Stellantis multinazionalak maiatzean itxi zuen Urdulizko Mecaner enpresa. Enplegua erregulatzeko espediente berri baten bidez, 144 langile kaleratu zituen multinazionalak, eta horrek protestak eragin zituen herrian. Zehazki, Jauzi Ekosoziala taldeak automozio sektoreko produkzioaren deslokalizazioa erregulatzea, horren inguruko araudia aldatzeko beharra eta multinazionalen aurrean burujabetasun handiagoa izateko aukera aldarrikatu zuen. Egoerari konponbidea emateko asmoz, gainera, «behar bezalako» trantsizio ekosoziala sustatzeko txostena argitaratu du orain taldeak, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Mecaner enpresaren lantegiko instalazioak eta lursailak erosketa publikoaren bitartez eskura ditzala.
LAB eta EKS sindikatuek eta Euskal Gune Ekosozialistak bat egin dute Jauzi Ekosozialarekin, eta Mecaner Herriarentzat! ekinbidea sortu dute elkarrekin. «Stellantis multinazionalak diru asko jaso zuen trantsizio energetikoa egin ahal izateko, baina, azkenean, enpresaren jarduna kanpora eraman zuten, inolako ondoriorik izan gabe. Eta guk hori salatzen dugu», adierazi du Aitor Gallastegi Jauzi Ekosozialeko kideak.
Hain zuzen, «industriaren transformazio justu eta ekologikoki jasangarria» bultzatzeko helburua du Jauzi Ekosozialaren proposamenak. Gallastegik esan duenez, horrek bat egiten du Jaurlaritzaren «azken urteotako erretorikarekin»: «2020an, Jaurlaritzak onartu egin zuen larrialdi klimatikoan gaudela. Beraz, ez du inolako zentzurik halako erabaki bat luzatzea». Hain zuzen, urriaren 30ean, Jaurlaritzak hurrengo urteko aurrekontu proiektua aurkeztu zuenean, Mikel Jauregi Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak jakinarazi zuen bere sailaren helburua berrindustrializazio, lehiakortasun eta trantsizio ekologikorako politikak bultzatzea dela. Oraingoz, ordea, Urdulizko Udalaren babesa besterik ez du jaso Jauzi Ekosozialak proposatutako planak. «Oraindik ez dugu Jaurlaritzaren erantzunik jaso, eta abenduaren 20a da hurrengo urteko aurrekontu agenda ixteko epea. Foru aldundiak ez digu erantzun ere egin», salatu du Gallastegik. «Zergatik ari dira atzeratzen orain har dezaketen erabaki bat? Egoera hobetzeko, lehenbailehen heldu behar zaio arazoari».
«Mecanerren fabrikan luxuzko autoetarako piezak egiten zituzten lehen. Hori fabrikatu beharrean, eskualdean eta Euskal Herri osoan lagungarriak izan daitezkeen piezak egitea komeniko litzateke»
AITOR GALLASTEGI Urdulizko Jauzi Ekosoziala taldeko kidea
Egun, automozio sektorean, «enpresa pribatu handiek» baino ezin dituzte Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak lortu; «inolako baldintzarik gabe», Jauzi Ekosozialeko kideak zehaztu duenez. Hau da, behin laguntza ekonomikoak jasota, beste leku batera mugitzeko askatasun osoa dute enpresek. «Stellantisek, esaterako, diru laguntza handiak jaso zituen eta beste toki batera mugitzea erabaki zuen».
Mecaner Herriarentzat ekinbidekoek langileei aukera eman nahi diete erabakitzeko zer, nola eta zertarako produzitzen dituzten piezak, betiere eskualdeko herritarren beharrak asetzeko helburuarekin. «Mecanerren fabrikan luxuzko autoetarako piezak egiten zituzten lehen. Hori fabrikatu beharrean, eskualdean eta Euskal Herri osoan lagungarriak izan daitezkeen piezak egitea komeniko litzateke». Gallastegik gehitu du Mercaner zaharrean autobus publiko elektrikoetarako piezak sor daitezkeela.
Prozesu parte hartzailea
Mecaner enpresaren lantegian egin beharreko aldaketak prozesu parte hartzaile baten bitartez erabakitzea gustatuko litzaieke Jauzi Ekosozialeko kideei, Gallastegik adierazi duenez. «Ekonomiak ez dio soilik herri bati eragiten; eskualde osoan du oihartzuna». Hala, Uribe Kostako biztanleak kontuan hartuko lituzkeen prozesu parte hartzaile bat bideratzea nahiko lukete.
Gallastegik azpimarratu du Mecaner enpresaren lantegirako eskatzen dituzten aldaketek beste enpresa batzuen eredu izan daitezkeela etorkizunean: «Ez da automozio sektorean ikusiko dugun lehenengo krisia; askoz gehiago etorriko dira. Aurreko astean, adibidez, Alemaniako Volkswagen enpresaren fabrika guztietan greba deialdia egin zuten. Ikusi beharko dugu luze gabe zelako eragina izango duen horrek guztiak». Oraingoz, Jaurlaritzaren erabakiaren zain egotea besterik ezin dute egin.