Zerga erreforma datorren urterako utzi dute

Zerga erreforma datorren urterako utzi dute

​Bizkaian, zergen erreformarako akordioa egin dute EAJk eta PSE-EEk. Aurten, azkenean, ez da zerga erreformarik egongo. Urte amaieran aurkeztuko dituzte proposamenak, eta haien eragina 2026ko bilketan nabarituko dute, testuek datorren urtearen hasieran jasoko baitute Bizkaiko Batzar Nagusien onespena.

2020. urtetik dago zintzilik erreforma, baina COVID-19aren pandemiak, inflazio handiak eta hauteskunde zikloak bost urtez luzatu dute prozesua. Edonola ere, erreforma baino gehiago, zerga sistemaren «moldaketa» bat izango dela iradoki dute erakundeek, uste baitute oraingo sistemak oro har ondo funtzionatzen duela.

Bestalde, Bizkaiko Aldundian akordio bat itxi dute foru gobernuak eta EH Bilduk. Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, abstenitu egingo da Bizkaiko aurrekontuen bozketan, 33 milioi euroko «proposamen sorta zabal baten truke». Hamabost milioi euro garraio publikoa sustatzeko izango dira; hamar milioi, zaintza sistema komunitarioa bultzatzeko; bost, lehen sektorerako eta lurralde garapen orekatua lortzeko trantsizio energetikorako; bi, etxebizitza eta gazteen emantzipazioa sustatzeko; eta bat, industria ondarea bultzatzeko.

1

Batuz sistema

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021. urte bukaeran iragarri zuen Batuz fakturazio elektronikoko sistema, eta, iazko uztailean, horiek ezartzeko epeak malgutu zituen, sistemara egokitzeko denbora gehiago emateko: enpresa handi guztiek sisteman egon beharko lukete dagoeneko; uztailaren 1erako, industrian, eraikuntzan eta garraioan ari diren enpresa txikiak eta ertainak batu ziren, baita hainbat sektoretako profesionalak ere, hala nola arkitektoak eta dentistak. 2025era arteko epea dute ostalariek eta merkatari txikiek. Azkenik, 2026ko urtarrilaren 1erako sartu beharko dira jarduera ekonomikoren bat duten irabazi asmorik gabeko erakundeak eta sozietate zerga ordaintzetik salbuetsita daudenak. Besteak beste, txosnek ere ordurako egokitu beharko dute. Abuztuan egindako agerraldian, Bilboko Konpartsek ohartarazi zuten sistema horrek arriskuan ipiniko dituela jai herrikoiak.

Zerga iruzurra saihestea eta jardun ekonomikoa kontrolatzea da fakturazio sistema elektroniko horren asmoa. Faktura ez da denbora errealean igortzen Ogasunera. Sisteman artxibatuta geratzen da, eta enpresek eta autonomoek geroago bidali behar dute, informazio gehiagorekin batera. Software sistema bat du BEZaren, sozietateen eta errentaren zirriborroak egiteko.

2

Lehen sektorea

Otsailaren 9an, Bizkaiko EHNE eta ENBA sindikatuek antolatuta, ehun bat traktorek Bilboko kaleak hartu zituzten, nekazarien aldarrikapenak eta «bizimodu duinaren» eskea plazaratzeko. «Europako merkatu libreko akordio guztiak bertan behera utzi behar dira, eta moratoria bat indarrean jarri. Akordio horiek galbidea ekartzen ari dira, hemengo baserritarrei ez ezik, Europa osoko nekazariei ere», adierazi zuen Unzalu Salterain Bizkaiko EHNEko bozeramaileak.

Mobilizazioek harrabotsa sortu zuten gizarte osoan, eta Bizkaiko Foru Aldundian ere izan zuen eragina: ENBA eta EHNE nekazaritzako sindikatuekin, Lorra kudeaketa zentroarekin eta sektoreko ehunka eragilerekin batzen hasi zen aldundia. Elkarlan horren ondorioz, Suspertze Plana aurkeztu zuten azaroan: lurraldeko 12.000 ustiategiak laguntzea du helburu. Aldundiak 4,9 milioi euro jarriko ditu urtean denera lehen sektorerako.

3

Lan gatazkak

Stellantis multinazionalak maiatzean itxi zuen Urdulizko Mecaner enpresa. Enplegua erregulatzeko espediente baten bidez, 144 langile kaleratu zituen multinazionalak, eta horrek protestak eragin zituen herrian. Egoerari konponbidea emateko asmoz, «behar bezalako» trantsizio ekosoziala sustatzeko txostena argitaratu du abenduan Jauzi Ekosoziala taldeak, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Mecaner enpresaren lantegiko instalazioak eta lursailak erosketa publikoaren bitartez eskura ditzala.

Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreak deitutako grebak, berriz, arrakasta handia izan zuen urrian, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arabera. Grafo, Cartisa, Divipa, Arteos eta Garcinuño enpresa handiak gelditu egin zituzten, eta Biolid, Erabil eta Comecon lantegiek ekoizpena murriztu zuten.

Sektoreak 1.500 langile ditu Bizkaian, eta azken lurralde hitzarmena 2011. urtekoa da. Akordioa berritzeko, sindikatuek beharrezkotzat jotzen dute azken hamahiru urte hauetan galdutako erosahalmen guztia berreskuratzea. Patronalak, berriz, ohartarazi du sindikatuen eskaerak onartzeak arriskuan jarriko lituzkeela enpresa asko. Gogoratu du 2011. urtetik hona arte grafikoetako Bizkaiko enpresen %65 desagertu direla.