Mugimendu handiko urtea

Mugimendu handiko urtea

​Lehen laurdena joan zaio XXI. mendeari, eta aldaketa eta mugimendu garaian ailegatu da 2025a. Munduan ez ezik, Bizkaian. Politikan, hauteskunde zikloa igarota, foru gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioarekin hasi da urtea. Ikusteko dago bide horretatik jarraituko duten aurten hartu beharko diren erabaki garrantzitsuetan. Ekonomian, enpresek nazioarteko egoera aldakorrari aurre egin beharko diote. Bilboko aireportuak hegaldi zuzenak estreinatuko ditu AEBekin. Bizkaibus berrantolatzen hasiko da foru aldundia. Busturialdean, Guggenheim museoaren proiektuak zer bide egingo duen adi-adi egongo dira.

1

Politika

Aurreko urte bietan egin dira hauteskundeak, eta, beraz, zikloa zarratuta, 2025a politikoki egonkorra izan daiteke Bizkaian. Hala ere, Madrilen gertatzen denak izan dezake eragina. Pedro Sanchez (PSOE) Espainiako Gobernuko presidentearen inguruan hainbat ustelkeria salaketa daude, eta, horrez gain, larri dabil aurtengo aurrekontuak onartzeko. Dena den, babesik lortuko ez balu ere, iazko aurrekontuak luza ditzake. Edozelan ere, Euskal Herriko alderdi abertzaleen babesa badu Sanchezek; argiagoa EH Bilduren aldetik, EAJrenetik baino. Baina, gaur-gaurkoz, ez dirudi EAJk sozialistengandik aldendu eta PPko Alberto Nuñez Feijoo gobernuburu egiteko asmorik duenik, are gutxiago Vox tartean dela. Beraz, jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioek indartsu jarrai dezakete Bizkaian ere.

Gainera, jeltzaleek, sozialistek eta EH Bilduk elkar ulertzeko gaitasuna erakutsi dute, eta Batzar Nagusietan ere nabaritu da hori. Izan ere, aurtengo aurrekontuak EH Bildurekin adostu zituen EAJk eta PSE-EEk osatutako foru gobernuak, nahiz eta proiektua onartzeko beste inoren beharrik ez izan. 29 dira EH Bildurekin adostu zituzten neurriak, eta trukean koalizio abertzalea abstenitu egin zen aurrekontuen bozketan. 

Leire Pinedo (EH Bildu), Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentea (EAJ), Iker Casanova (EH Bildu) eta Elixabete Etxanobe egungo ahaldun nagusia (EAJ), Gernika-Lumoko Batzar Etxean, 2022an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Akordio gehiago bilatzen ahaleginduko da foru aldundia aurten. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Ogasun diputatuek azaroaren 11n aurkeztu zuten zerga erreforma proiektua, EAJk eta PSE-EEk adostutakoa. Aurten bozkatu beharko da hiru Batzar Nagusietan. Bizkaian, aurrekontuekin gertatu bezala, foru gobernuak ez du beste inoren babesik beharko; bai, ostera, Araban eta Gipuzkoan. Lurralde historiko bakoitzak besteenetik ezberdina den zerga politika izan dezake, baina komeni da autonomia erkidegoan harmonizatuta egotea. Bizkaiko Foru Aldundiak ez du zertan negoziatu, baina esana du saiatuko dela akordioa bilatzen. Bizkaiko udalen finantzaketa sistema ere eztabaidatzen ari dira azken aldian, eta horretan ere negoziatu beharko dute. 

2

Ekonomia

Ekonomiak erronka handiekin hasi du urtea munduan. Urtarrilaren 20an hartuko du Donald Trumpek AEBetako presidente kargua, bigarrenez, eta ikusi beharko da zer neurri ekonomiko hartuko dituen. Euskal enpresen artean kezka piztu dute Trumpek orain arte egin dituen adierazpenek. Beste muturrean, Txina desazelerazio prozesuan dago. Etxetik gertuago, Europako motorra den Alemania ere atzeraldian dago. Horrek guztiak eragina izango du Bizkaiko enpresetan. Cebek Bizkaiko patronalak inkesta egin ohi du urtea bukatu aurretxoan bere bazkideen artean, eta 2024koan enpresariek esan zuten motelaldia nabaritzen dutela. Ezkorrak izan dira, batez ere, industria alorrean: merkatuari dinamismoa falta zaiola uste dute.

Manufaktura sektorea ia mundu osoan dago krisian, eta hark pisu handia duen herrialdeak gutxiago haziko dira, Euskal Herriko hainbat ekonomia erakundetako ikerlarien arabera. Euskal Ganberek %2,2ko hazkundea iragarri dute aurtengo Euskal Autonomia Erkidegorako; Eusko Jaurlaritzak, %2koa; Laboral Kutxak, %1,8koa. Baikortasunaren eta zuhurtziaren artean ibili dira.

