Bizkaian, ugaritzen ari dira energia komunitateak: dagoeneko, halakoak daude Larrabetzun, Diman, Urduñan eta Bermeon, besteak beste. Eta litekeena da Durango batzea zerrenda horretara. Trantsizio Energetikorako Durangoko Herritar Taldeak antolatuta, asteazkenean hitzaldi informatibo bat eman zuten herrian Errenteriako (Gipuzkoa) energia komunitateko kide Jose Mitxelenak eta Goiener kooperatibako kide Leire Ugartek —halaber, kooperatibak energia komunitateen inguruko informazioa eta erantzunak jasoak ditu bere webgunean—. Oraindik asmoa baino ez da, baina itxaropentsua da Ugarte (Urduña, 1996). «Hainbeste biztanlerekin, esango nuke oso egingarria eta errealista dela». Kooperatiba bidelagun izan da hainbat energia komunitateren garapenean.
Zer da energia komunitate bat?
Pertsona talde bat da, gaur egun daukagun energia sistema jasangaitz honi alternatiba jasangarri bat emateko sortu dena eta sistema berri bat eraikitzeko helburua duena.
Zerk egiten du jasangaitz egungo sistema?
Arlo ekonomikoan, energia oligopolioen esku dago. Gainera, gutxi batzuen esku dago eta botere desoreka ere badago. Eta, noski, ingurumenari dagokionez, baliabideen esplotazio argi bat dago, eta baliabideen banaketa ere ez da bidezkoa. Dena lotuta dago: justizia soziala, ekonomia eta ingurumena.
Energia komunitate bat nondik hornitzen da, oro har?
Energia sorkuntza ez da komunitate baten helburu bakarra: lehenengo, sentsibilizazioa dago; gero, kontsumo murrizketa, eta efizientzia neurriak hartzea —isolamendu egokiak ipintzea, batez ere—; eta, noski, kontsumituko dugun energia hori berriztagarria izatearen aldekoak gara. Askotariko proiektuak proposa daitezke. Energia sorkuntzari dagokionez, lehenengo proiektua fotovoltaikoa izan ohi da, gaur egun errazena delako, garatuena eta ezagunena. Baina eolikoa ere nahiko baloratzen dute, eta hidraulikoa ere planteatu da inoiz: kontua da hidraulikoa martxan jartzea konplikatuagoa dela, jabetzengatik, Uraren Agentziaren baimenengatik… Biomasa proiektuak ere badaude.
Hau da, energia sortzen hasi baino lehen, komunitateak baditu bestelako lan batzuk.
Bai. Askotan, jendeak pentsatzen du plakak jarrita bere kontsumoa aseko duela. Eta ez da inolaz ere horrela. Proiektu fotovoltaikoek beren ekarpena egiten dute trantsizio energetiko batean, baina ez dugu aseko gure kontsumo dena plaka fotovoltaikoekin, ezta herri guztia plakaz josita ere.
«Proiektu fotovoltaikoek beren ekarpena egiten dute trantsizio energetiko batean, baina horiekin ez dugu aseko gure kontsumo dena»
Martxan dauden energia komunitateei dagokienez, lortu dute behar duten energia guztia iturri berriztagarrietatik ateratzea, edo oraindik ezin da bermatu?
Ez, ezin da bermatu. Errazena plaka fotovoltaikoak jartzea da, eta eguneko kontsumoaren %30 asetzen dute, askoz jota. Gainontzekoa saretik kontsumitu beharra dago: sareak baditu iturri berriztagarriak, baina badago energia fosila ere, nuklearra…
Zer baldintza bete behar dira energia komunitate batean parte hartzeko?
Lan egiteko eta gauzak aldatzeko nahia behar da, eta antolatzeko prestasuna. Ez da sekulako lana, ez dut gura esan lanaldi osoak egin behar direnik, baina energia komunitate batek eskatzen du taldean batzea, ideiak proposatzea, bileretan agertzen diren zalantzei erantzutea…
Durangok 30.000 biztanle inguru ditu: kopuru horrek oztopo teknikoak sor ditzake?
