Askotan, baina askotan-askotan, entzun behar izan dudan esaldi bat da: «Bilbotarra izateko oso ondo hitz egiten duzu euskaraz». Ez dakit zein helbururekin eta zertarako esaten duten halakorik, baina bilbotar —tira, deustuar— euskaldun gisa guztiz lekuz kanpokoa iruditzen zait. Ulertuko naute Barakaldoko, Karrantzako eta Galdamesko euskaldunek. Bilboren tokian herri horietako bat jarrita berdin funtzionatzen du esaldiak. Ez diot inoiz entzun inguru erdaldunean bizi den euskaldun bati halakorik esaten; bai, ordea, arnasguneetako euskaldun petoei. Zergatik?
Pentsatu nahi dut horrelakoak esaten dituzten euskaldunen buruan aitortza bat dela esandakoa, edo horrelako zerbait. Nire ustez, ordea, ez du funtzionatzen. Momentu horretan bertan arrakala bat sortzen dute euskaldunen artean: arnasguneetako euskaldun jatorrak diren haiek —noski, euskalkidunak— eta inguru erdaldunetan hazita ere euskara «oso ondo» hitz egiteko gai izan garen gu. Noski, haiek ezarri dute zer den «oso ondo» eta nori esleitzen zaion maila egokia eta nori ez. Ergatiboa gaizki darabilenari, nabarmen z eta x ahoskatzen ez dituenari edo lexikoan gaztelaniazko berba asko erabiltzen dituenari ez zaio aitortzarik egiten eta ez zaio baliorik ematen.
Duela pare bat aste Ander Urzelaik euskaraz lehen hitza egitearen inguruko buruhauste zenbait plazaratu zituen Bazkalosteko ebakia iritzi artikuluan, non eta Bilbon. Erabat identifikatua sentitu nintzen haren hitzekin. Horrelako itolarria askotan bizi izan dut erdaldunekin; baina euskaldunekin ari banaiz, lasai egon beharko nintzateke, ez? Zergatik sentitzen naiz hain epaitua?
Ez dugu behar inork gogora diezagun erdaldun eremuan bizi garela, proportzioan gutxi garela eta ohikoa dela gure euskara maila traketsa edo ez hain ona izatea
Akatsekin hitz egitearen aldekoa naiz; egin, erabili eta apurka zuzendu. Hori da ikasteko modu bakarra, hori da gure hizkuntzak irauteko duen manera bakarra. Baina, bereziki inguru erdaldunetan, askotan ematen du euskara maila oso altua (nork zehazten du zer den hori?) ez baldin baduzu, ezin duzula euskaraz hitz egin. Askotan, guk geuk mugatzen dugu geure burua, bai, baina kanpotik ere mugak jartzen dizkigute beste euskaldunek.
Beste batentzat naturala dena niretzat, eta beste askorentzat, ez da naturala. Ahalegina eta hautua dakartza euskaraz hitz egiteak Bilbon, erabakia eta kontzientzia, eta bestelako euskaldun natural horien laguntza behar dugu eroso eta babestuta sentitzeko eta euskara gehiagotan eta gehiago erabiltzeko. Landu eta ikasteko ardura dugun arren, utzi behar diogu geure buruari lasai ibiltzen, ikasten eta erratzen. Batzuetan ahalegin betean ibiltzeko gogotsu gabiltza; beste batzuetan, ordea, gaztelaniazko berezko joeran errenditzen gara. Horrek ez gaitu euskaldun okerragoak egiten; egiten gaitu bakoitzak bizi duenaren errealitatearen isla.
Ez dugu behar inork gogora diezagun erdaldun eremuan bizi garela, proportzioan gutxi garela eta ohikoa dela gure euskara maila traketsa edo ez hain ona izatea. Behar ditugu euskaraz egingo diguten adiskide eta ezagunak, akatsa egiten dugunean ez gaituztenak epaituko, eta, ulertuko dutenak, gaur-gaurkoz, batzuetan gaztelaniaz egingo dugula, eta ez dugula gure bizitza euskara hutsean bizitzen.