Makina-erremintaren Biurtekoaren azoka, iaz, Barakaldoko BECen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Edozelan ere, enplegua sortuko da aurten ere. Batik bat, zerbitzuen sektorean. 2024an markak hautsi ditu turismoak, berbarako, eta 2025a ere urte ona izango dela uste dute adituek. Horretan lagunduko dute, besteak beste, Bilboko aireportuak izango dituen hegaldi berriek. Udaberritik aurrera zuzenean joan ahal izango da hainbat aireportutara: Palermo (Sizilia, Italia), Cork (Irlanda) Berlin, Stockholm, Kopenhage, Basilea (Suitza) eta Newark (New York, AEB) aireportuetara.

Diputazioak herrialdeko enpresen nazioartekotzea, digitalizazioa eta trantsizio energetikoa bultzatzea ezarri du helburu datozen urteetarako, eta aurten ere horretarako laguntzak emango dizkie. Eguneroko kontuetan, Bizkaiko ostalari eta merkatari txikiek urtea Batuz sisteman hasi dute. 2026ko urtarrilaren 1erako sartu beharko dira jarduera ekonomikoren bat duten irabazi asmorik gabeko erakundeak eta sozietate zerga ordaintzetik salbuetsita daudenak. Besteak beste, txosnak. Aurten ere zer esana emango du gai horrek, Bilboko Konpartsak eta beste hainbat herritako txosna guneetako kideak erabaki horren aurka daude eta. 

3

Azpiegiturak eta garraioa

Obra urtea izango da 2025a ere. Aurten egingo diren proiektuen zerrenda luzea da. Dagoeneko hasi dira Artxandako tunelak konpontzen. Markinako saihesbidea eraikitzen ere hasiko dira aurki. Sollubeko tuneleko lanak ere aurten hasiko dituzte. Errekaldeko saihesbidearen proiektua idatziko dute. Edozelan ere, urteko proiektu nagusia itsasadarreko tunela izango da: Ondo bidean, urte bukaeran hasiko dituzte lanak, baina iaz ere hastekoak izan ziren eta atzeratu egin behar izan zuten. Proiektua aurkeztu zutenean, diputazioko ordezkariek iragarri zuten 2028an inauguratuko zutela; orain 2030erako esan dute.

Eragina izango duen herrietan kezka sortu du itsasadarreko tunelak, eta iaz hainbat mobilizazio egin zituzten proiektuaren aurka. Aurten ere protestak egiten jarraitzeko asmoa iragarri dute. Berbarako, otsailaren 8rako manifestazio deialdia egin du Subflubiala Ez plataformak; Bilbon izango da.

Errepideko garraioari dagokionez, mugarria izango da 2025a. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibus zerbitzua berrantolatuko du. Orain arte, Bilbo izan da ardatza, baina, aurrerantzean, eskualde barruko mugikortasunari ere lehentasuna eman gura zaio, eta asmoa da linea berriak sortzea herri txikiak eskualdeko buruarekin lotzeko. Era berean, diputazioak ikusten du hiriburura doazen linea askok geltoki «gehiegi» dituztela Bilbon, eta bidaiaren denbora luzatu egiten dela. Hori arintzeko, geltoki batzuk kendu gura ditu hiriburuan, eta beste garraio batzuekin erraztu Bilbo barruko mugikortasuna. Horretarako, garraio aldaketak doakoak izatea ere bultzatu gura du foru aldundiak, eta Bizkaibusen zonaldeak gutxitzeko asmoa du. Behin diseinu berria definituta dutenean, zerbitzuaren kudeaketa esleitzeko lehiaketa publikoa egingo da.

Hori dena egin bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak bere eskumeneko garraioetan %20ko deskontuari eusteko konpromisoa hartu du. Espainiako Gobernuak iragarri du aurtengo lehen seihilekoan ere %30eko deskontuari eutsiko diola. Beraz, iaz bezala, ekainera arte behintzat, garraio publikoagatik erdia baino ez dute ordainduko bidaiariek Bizkaian. Otsailetik aurrera, 12 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute.

Jendea Bizkaibusera igotzen, Ondarroan, 2022an. RAUL BOGAJO / FOKU

Trenari lotuta, Eusko Jaurlaritzak hainbat proiektu iragarri ditu. Bilboko Metroaren bosgarren linea eraikitzen hasi ziren. Usansolon, borrokan ari dira horri lotuta: herriko geltokia herrigunean bertan egotea gura dute. Bosgarren lineak ere emango du zer esanik, oraindik ez baitago argi zein izango den haren ibilbidea. Azken urteetan aipatzen zuten ibilbidearen arabera, Bilboko Abandoko geltokitik abiatuta lotuko zituen trenbideak hiriburuko hegoaldeko auzoak. Iaz, baina, Eusko Jaurlaritzak hasierako ibilbidera itzultzea proposatu zion diputazioari, Moyua eta hegoaldeko auzoak lotzeko. Auzootako bizilagunek gurago dute azken aukera hori, eta horren alde borrokatuko direla iragarri dute. Diputazioak esan du aztertuko duela proposamena, baina baldintza garrantzitsu bat ipini du: linea horrek etorkizunean Enkarterriri ere zerbitzua ematea.

