Ehun urte harremanak josten

Ehun urte harremanak josten

​Besteak beste, Danimarkaren, Finlandiaren, Maltaren, Brasilen, Dominikar Errepublikaren, Boli Kostaren, Marokoren eta Jordaniaren ordezkariak dira Bilbon. Kontsulatuek askotariko zereginak dituzte, Glenna del Valle Cabello Venezuelak Bilbon duen kontsul orokorraren arabera, baina bereziki ezaugarri bat azpimarratu du: jardun diplomatikoaren «aurpegi humano eta gertukoena» direla. Cabello Bilboko Kidego Kontsularreko dekanoa da; hau da, hiriburuan dauden kontsulen artean, urte gehien daramana karguan. Hori dela eta, Bilboko Kidego Kontsularreko Batzordeko presidentea ere bada.

1924an sortu zen Bilboko Kidego Kontsularra, hirian zeuden 26 kontsulen ekimenez. Bilbon dauden kontsulak ordezkatzen dituen erakunde administratiboa da, eta kontsulatuetako bakoitzak egiten duen lana talde modura bideratzea da haren egiteko nagusia. Urte hartako urriaren 4an elkartu ziren erakundea sortzeko, eta urriaren 29an egin zuten ofizial. Joan den astean bete zen, beraz, lehen mendeurrena, eta gala afari batekin ospatu zuten Bilbon bertan, Guggenheim museoan. Bilboko, Bizkaiko eta EAEko agintari nagusiek, Espainiako Gobernuaren ordezkariek eta hainbat herrialdek Espainiako Erresuman dituzten enbaxadoreek hartu zuten parte ospakizunean, Bilbon dauden kontsulekin batera. Gaur egun, kontsulek 35 herrialde ordezkatzen dituzte Bizkaian.

Cabellok azaldu duenez, kontsulatu orokorren funtzioak 1963ko Vienako Konbentzioan zehaztuta daude. Hiru helburu nagusi dituztela esan du. Batetik, Bilbon edo inguruan bizi diren euren herrialdeetako herritarrei arreta eskaintzen diete: erregistroei eta baimenei dagozkien tramiteetan lagundu, eskubideak babesten lagundu… Bigarrenik, euren eragin esparruko eragile publiko eta pribatuekin harreman politiko eta instituzionalak sendotzen dituzte, euren estatuen ordezkaritza hobetzeko. Azkenik, Espainiako Estatuaren eta norberarenaren arteko harremanak sustatzen eta sendotzen dituzte hainbat arlotan: merkataritza, ekonomia, kultura, zientzia eta adiskidetasuna.

Bilboko Kidego Kontsularra

Alemaniako ohorezko kontsula. Michael John Voss. 
Austriako ohorezko kontsula. Carmen Diez del Sel Canales.
Belgikako ohorezko kontsula. Sylvie Lagneaxu Bonelli.
Boliviako kontsula. Henry Vasgas Rubin de Celis. 
Brasilgo ohorezko kontsula. Tomas Gonzalez Perez. 
Cabo Verdeko ohorezko kontsula. Gonzalo Alvarez Urkixo.
Kolonbiako kontsul orokorra. Maria Pilar Gomez Valderrama. 
Zipreko ohorezko kontsula. Philios Andreou Sphika.
Hego Koreako ohorezko kontsula. Juan Manuel Arana Aretxabala. 
Estoniako ohorezko kontsula. Isidoro Beltran de Heredia.
Filipinetako ohorezko kontsula. Susana Palomino Bilbao.
Finlandiako ohorezko kontsula. Carolina Perez Toledo.
Frantziako kontsul orokorra. Marianne Carre.
Ginea Bissauko ohorezko kontsula. Luis Angel Urrutikoetxea Zarate
Hungariako ohorezko kontsula. Juan Carlos Perez Unzueta.
Irlandako ohorezko kontsul orokorra. Rocco Caira.
Islandiako ohorezko kontsula. Maria Jose Bilbao Mentxaka.
Italiako ohorezko kontsula. Gorka Varaballe.
Letoniako ohorezko kontsula. Iñigo Gomez Bilbao.
Lituaniako ohorezko kontsula. Enrique Palomino Bilbao.
Luxenburgoko ohorezko kontsula. Luc Theis.
Maltako ohorezko kontsula. Iñigo Javier Nagore Aparicio.
Marokoko ohorezko kontsula. Jose Manuel Zaldo Santamaria.
Marokoko kontsul orokorra. Sidi Mohammed Biedallah.
Pakistango ohorezko kontsula. Rafael Gabiri Gimenez.
Herbehereetako ohorezkoko kontsula. Silvia Asenjo Villa.
Peruko kontsul atxikia. Jorge Perez Moscoso.
Portugalgo ohorezko kontsula. Juan Antonio Liedo Rojo.
Erresuma Batuko ohorezko kontsula. Jose Luis Briceño Romero.
Txekiar Errepublikako ohorezko kontsula. Mikel Garteiz-Goxeaskoa.
Dominikar Errepublikako ohorezko kontsula. Juan Jesus Alvarez Campos.
Errumaniako kontsulatuko jarduneko burua. Tiberiu-Mugurel Dinu.
Suediako ohorezko kontsula. Javier Font Perez.
Suitzako ohorezko kontsula. Markus Schaub. 
Uruguaiko ohorezko kontsula. Marcos Picornell Rowe.
Venezuelako kontsul orokorra. Glenna del Valle Cabello de Daboin. 

