Eskutik oratuta doaz txotxongiloak eta azaroa Bilbon: 43. aldiz, Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia egingo dute. Bihar hasi eta datorren asteko domekara bitarte —azaroak 24—, Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat konpainia elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan, eta askotariko emanaldiak ikusteko aukera egongo da. Arte diziplina horrek duen balioa aldarrikatzeko eta kulturaren lehen lerrora ekartzeko baliatuko dute jaialdia.
Berrikuntza nabarmen batekin abiatuko dute aldi hau: Bilboko Campos antzokitik Otxarkoaga auzora lekualdatuko dute jaialdiaren egoitza nagusia. Auzoekin duten harremana indartzeko asmoarekin egin dute leku aldaketa, Josu Camara Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiko antolatzaileak kontatu duenez: «Otxarkoaga auzoa izango da jaialdiko agertoki nagusia, baina bestelako auzo batzuetan ere egingo dira ekintzak. Auzoei bultzada eman nahi diegu». Zehazki, Otxarkoagako udaltegian eta Txotena gunean egingo dituzte emanaldi gehienak, baina San Frantzisko auzoan, Deustun eta Basurtun ere izango dira batzuk, besteak beste.
Obra guztien artetik lau taularatuko dituzte euskaraz: Kolorez kolore (Pantzart), Kontukantari III. Zimurren artean kontukantari (Laenananaranja), Harriak Zircus (Picuentos) eta Noraren sekretua (Rosa Martinez & Lagunak). Bi, gaztelaniaz: El secreto de Lucía (Alabazan) eta CERA – 500 horas de vuelo (Carlos Gallardo). Eta gainerakoak hitzik gabekoak izango dira: NIL (Minusmal), Extraordinary Voyage (The Fifth Wheel), El patito feo (A la sombrita), Variations (Di Filippo Marionette), Petits Histoires Sans Paroles (Alinea), Melodama (La Puntual), Claudette (Maleta & Balanceto) eta Ma Solitud (Giullem Alba). Euskal Herriko konpainietatik harago, mundu osoko artistak ere izango dira jaialdian. Tartean, Italiatik, Alemaniatik, Irlandatik, Frantziatik eta Herrialde Katalanetatik etorritako konpainien lanak ikusi ahal izango dira.
Alemaniako The Fifth Wheel konpainiaren ‘Extraordinay voyage’ ikuskizuneko irudi bat, artxiboko argazki batean. BILBOKO NAZIOARTEKO TXOTXONGILO JAIALDIA
Horiek guztiek, baina, gai bera izango dute oinarrian: itsasoari buruzko ikuskizunak izango dira guztiak. «Itsasoak oroitzapen gozoa du batzuentzat, baina latza eta gogorra beste batzuentzat», esan du Camarak. Era horretara, askotariko migrazio mugimenduak azaleratu nahi izan dituzte: «Gaur egun, migratzaileak guregana etortzen dira, baina, sasoi batean, euskaldunak ziren beste herrialde batzuetara emigratu behar izan zutenak». Horixe islatu nahi izan dute aldi honetako kartelean ere: balea bat irudikatu dute, eta, haren gainean, haur batzuk ageri dira, beste herrialde batera emigratzen. «Zoritxarraren erdian, askatasuna eta itxaropena irudikatzen ditu baleak. Memoria zein gogoeta egiteko baliatu nahi izan dugu kartela».
«Familia osoarentzako» izango dira ikuskizun gehienak. «Denetarik ikusi ahal izango da. Oso programa oparoa osatu dugu. Eskaintza zabala da, eta askotariko proposamenak egongo dira aukeran: itzal antzerkia, eskularruko txotxongiloak, harizkoak, ikuskizun musikalak…», adierazi du Camarak. Alabaina, emanaldi batzuk helduei soilik zuzendutakoak izango direla aurreratu du: «Beti pentsatu izan da txotxongiloak haurrentzat direla, baina hori ez da horrela. Aurreiritziak apurtu, eta txotxongiloak publiko zabalarentzako direla erakutsi nahi dugu». Deustuko Fundicion aretoan izango dira helduentzako emanaldi guztiak.
