoei: ez dut familiako otordu handirik egin, ez naiz opari artean ito eta gure herriko kaleetan ere apenas egin dudan parrandarik. Ohitura bakarrari eutsi diot aurten: mukizapien eta manten biktima izateari, alegia; abenduko birusak harrapatu banau ere, inoizko oporrik lasai eta indarberritzaileenak izan dira aurtengoak.
Banuen buruan ez-gabonen edo neguko oporren kontua garai batean bogan egon zela, hautsak harrotu zituela, eta uste nuen oraintsuko kontua zela. Interneteko bilaketa azkar batek aurpegiratu dit, ordea, hamabost urte pasatu direla proposamen horretatik. Gogoan dut Katalunian —baina beste lurralde laikoago batzuetan ere izango da horrelakorik, ziur— proposatu zutela Gabonetako oporrak izan beharrean neguko oporrak izatea, eta ai ene, zelako endredoa sortu zuen; pentsa, gehiago ez da mahai gainean jarri horrelakorik. Imajinatuko dituzuen arrazoi erlijiosoek bota zuten proposamena atzera, eta nago garaiotan ere erreakzio bertsuak izango lituzkeela, kontuan hartuta zer-nolako polemikak dabiltzan sareetan. Baina gaurkoan neguko oporren kontzeptu hori berreskuratu nahi dut. Badiotsuet aurtengoak horrelakoak izan direla niretzat, eta asebeteta utzi naute.
Askotan uste dugu Hollywoodetik ozeano bateko distantziara bizi garenez gurean ez dagoela ‘Gabonetako magia’-ren inguruko kulturarik, baina pelikula ‘pelikulero’ horiek dituzten ezaugarri guztiak dituzte Gabonek gure inguruan ere
Ze, egia esan, erlijioa aipatu dut, baina Gabonek gurean duten presentzia ez da erlijiosoa bakarrik. Nire Grinch aldea aterata, hasia nintzen Gabonak Gabon egiten dituzten osagaien zerrenda osatzen, eta nahiko Hollywoodero geratu zitzaidan, Antena 3eko film kutre bat. Ze, askotan uste dugu Hollywoodetik ozeano bateko distantziara bizi garenez gurean ez dagoela Gabonetako magia-ren inguruko kulturarik, baina pelikula pelikulero horiek dituzten ezaugarri guztiak dituzte Gabonek gure inguruan ere: familiaren alardea eta hura batu beharra; opariak egin eta jaso, baina ez edozein, opari ponposo eta zein baino zein originalagoak; jatordu amaiezinak, platera plateraren atzetik…
Eta zer nahi duzue esatea. Zer ondo Gabonak hori barik, zer ondo benetan opor izatea eta ez zama, eta deskantsatzeko erabiltzea. Honaino aurten, momentuz. Barruraino sartu diguten egitura hori guztia deseraikitzea, lagunekin ospatzea, ospakizun berriak sortzea edo ospakizun horietan ez parte hartzea… kontu horiek guztiak, beste urte baterako. Aurtengoarekin, ni behintzat, pozik eta konforme. Esandakoa, urte berri on denoi!