Cabello kontsul orokorra da, baina badaude beste ordezkari mota batzuk ere: kontsula, kontsulordea eta kontsulatuko agentea, Juan Carlos Perez Unzueta Hungariako ohorezko kontsulak azaldu duenez. Horrez gain, Bilboko Kidego Kontsularreko Batzordeko idazkari nagusia ere bada. Kargu horiek guztiak bi eratakoak izan daitezkeela zehaztu du: minus eta ad honorem. Lehenak kontsulatua duen estatuko herritarrak dira —hori da Cabelloren kasua—; izan dezakete karrera diplomatikoa edo izan daitezke beren-beregi kargurako izendatutakoak. Ad honnorem edo ohorezkoak, berriz, kontsulatua dagoen tokikoak dira —Perez Unzueta, berbarako, bilbotarra da—. «Profesionalak, enpresariak edo bestelako lanbide bat dutenak izaten dira, eta kontsula bidaltzen duen herrialdeari azpiegitura, denbora eta lanerako gaitasuna eskaintzen dizkie, herrialde bien arteko harremanak hobetzeko», azaldu du Perez Unzuetak.

2013an, Hungariako Gobernuak kontsulatua irekitzeko egindako proposamena onartu zuen Espainiako Atzerri Ministerioak, eta orduan izendatu zuten Perez Unzueta ohorezko kontsul Bilbon. Haren eragin esparrua Hego Euskal Herria eta Errioxa (Espainia) dira. Ohorezko kontsulek harremanen bat izaten dute izendatu dituen herrialdearekin. Perez Unzuetak, adibidez, emaztea hungariarra du. «Nire seme biek hungarieraz hitz egiten dute; euskara bezala, ez da indoeuroparra».

Bilboko Kidego Kontsularreko kideak eta Bilboko udalbatza, urriaren 28an, Bilboko udaletxean. BILBOKO UDALA

Zaharragoa da Venezuelak Bilbon duen ordezkaritza, Cabellok kontatu duenez. Duela ehun urte Bilboko Kidego Kontsularra sortu zutenetako bat izan zen Venezuelako orduko ordezkaria. Kasu honetan, Hego Euskal Herriaz eta Errioxaz gain, Kantabria ere (Espainia) badago Cabelloren eragin esparruan. «Venezuelak Bilbo aukeratu zuen, hiriak duen garrantziagatik eta Venezuelaren eta Bilboren arteko lotura historikoengatik. Hori da hirian kontsulatua duten herrialdeek erabili duten irizpidea; baita Latinoamerikakoek ere».

Bi aldeen onurarako

Perez Unzuetaren esanetan, Bilboko, Bizkaiko eta EAEko erakunde publiko zein pribatuei ere mesede egiten die kontsulen bitartez sustatzen den harremanak. Bizkaia eta Hungaria arteko merkataritza balantzak fluxu positiboa du esportazioetan: 49.000 euro 2021ean, eta 62.300 euro iaz. 28.000 euroren eta 46.000 euroren inportazioak urte beretan. Hau da, 21.000 eta 16.000 euro arteko superabita. Besteak beste, autogintzako piezen, kontserben eta ekipo ondasunen esportazioak nabarmentzen dira. Horrez gain, ikerketa eta berrikuntza arloko proiektuak bultzatzen ari dira Euskal Herriko eta Hungariako ikerketa zentroetan, Europa 2030 Agendaren barruan.

Hungariarren komunitatea txikia da Euskal Herrian. Batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan bizi direla esan du kontsulak. «Integratuta dagoen komunitate lasai b at da; ezkontza mistoak ditu. Medikuak, unibertsitateko irakasleak, Europako Batasuneko funtzionarioak, musika arloko irakasleak eta erdi mailako profesionalak dira, gehienbat».

