«Kobetako erregistroak hegazkinetako kutxa beltzak bezalakoak dira»

«Kobetako erregistroak hegazkinetako kutxa beltzak bezalakoak dira»

​Geologian doktorea eta zientzia diziplina horretako ikerlaria da Arantza Aranburu (Olaberria, Gipuzkoa, 1966). Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle lanetan aritzeaz gainera, Pozalaguako kobako espeleotemen degradazio prozesuen aurretiazko azterketa kaleratu du, beste geologo batzuekin elkarlanean. Hain zuzen, Laura Damas Molla, Irantzu Alvarez, Arantxa Bodego, Iñaki Yusta, Maite Meaurio, Jesus Angel Uriarte eta Iñaki Antiguedad ikerlariek ere hartu dute parte lan horretan. Egunotan Karrantzan egin duten bederatzigarren Cuevatur kongresuan aurkeztu dute, eta, Aranburuk berak aurreratu duenez, gaiaren inguruan aztertzen jarraitzeko asmoa dute. 

Zein izan da Karrantzako Pozalaguari buruzko ikerketa egiteko abiapuntua?

Ez da Pozalaguako kobaren inguruan egin dugun lehenengo azterketa; modu jarraian ez bada ere, urteak daramatzagu koba horri buruzko ikerketak egiten. Lantalde bezala dago, eta barne akordio moduko bat sinatu genuen elkarrekin lanean hasi ginenean: gizarte interesa pizten duten gaiak aztertzea erabaki genuen. Nazioarteko lanak egiten baditugu ere, gure helburu nagusia da gertuko gizarte beharrei ahalik eta erarik onenean erantzutea. Kobak altxorrak dira, eta pentsatu genuen horiek aztertzea eta nolabaiteko oinarri geologikoa ematea bidezkoa izango litzatekeela. Euskal Autonomia Erkidegoan sei mila koba daude eta, Pozalaguaren kasuan, noraezean hazten diren espeleotemak dira horren ezaugarririk bereziena.

Zer dira espeleotemak?

Espeleotema hitza termino orokorra da: uretatik edota uretan sortzen diren kristalak sailkatzeko erabiltzen da. Kristal horiek izan daitezke grabitatearen eraginez sortutakoak, estalaktitak, banderolak edo irristaduraren bidez sortzen diren koladak. Baina urak elementu jakin batzuk izan behar ditu kobako arrokak zeharkatzen dituen heinean espelotemak sortu ahal izateko. Hain justu, lurzorua zeharkatzerakoan, ura azidotu egiten da, kareharria disolbatzen du eta disolbatutako kareharri horretatik kristalak sortzeko elementuak bereganatzen ditu. Hala, kobara heltzen denean, baldintzak egokiak badira, espeleotemak sortuko dira. 

Nola daude Pozalaguako espeleotemak?

Beste koba batzuetan gertatzen ari den bezala, Pozalaguan ere degradatzen ari direla ikusi dugu. Prozesu natural baten ondorio izan daiteke, besterik gabe: urak kobara heltzeko egiten duen bidea zenbat eta handiagoa izan, arinago igarotzen da, eta denbora gutxiago du kareharria disolbatzeko eta horren elementuak bereganatzeko. Azido kantitatea murriztu egiten da, eta horrek espeleotemen degradazioa eragin dezake. Hala ere, hain erraz ulertzekoak ez diren beste patologia batzuk ere degradazioaren eragile izan daitezke. Hain zuzen, espeleotema batzuk desegin direla ikusi dugu, baina guztiz disolbatu gabe: gogortasuna galdu dute, barrunbea hutsik dago eta kanpokoak arrautzaren azalaren itxura du. Degradatuta dago, baina ez guztiz disolbatuta, eta horrek beste arrazoi bat behar du. 

«Gogoratu behar dugu kobazuloetan izakiz beteriko beste mundu bat dagoela eta bertan idatzita geratuko dela gizakiok kanpoan egiten duguna»

Hipotesirik garatu duzue?

Ditugun hipotesiek pentsarazten digute kobazulora iristen den CO2ak ur lurrunarekin bat egiteak eragina izan dezakeela espeleotemengan. Baina oraindik ez dugu baieztatu. Egindako ikerketan lortutako lehenengo datuekin, agerian jarri nahi izan dugu koban zer dagoen, zelako kristalak ari diren sortzen, eta zein den bizirik eta osasuntsu dauden espeleotemen egoera. Aurten, gainera, Pozalaguako kobako sabaian zegoen plaka bat erori da, eta hori ere bada nolabaiteko degradazioa. Prozesu natural baten bidez erori den aztertu nahi dugu, edo beste arrazoiren bat egon daitekeen argitu. Jakin behar dugu hori berriz gerta daitekeen eta kobako zein tokitan, norbaiten buruan jotzekotan arriskutsua izan daitekeelako.

Zelako informazioa lor daiteke kobak aztertu ahala?

Kobetako erregistroak hegazkinetako kutxa beltzak bezalakoak dira. Kanpoan gertatzen diren gauza guztiak gordetzen dituzte: euri gehiago edo gutxiago egiten duen, ingurune horretan hazten diren landareak zeintzuk diren, ingurune horretako urteko batez besteko tenperatura zenbatekoa den… Gizakiok naturarekiko dugun jarreraren eta klima aldaketaren isla dira. Dena den, Pozalaguako espeleotemek magnesio kantitate handiak dituzte eta horrek klimatologiaren inguruko informazioa irakurtzeko zailtasunak eragiten ditu. Jakin badakigu, ordea, koba horretako estalagmitetan sekulako klima erregistroa dagoela. Bostehun milioi urte atzera egiteko aukera ematen digute, zehazki.

Kobazuloak behar bezala zaintzea aski garrantzitsua da, beraz.

Bai, eta nik uste dut koben inguruan aritzen garenean ez garela ohartzen horiek izan dezaketen garrantziaz. Gogoratu behar dugu hor azpian izakiz beteriko beste mundu bat dagoela eta bertan idatzita geratuko dela kanpoan egiten duguna. Hori esaten dut edozein zirrikitutik gauzak botatzen ditugulako maiz. Tolosa [Gipuzkoa] inguruan, zehazki, kobak garbitzeko ekimen bat hasi dute. Garbiketak egin bitartean, askotariko gauzak aurkitu dituzte zulo desberdinetan: kotxeetako eta kamioietako bateriak, gurpilak, garbigailuak, pilak, plastikoak, hezurrak… Ez gara konturatzen askotan hortik igarotzen dela iturrietatik edaten dugun ura. Beraz, jendearen kontzientzia esnatu nahiko nuke, baldin eta lokartuta badago: kontuz ibil gaitezen eta kobak zaindu ditzagun.