Bilbon %20 igo dira etxebizitzako laguntza osagarria jasotzeko eskariak

Krisiaren gordintasunaren seinale izan ohi dira laguntza sozialei buruzko datuak. 2012ko Gizarte Ekintzaren balantzea aurkeztu du asteon Bilboko Udalak, eta bertan antzeman da etxebizitzaren gastua dela hiriburuan bizi direnen arazo handienetako bat: 5.175 etxebizitzarako laguntza osagarri eman zituen iaz udalak, aurreko urtean baino %20 gehiago. Aldiz, %4 jaitsi zen diru sarrerak bermatzeko errenta jaso zuten bilbotarren kopurua: 15.391.

Bilboko Udalak bere aurrekontuaren %9 bideratu zuen iaz politika sozialetara: 41,3 milioi euro. Krisiari erantzuteko, azken urteotan zifra horrek gora egin duela nabarmendu dute Gizarte Ekintza Sailetik, “2008an ez baitzen %7ra heltzen”. Gizarte larrialdietarako laguntzetan, adibidez, 3,86 milioi euro gastatu zituen udalak; horiek jasotzeko 5.451 eskaera egon ziren, baina 4.263 eman zituen.

Guztira 43.000 hitzordu lotu zituzten oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileek, ia 41.000 familia unitaterekin; beste 936 lagunekin ere jardun ziren, hitzordurik gabe. Gainera, Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlanean, beste 470 egoera larri artatu zituzten; haietako 179 genero indarkeria kasuak izan ziren, eta 78 familia barruko indarkeria kasuak.

Kalean bizi diren 329 pertsonarekin ere lan egin zuen udalak. Alde horretatik, buru gaixotasun larria duten etxegabeen arreta psikiatrikorako programa mantendu du, eta bertan, 62 lagun artatu ditu: 50 gizon eta hamabi emakume, 41 urteko batez besteko adinarekin. Horiez gain, etxerik gabeko 1.561 pertsonak hartu zuten ostatu Elejabarriko udal aterpetxean —13,52 eguneko egonaldietan batez beste—, eta 396 lagunek neguko aterpetxean, haietako 260 lehenengo aldiz. Gaueko zentroan 73 pertsona artatu zituzten gizarte zerbitzuek, eta haietako 22k gizarteratze prozesua hasi zuten.

Jantoki sozialetako zerbitzuak martxan jarraitu zuen 2012an. Egunero 560 bazkari eta afari banatu zituzten hiriburuko hiru jantokietan.

Adingabeekin lan gehiago

Adingabeekin egindako lana zabaldu egin duela nabarmendu du udalak. Babes faltan dauden haur eta gaztetxoen arretaz arduratzen da udala, kasuak larriak ez direnean. Iaz 787 txosten jorratu zituzten gizarte zerbitzuek, baina adingabeekin ez ezik, haien inguruko helduekin ere lan egin zuten; guztira, 1.616 pertsonari eman zieten laguntza. Adingabeentzako bi zentroek 34 sendi artatu dituzte, eta horietako 56 gaztetxo hartu.