Eusko Jaurlaritzak Bilbo eta Santander (Espainia) lotzen dituen linean lotura trenak iragarri ditu, Enkarterri Bilborekin hobeto komunikatzeko: Karrantzatik Arangurenera joango lirateke, eta astegunetan bost tren zerbitzu eskainiko lirateke, noranzko bakoitzean. Asmoa da aurten jartzea martxan. Renferen aldiri trenen kargu ere egin da urte berria hastean, eta maiztasunak hobetu ditu Urduña eta Bilbo arteko linean.

4

Gizartea

Iaz bezala, aurten osasun arretak kezka sortzen jarraituko du herritarren artean. Osakidetzak arazoak ditu herri txikietan zerbitzua bermatzeko, eta zail izango du behar dituen medikuak topatzea. Beraz, udaldian berriro osasun langileen falta salatuko dute; batez ere, herri txikietako bizilagunek. Otsailaren 1ean osasun publikoaren aldeko manifestazioa izango da Bilbon.

Bizkaiko Foru Aldundiak aurrekontuan jasoa duenez, aurten hasiko dira Gernika Erreferentziazko Eskualdeko Zentroaren obrak. Gernika-Lumoko ospitalean egongo da, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak solairu oso bat utzi baitio horretarako Bizkaiko Gizarte Ekintza Sailari. Herrian eta eskualdean ez daude ados. Abenduan, Jose Maria Gorroño alkatearen Guztiontzako Herria plataforma eta EH Bildu proiektu horren aurka agertu ziren berriz ere, eta Osasun Sailari eskatu diote, ospitalerako hasierako proiektuan jaso zuten bezala, ospitaleratzeko oheak jar ditzala solairu horretan. Bien bitartean, diputazioak zaintza ereduen arteko trantsizio prozesuarekin jarraituko du. Getxon, aurten irekiko dute belaunaldien arteko zentroa.

Gernika-Lumoko ospitalea, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Hezkuntza arloan, jaiotza tasaren jaitsiera gero eta gehiago nabaritzen da. Hori horrela, datorren ikasturtean eskola publiko batzuek bat egitea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak. Hala gertatuko da Ermuko Anaitasuna eta Ongarai eskolekin eta Portugaleteko Virgen de la Guia eta Zubeldiarekin. Gainera, sindikatuek grebara deitu dituzte irakaskuntza publikoko langileak urtarril eta otsaileko hainbat egunetarako.

5

Kultura

Iaz bezala, Guggenheim museoa izango da kultur arloan albiste gehien sortuko dituen eragilea. Museoa Busturialdera hedatzeko proiektuak ezinegona sortu du eskualdean. Definitu gabe dago, eta ez du datarik. Baina, aldi berean, Eusko Jaurlaritza eta foru aldundia ari dira ingurumenari lotutako lan batzuk egiten, eta martxan ipini dute eskualderako plan estrategikoa adosteko prozesua. Abenduan egin zuten lehen bilera. Berez, ez dago museoari lotuta, eta eztabaida foroak aurkezterakoan ez zuten aipatu ere egin, baina erakundeetatik sarri esan izan da Busturialdea suspertzeko azpiegitura garrantzitsua izan daitekeela.

Guggenheim museoa Busturialdera hedatzearen aurkako manifestazioa, urriaren 19an, Gernika-Lumon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Azkenean eraikitzen bada, museoko zuzendari berri Miren Arzalluzi tokatuko zaio proiektua defendatzea. Martxoaren 1ean izango du eragina haren izendapenak, eta, ondoren, Arzalluzek murgiltze prozesu bat egingo du Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan lau astez, orain arteko zuzendari Juan Ignacio Bidarterekin batera.

Bilboko beste museo nagusia, Arte Ederrena, aurten inauguratzekoak ziren, handitze lanak bukatuta. Baina arazoak izan dituzte estalkia egin behar duen enpresarekin, eta ez da prest egongo datorren urtera arte. Euskal Museoa, ostera, baliteke 2025a bukatzerako prest egotea, baina lanen erritmoaren araberakoa izango da, horretan ere ere atzeratuta baitabiltza.

