Taxilarien lan osasuna bermatzeko, lanaldi murrizketa aldarri

Taxilarien lan osasuna bermatzeko, lanaldi murrizketa aldarri

​Badira 40 urte UPTA elkarteko (UGT) taxilariak euren lan baldintzak hobetzeko aldarrikapenak egiten hasi zirela. Gidarien atsedena bermatzeko arauak aldatzea izan da azken urteotako elkartearen xede nagusia, baina oraingoz ez dute emaitza handirik lortu. «Duela sei urte izandako negoziazioetan, astelehenetik ostiralerako lanaldia hamar ordukoa izatea lortu genuen —aurretik, hamabikoa zen—, baina guk bederatzi orduko lanaldia aldarrikatzen genuen orduan ere», azaldu du Txema Garcia UPTAko bozeramaileak. Gaur egun, astegunetako lanaldiak hamar ordukoa da oraindik, eta, gainera, larunbatetan eta igandeetan hamabi ordu lan egiten duten taxilariak ere badaude. «Lan osasunaren alde egiten duten elkarteekin harremanetan jarri gara, gatazkaren inguruko euren iritzia jakin nahi dugulako. Hain zuzen, halako lanaldi luzeak izateak arriskuan jartzen du bidaiarien, gidariaren eta bide publikoetako erabiltzaileen segurtasuna». Azken asteetan ugaritu egin dituzte kexak. 

Garciak salatu duenez, taxilarien eskaera atzera botatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak estrategia bat erabili dute: egoerari buruzko iritziak biltzeko inkesta erremintak sortu eta hedatu gidarien artean. «Galdetegia betetzeko, nahikoa da horretarako sarbidea bermatzen duen lotura lortzea. Galdeketan jasotako emaitzak ezin dira beste inon baieztatu, eta, hainbat eragiletako arduradunek onartu dutenez, komeni ez zaizkien datuak ezabatzen dituzte», kontatu du UPTAko bozeramaileak. Horrez gain, salatu du inkestako galderak taxilarien aldarrikapenen kontrakoak direla. «Alde horretatik, instituzioei eskatzen diegun lehenengo gauza da aldaketa prozesuaren inguruko gardentasuna eskaintzea». Izan ere, UPTA elkarteko printzipio nagusietako bat gardentasuna da: «Publikatutako ohar eta akta guztiak gure webgunean daude ikusgai, eta gure aldarrikapenei eta borrokari buruzko informazioa ere eskuragarri dago hor».

Bestalde, «demokrazia» aldarrikatzen dute UPTAko taxilariek. Garciaren arabera, zehazki, taxien sektoreko langileek eta elkarte desberdinetako kide diren gidariek hoberen egokitzen zaizkien lan baldintzak hautatzeko aukera izan beharko lukete, eta horrek esan nahi du, beraz, taxilari guztiek bozkatzeko aukera legal bat izan beharko luketela. «Lan baldintzei buruzko bozketa udal zentroren batean egin beharko litzateke, 10:00etan, bozkatu nahi duen edozeinek bertaratu ahal izateko aukera izan dezan; ez Internet bidezko inkestetan», esan du Garciak. Era berean, taxilariek hobetu nahi dituzten lan baldintzak negoziatzeko mahai sektorialak eratzearen beharra helarazi diete Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari. «Gu, behintzat, prest gaude gainerako elkarteekin eta sindikatuekin lan egiteko, euren ideiekin bat egiten ez badugu ere».

«Lanorduak luzatzen dituzte eta lizentzien eta aseguruen prezioak igotzen dizkigute taxilarioi, baina ez ikusiarena egiten diote Uberrek eta antzeko enpresek egiten dituzten lege urraketei»
TXEMA GARCIA UPTA elkarteko bozeramailea

Hala nola Uber eta antzeko enpresak babesteari uzteko eta taxien sektoreari laguntza emateko eskatu diete instituzioei ere. «Lanorduak luzatzen dituzte, eta lizentzien eta aseguruen prezioak igotzen dizkigute taxilariei, baina ez ikusiarena egiten diote Uberrek eta antzeko enpresek egiten dituzten lege urraketei», salatu du UPTAko bozeramaileak. Jakinarazi du, gainera, Uberrek erreminta digitalak erabiltzen dituela euren zorroak betetzeko: «Telefono garesti batekin edo bateria gutxi duen mugikor batekin garraioa eskatzen baduzu, orduan prezioak igoko dizkizute. Eta, gainera, langileak esplotatzen dituzte». Alde horretatik, Garciak ulertzen du garraio publikoak ez diren ibilgailuen negozio ereduak denborarekin aldatu behar duela, baina, hala ere, uste du sektorea erregulatzeko araudia aldatu beharko litzatekeela.

Taxi nahikoak

Taxilarien lan baldintzak hobetzeko egindako azken kanpainan, erabiltzaileen beharrak asetzeko taxiak egon badaudela demostratu behar izan zuten UPTA elkarteko kideek. «Hain zuzen, Jaurlaritzaren alde egin zuen komunikabide batek adierazi zuen erabiltzaileen beharrak asetzeko taxi nahikorik ez dagoela Bizkaian, Gipuzkoan edo Araban», kontatu du Garciak. Ohartarazi du egoera bestelakoa dela. «Garraio publikoaren alternatiba dira normalean taxiak. Ordea, metroan arazoak daudenean, kontzertu handiak antolatzen direnean eta herriren bateko festak ospatzen direnean, berandu jakinarazten dizkigute datak edo zenbat taxi beharko diren». Hortaz, izugarrizko itxaronaldiak sortzen dira. «Baina normala da, zerbitzu publikoko beste hainbat sektoretan gertatzen den moduan». 

Azaroaren 27an egin zuen UPTA elkarteak hori guztia salatzeko azken kontzentrazioa, Bilboko udaletxearen aurrealdean. Garciak jakinarazi duenez, taxilarien helburua ez da inola ere mobilizazioetara deitzea. «Gardentasuna, demokrazia eta lan baldintzak negoziatzeko mahai sektorialak lortu nahi ditugu, besterik ez». Lan baldintzak hobetzeko aukerarik lortzen ez badute, ordea, ikusiko dute zer egin. «Instituzioek orain arte sortutako inkesta manipulagarriak hedatzen jarraitzen badute, eta langileen familien ongizateari eta bizitza sozialari kalte egiten dizkieten estrategiak sustatzen badituzte, prentsa oharrak banatzen hasiko gara, eta, beharrezkoa izatekotan, mobilizazioak antolatuko ditugu. Gure lehentasuna ez baldin bada ere», adierazi du Garciak.