«Premiazko erronkak ditugu, besteak beste klima larrialdiaren, gatazka armatuen eta adimen artifizialaren ondorioz sortutakoak»
JUAN CARLOS PEREZ UNZUETA Hungariako ohorezko kontsula Bilbon eta Bilboko Kidego Kontsularreko idazkari nagusia

Venezuelaren eta Euskal Herriaren arteko harremanak zaharragoak eta estuagoak dira. Cabellok azpimarratu duenez, Venezuelako euskal diaspora handia da, eta horrek eragina izan du ekonomian, merkataritzan, kulturan eta akademian. Gutxienez, euskal jatorriko 50.000 herritar bizi dira han. Euskal Herrian ere venezuelar asko bizi dira: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berbarako, 25.000. Cabellok kontatu du azken urteetan asko etorri direla, Venezuelari ipini dizkioten «alde bakarreko neurri hertsatzaileak» direla-eta migrazioa handitu delako. Hala ere, esan du zaila dela datu zehatzak zein diren jakitea, bi herriak nahastuz joan direlako, eta «nortasun euskal-venezuelarra sortuz». Bestelako lotura batzuk ere aipatu ditu. Esaterako, Simon Bolibar Askatzailea-ren jatorria Bizkaian dago, eta venezuelarrentzat hunkigarria da Ziortza-Bolibar bisitatzea. Martxoan, Venezuelako Kontsulatuko kideek lekukoa eroan zuten Korrika Ziortza-Bolibartik pasatu zenean.

Garaian garaikoa

Garai korapilatsuan sortu zen Bilboko Kidego Kontsularra. Perez Unzuetak eta Cabellok azpimarratu dutenez, garai ezegonkorrean sortu zuten erakundea: bi mundu gerren arteko urteetan eta 1929ko mundu mailako krisialdi ekonomikoa piztu aurretxoan. Gerora ere garai zailak izan dituztela azpimarratu du Cabellok: besteak beste, 36ko gerra eta Euskal Herriak izan dituen gatazka eta etapa historikoak aipatu ditu. Venezuelako kontsularen arabera, kidego kontsularrak garaian garaira egokituz joan da: «Gure herrialdeen kanpo ekintzak eta ekintza diplomatikoak izan duten bilakaerarekin batera eboluzionatu du». Haren esanetan, mundua «gero eta asaldatuago» dago, eta egoera horretan paradigmak birplanteatzen ari direla sumatzen da. «Premiazko erronkak ditugu, besteak beste klima larrialdiaren, gatazka armatuen edo adimen artifizialaren ondorioz sortutakoak», gehitu du Perez Unzuetak.

Aurrerantzean ere Bilboko Kidego Kontsularrak nazioarteko dinamiketara egokitu beharko duela uste du Cabellok: «Kontsulatuen eta gure nazioen lehentasunei erantzun beharko diegu, euskal gizarteko maila guztiekin ditugun harremanak ahalik eta gehien sendotzen jarraitzeko». Aldi berean, esan du lan egingo dutela Espainian dauden enbaxadek Bilbon ohorezko kontsul gehiago izendatu ditzaten; besteak beste, kontsul izateko hautagaiak proposatuz. Joan den asteko gala afaria mendeurreneko ospakizunetan garrantzitsuena izan zen, baina ez bakarra: bezperan, Bilboko Udalak harrera egin zien. Urte osoa daroate ehun urteak ospatzen. Agenda oparoa eta «anbiziotsua» izan dute: kultura erakustaldiak, literatura jardunaldiak, zinemaldiak, jarduera gastronomikoak, hitzaldiak, jardunaldi akademikoak eta bestelakoak antolatu dituzte. Azken ekitaldia urtarrilaren 30ean izango dute: Bilboko Kidego Kontsularraren historia errepasatuko duen hitzaldi bat izango dute.

Ekitaldi sorta oparo horrekin, ospatu ez ezik beren lana ezagutarazi ere egin nahi izan dute. Perez Unzaluren ustez, garrantzitsua da bizkaitarrek kontsulatuak daudela jakitea. «Guregana jotzen duten gehienak kontsula duen herrialdekoen koloniakoak izaten dira, baina baita herrialde hauetan interesak dituzten hemengo herritarrak eta enpresak ere. Halakoetan, kontsul horrek fede emaile publiko gisa jokatzen du, eta pertsona indibidual horren sinadura legeztatzen du, herrialdeko filialaren ahaldun gisa».