Arkeologiari dagokionez, baliteke urte garrantzitsua izatea 2025a. Bilboko Begoñako basilikan indusketa lanak hasiko dituzte, seguruenik otsail aldera, azpian K.a. II. eta I. mendeetako Vecunia herrixka indigena topatzeko asmoz. Zorua altxatuta, lehenengo, bostehun urte dituen hilerri bat topatuko dute, hirurehun hobi ingurukoa, eta bakoitzean hainbat belaunaldi lurperatuta. Beherago, 1510 bueltara arte zutik egon zen eliza erromanikoa dago. Azpian, duela 1.000-1.100 urteko baseliza egongo da. Indusketa lanek esango dute beherago zer dagoen. 

Kulturaz gozatzeko planik ere ez da faltako aurten. Euskal kulturaren urteko topaketa nagusia Durangoko Azoka izaten da; 60. aldia egingo dute abenduan, eta ospatzeko asmoa iragarri du Gerediaga elkarteak. Gainera, iaz Landako gunera sartzeko sortutako ilarei konponbidea topatzeko konpromisoa hartu dute. 

Jende ilara, Landakora sartzeko, iazko Durangoko Azokan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Seguruenik ordurako zabalik egongo da Plateruena Musika Aterpea Durangon. Bigarren seihilekorako prest izan gura dute. Milioi bat euro inguruko inbertsioa agindu du udalak, eraikina musika sorkuntzarako, prestakuntzarako eta erakustaldietarako zentro bihur dadin. Antzokia berriro abiarazteko prozesuan esku hartu duen kultur mahaia ez dator bat udalak ondu duen proiektuarekin, eta abenduan iragarri zuen bere jarduna etengo zuela.

Maiatzean, Udaberria Bertsotan Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea izango da. Txapelketa bera irailean hasiko da, eta abenduaren 20an izango da finala, Bilbo Arenan.

Musika arloan, hainbat euskal taldek kontzertu handiak eskainiko dituzte aurten. Esne Beltzak azken kontzertua izango du otsailaren 21ean, Bilbo Arenan. ETSk 20. urteurrena ospatuko du martxoan, BECen: 15ean, 21ean eta 22an, emango ditu kontzertuak. Martxoaren 28an, Chill Mafiak ibilbidea amaitzeko hamar orduko festa egingo du, toki berean. Izarok kontzertu berezi batekin amaituko du cerodenero bira maiatzaren 31n; hark ere Barakaldoko erakustazoka aukeratu du. Gatibuk abenduaren 6an, 12an eta 13an egingo ditu azken kontzertuak, toki berean, taldea sortu zenetik 25 urte bete direnean.

Urteurren handiagoak ospatuko dituzte Lekeition eta Santurtzin. Azaroaren 3an 700 urte beteko dira Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andreak Lekeitiori hiribildu gutuna eman zionetik. Urte osorako egitarau mardula prestatu dute. Santurtzin, berriz, astelehenean bete ziren 925 urte elizatearen izena lehenengoz idatzi zenetik: Sancti Georgii. Kasu horretan ere urte osoan izango dira urteurrena ospatzeko jarduerak, baina nagusia San Jorge jaietan egingo dute, apirilean.

6

Kirola

Athleticeko zaleak pozarren daude. Espainiako Ligan laugarren daude gizonezkoak, eta, oraingoz, bigarren, Europa ligan. Ondo bidean, lehen zortzietan sailkatuko da; zuzenean final-zortzirenetarako, alegia. Dena den, Ernesto Valverde entrenatzaileak oinak lurrean edukitzea nahi du. Finala maiatzaren 21ean jokatuko da, Bilbon, San Mamesen. Zuri-gorriak sailkatuko balira, Bizkaia erotuko litzateke, iaz Espainiako Kopa irabazi zuenean legez. Datorren eguenean jokatuko du Osasunaren aurka aurtengo Kopako final zortzineretako partida. Emakumeen taldea bosgarren dago Espainiako Ligan, eta final-zortzirenetarako sailkatu da Espainiako Kopan.

Marc Soler Espainiako Vueltako etapa irabazten, Bilbon, 2022an. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Txirrindularitzan, Espainiako Vuelta Bizkaira itzuliko da aurten: irailaren 3an, Bilbo-Bilbo etapa lehiatuko dute txirrindulariek. Hiriburutik abiatu eta Bizkaiko hainbat toki zeharkatuko dituzte: Mungia, Bakio, Bermeo, Gernika-Lumo, Munitibar, Bizkaiko balkoia, Muxika, Aretxabalgane, Larrabetzu, Galdakao eta Artxanda. Ondoren, Bilbora itzuli eta Elorritxueta, Lezama, Sondika eta Pike bidea igaro ostean, hiribildurako bidea hartuko du berriro.

Iaz Basauri izan zen bezala, aurten Santurtzi izango da Europako Kirol Hiriburu. Ondorioz, aurten ezohiko hainbat kirol jarduera egingo dituzte herrian.