Astearte arratsaldeak

Astearte arratsaldeak

​Gaur lagun batzuekin geratu gara, arratsalde bueltan. Ni baino urtebete gazteagoak dira biak, eta badira urteak bikote direla. Orain dela sei hilabete haur bat izan zuten, neskato zoragarri bat. Maiteminduta geratu naiz bere masailekin, bere begiradarekin. Zeharkatu egiten ninduen begiratzen ninduen bakoitzean. Besoetan hartzeko eskatu diot bere aitatxori, eta, urduri samar ipini naizen arren, hala egin dut. Bi aldiz pentsatu gabe, bere bularra nirearen kontra ipini dut ,eta bere besoek nire lepoa inguratu dute. Sentsazio berezia izan da, benetan epela. Benetan hunkigarria.

Bere keinuei erreparatzen ari nintzela oroitu ditut ni ere haurra nintzeneko garaiak. Oroitu ditut zenbait argazki, non haur horren inozentzia berdina transmititzen zuten nire irribarreek. Beragan sentitu dut keinurik sinpleenetan ezkutatzen dela gozamenik handiena. Funtsean, konturatu naiz ingurune seguru bat eta energia ireki bat nahikoa zituela berak berezkoa izateko, bururatzen zitzaion lehen ideia gauzatzeko. Onartu behar dut berezkotasun horrek inbidia puntu bat eragin didala, sarritan balazta zapalduta bizi baikara batzuk. Kontrolak gure nahiak eklipsatuko balitu bezala.

Negarrez hasi da bat-batean, eta ez dut jakin nola kudeatu egoera hasiera batean. Gero pentsatu dut ez nuela zertan urduritu. Prozesu naturala dela. Eta minutu batzuen buruan, txorakeria batzuk asmatu ostean, eten dira malkoak. Kuriosoa iruditu zait emozio batetik bestera igarotzeko zuen erraztasuna. Gure emozioen bidaiak ere agian horrelakoak dira, baina barne-itsasoan mugitzen den olatu oro hondarraren azpira sartzen ikasi dugu urteekin batera. Eta ez dakit osasuntsua den edo kalte egiten digun. Etenik gabeko irribarre erraldoia oparitu digu gero, atera zaizkion lehendabiziko bi hortzak agerian uzten zituela.

Atzo, edozerekin jolasten ziren ilusioz betetako umetxoak ginen, eta, gaur, haur bati begira itsu-itsu geratzen diren burugabeak

Nagusitu gara gu ere, ohartu gabe. Atzo, edozerekin jolasten ziren ilusioz betetako umetxoak ginen, eta, gaur, haur bati begira itsu-itsu geratzen diren burugabeak. Ilusioa dugu oraindik ere, ordea. Baina bai, azkar igaro da denbora. Batzuetan nahiagoko nuke erlojuari kolpe bat eman eta kontadoreak geratuko balira. Dena une honetan dagoen bezala mantenduko balitz.

Zortziak aldera haurra karroan sartu eta etxera abiatu dira. Orain hilabete batzuk ordu horretan geratu ohi ginen. Baina gaur neuk ere alde egin dut, leher eginda bainengoen. Pentsakor itzuli naiz. Guraso izateak etengabeko lana dakarrela etorri zait burura, erantzukizun izugarria dela eta askatasuna kentzen dizula. Gaur, ordea, zerbait mugitu zait barruan. Nonbait ez zitzaidakeen inportako haurrarekin tarte luzeagoa igarotzea; afaltzen ematea, esaterako. Aita izateko aukera lehen aldiz ez dut hain urrun sentitu.