«Beti pentsatu izan da txotxongiloak haurrentzat direla, baina hori ez da horrela. Aurreiritziak apurtu, eta txotxongiloak publiko zabalarentzako direla erakutsi nahi dugu»
JOSU CAMARA Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiko antolatzailea
Txotxongilo emanaldiez gainera, erakusketak, aurkezpenak, solasaldiak eta mahai inguruak ere egongo dira jaialdiak irauten duen bederatzi egunetan. Horien artean, La cortina rasgada. Un viaje entre dos mundos erakusketa nabarmendu du Camarak: «Bizidunen eta hildakoen munduen arteko bidaia bat da erakusketa. Gortina batek bereizten ditu bi munduak, eta, batzuetan, nahastu ere egiten dira bi munduak». Azaroaren 24ra arte bisitatu ahal izango da, Otxarkoagako Txotena gunean. Horrez gainera, Pagoa Hezi elkarteak txotxongiloen sektorea ikertu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Berrogei bat konpainiarekin hitz egin dute denera, eta haren inguruko datuak emango dituzte eguaztenean, Txotena gunean, 19:00etan. «Euskal konpainia guztiak daude gonbidatuta, baina edonori zabalik dago, edonor etor daiteke. Denon artean, sektorearen egoerari buruz hausnartzea da helburua», esan du Camarak.
Gero eta presenteago
Aurreko aldietan egin legez, Bilbotik atera eta Bizkaiko bestelako udalerrietara ere hedatuko dute jaialdia: Basaurin, Arrigorriagan, Muskizen, Lezaman, Larrabetzun, Derion, Areatzan eta Ean emanaldiak eskainiko dituzte jaialdiak irauten duen bederatzi egunetan. «Gero eta herri gehiagotara ari gara zabaltzen jaialdia, eta hori oso pozgarria da».
1982. urtean egin zuten lehenengoz Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, eta, ordutik, etenik gabe antolatu dute. Camararen arabera, etengabe ari da hedatzen txotxongilolaritza, baina aurreiritziek «indar handia» dute oraindik ere: «Herrietako egitarauetan presentzia handiagoa du egun txotxongilolaritzak. Gero eta gai sakonagoak jorratzen dira, estilo aldetik ere aniztasun handia dago…; baina estigmak hor dirau». Jaialdia 43. aldiz antolatzeak, ordea, aurrera jarraitzeko indarra ematen die. «Oso eskertuta gaude».
NABARMENTZEKO emanaldi batzuk
‘Extraordinary Voyage’ (The Fifth Wheel). Txotxongiloak, musika eta dantza uztartzen ditu Extraordinary Voyage ikuskizunak. Txotxongiloek mundu osoa zeharkatuko dute itsasontzi batean, eta, tartean, munduko hainbat herrialdetatik igaroko dira. Iraupena: hiru ordu laurden.
‘Kolorez kolore’ (Pantzart). Koloreak dira Pantzart konpainiaren Kolorez kolore obrako protagonistak. Bi aktore egongo dira oholtza gainean, eta kolorezko etxe bat sortzea izango da haien helburua. Horretarako, txotxongiloak, itzalak, leihoak, kolorezko gurpilak eta Juan Kruz Igerabideren poesia erabiliko dituzte, besteak beste. Musikak ere leku handia hartuko du. Iraupena: hiru ordu laurden.
‘Kontukantari III. Zimurren artean kontukantari’ (La Enananaranja). Pertsona nagusiak jarriko ditu erdigunean Kontukantari III. Zimurren artean kontukantari-k. Ma azkenaldian oso lanpetuta dabilenez, amonaren etxean utziko du Nanu haurra. Nanuk arretaz entzungo ditu amonak zimurren artean gordetzen dituen istorioak: Maruxi eta Erramun Joakin arbasoen kontakizunak. Tartean, askotariko euskal kantak entzun eta abestuko dituzte ikus-entzuleek. Iraupena: ordubete.
‘Harriak Zirkus’ (Picuentos). Harizko sei txotxongilok eta biraderadun organo batek osatzen dute Harriak Zirkus ikuskizuna. Horietako bakoitzaren talentua erakutsiko dute emanaldiaren bitartez. Emanaldietako batean, Bilboko Udal Txistulari Bandak eta Garazi Navas akordeoi jotzaileak parte hartuko dute. Iraupena: hiru ordu laurden.
‘Ma solitud’ (Giullem Alba). Eskuak izango dira Giullem Albaren Ma solitud emanaldiaren abiapuntua. Komedia eta poesia uztartuko ditu, eta umorea emozioekin nahastuko du. Gizatasunaren garrantzia nabarmendu nahi izango du artistak, hitzik gabeko ikuskizun horretan. Emanaldiak formatu txikiko ikuskizun onenaren FETEN saria eskuratu zuen 2023. urtean. Iraupena: 25 minutu.
‘Noraren sekretua’ (Rosa Martinez & Lagunak). Noraren sekretua-n, neskatila atsegina, alaia eta bihotz handikoa da Nora. Amama Maritxurekin eta Aingeru lagun minarekin igarotzen ditu egunak. Alabaina, Noraren bizimodua guztiz aldatuko da Gotzon ikaskide berria agertzen denean: Noraren mundu baketsua hankaz gora jarriko du. Iraupena: 50 minutu.