Ez. Energia sorkuntza proiektuei dagokienez, plaka fotovoltaikoak erabiltzen badira, hara lotzen direnek bi kilometrora egon behar dute gehienez. Baina badago sorkuntza puntu bat baino gehiago jartzea, denok lotu ahal izateko. Ez dut kontsumitzaile hitza erabiltzen, ematen baitu komunitatean parte hartzeko nahitaez plaken energia kontsumitzen egon behar duzula. Onuradunak direla esaten dut, jendeak onura bat ateratzen duelako komunitate hori existitzen delako: lortzen dute herrian erreferente bat egotea energiari dagokionez, sikiera aholkularitza edo sentsibilizazio egitasmo bat, eta horrek egiten du denok izatea onuradun, energia kontsumitu edo ez.
Durangoren ezaugarriei erreparatuta, zer ekarpen egingo lioke energia komunitate batek?
Energia burujabetzaren aldeko pauso oso garrantzitsu bat izango litzateke. Azken finean, energiaren arloan, kontrola oso eskuordetuta dago; aldi berean, pertsonok egunero kontsumitzen dugu energia, gaur egungo bizitzan elikagai oso garrantzitsua da, eta elikagai horren kontrola, ezagutza eta kudeaketa geureganatzeak bizitzan hobekuntza bat ekarriko digulakoan gaude. Elikadura burujabetzarekin alderatzen dut: saltoki handien esku utz dezakegu, edo alternatiba lokalak sor ditzakegu, kate osoa errespetatzen eta kontaktuan jartzen dutenak.
«Plaka fotovoltaikoak erabiltzen badira, hara lotzen direnek bi kilometrora egon behar dute gehienez; baina badago sorkuntza puntu bat baino gehiago jartzea»
Herritarrena izan ohi da energia komunitatea sortzeko ekimena?
Normalean, udalek deitzen digute, asmoa daukatelako prozesu parte hartzaile bat egiteko; trantsizio energetikorako legeek esaten dutenak baldintzatuta, badakite pausoak egin behar dituztela. Baina prozesuan herritarrek dute ezinbesteko rola. Are, udalak ezer gutxi esaten du, konprometitzen delako erabakiak herritarren esku uztera. Dena den, geroz eta gehiago, herritar taldeak dira gurekin harremanetan jartzen direnak. Prozesu antzekoa egiten dugu, baina udalaren parte hartze aktiborik gabe. Baina egia da hain dela argia herriarentzat zerbitzu on bat dela, udalak baietz esaten baitu bazkidetzeko edo parte hartze aktiboago bat izateko proposatzen zaionean.
Durangori dagokionez, nor jarri zen zuekin harremanetan?
Kasu horretan, justu, herritar talde bat izan zen. Baten batek esperientzia zuen beste komunitate baten garapenean egon delako. Goienerrek, behintzat, ez du kontakturik izan udalarekin.
Oraindik asmoa baino ez da. Onartzekotan, zein lirateke hasierako urratsak?
Interesa pizten hasten gara; bilera batekin, adibidez. Gero, Goienerren eta talde motorraren artean formakuntza eta kosorkuntza egiten da. Formakuntzari dagokionez, Goienerrek pilula informatiboak eramaten ditu bileretara, eta kosorkuntza saioetan ideiak ateratzen joaten gara, lantaldetan jarrita, dinamiken bidez… Zortzi saio inguru izaten dira. Ibilbide horretan, batzuek alde teknikoa asko lantzen dute, eta, prozesua amaitzerako, instalazio proiektu baten ideia itxi bat izaten dute; beste batzuetan, arreta handiagoa jartzen diote herrian aholkularitza bat eskaintzeari, edo eskolekin lan egiteari, hitzaldiak eta sentsibilizazioa egiteari…