Ingelesez lotsa esan gura du shame hitzak. Adingabeen aurkako abusuen inguruko erakusketa baten izena ere bada, eta Basauriko Ariz dorrean dago ikusgai, azaroaren 20ra arte. Lotsa, norena? «Gizartearena», erantzun du Pepe Godoyk. 2018an bideo bat zabaldu zuen kontatuz umea zela Basauriko Baskonia futbol taldeko entrenatzaileak abusuak egin zizkiola. «Abusatzaileen konplizea den gizartea; abusuen aurrean isilik geratzen dena», zehaztu du. Godoyk dioenez, biktimek ere sentitzen dute lotsa, beste sentimendu batzuen artean: «Batez ere, erruduntasuna, gertatu denaren parte sentitzen zarelako; zuk onartu duzula sentitzen duzulako». Azaldu duenez, gertatu zaiona kontatu ahal izateko gakoa da biktimak ulertzea bera ez dela erruduna izan. «Erru sentimendu hori askatu behar duzu; erasotzaileak eta hura babestu dutenak dira erantzuleak».
Godoyk uste du, neurri batean, lortu duela lotsa gainditzea. Baita Juan Cuatrecasasek ere. Erakusketan dauden testigantzen artean bizkaitarren lekukotasun bakarrak dira haienak. Leioan Opus Dei erakundeak duen Gaztelueta ikastetxeko irakasle batek abusatu zuen Cuatrecasasez, 2008-2009ko eta 2009-2010eko ikasturteetan, eta ikaskideetako batzuek ere jazarri zioten. Hark azpimarratu du burutik erabat erauzi ezin daitekeen sentimendua dela lotsarena: «Abusuak sufritu ditugunon sendatze prozesuetan garrantzitsua da lotsa galduz joatea, baina oso barneratua dugu, eta ezinezkoa da erabat gainditzea».
Cuatrecasasen abusatzailea errudun jo zuen justiziak, baina familiak bide luze eta aldapatsua egin behar izan zuen hori lortzeko. Erasoak salatu zituztenean, ez zuten babesik topatu. Are gehiago, auzitan ipini zuten biktimaren kontakizuna. Ez zien sinistu ez ikastetxeak, ez Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ikuskaritzak, ez Elizak. Ikastetxeak irakaslea defendatu zuen, eta biktimaren kontakizuna gezurra zela sinetsarazteko kazetarientzako bisita gidatua ere antolatu zuen.
Pepe Godoyren argazkia, ‘Shame’ erakusketan. SIMONE PADOVANI
Basaurin erasoaren kontrako manifestazio jendetsua egin zuten 2018an, Godoyk bideoa zabaldu zuenean. Herritar askok babestu zuten, baina beste askok isilik geratzea erabaki zuten. Bideoa kaleratu aurretik, Godoyk abusatzailea entrenatzaile zen Baskonia klubekoekin hitz egin zuen, laguntza eskatzeko. «Iradoki zidaten bazekitela zer gertatzen zen, baina ez zutela ezer egingo. Hasieran taldetik kenduko zutela esan zidaten; gero, ezetz». Godoyk horregatik erabaki zuen berari gertatutakoa zabaltzea.
«Herriko eta herrialdeko hainbat hedabidek klubaren lorpenak goraipatzen dituzte. Sinesgaitza da hura onartu eta babestu zutenek izen on soziala izatea»
PEPE GODOY Umetan entrenatzaileak abusuak egin zizkion
Entrenatzaileak Godoyri egindako abusuak preskribatuta zeuden dagoeneko, baina ez Godoyk bereak kontatu zituenean salaketa ipini zuen gazte batenak, eta horri esker epaitu eta kondenatu zuten entrenatzailea. «Gizon horren aurka epai irmo bat dago, klubean zeudela hiru urtez ume batez abusatu zuela dioena. Klubak oraindik ez du ezer onartu», esan du Godoyk. Uste du gaur egun berriro gerta daitekeela antzeko zerbait Baskonian, entrenatzaile haren kasuan horrela jokatu izanak ez baitu ondoriorik izan klubean: «Basauriko politikariek ez diote errietarik egin. Orduan zituen diru laguntzak jasotzen ditu, orduan erabiltzen zituen udal futbol zelaiak erabiltzen ditu, eta orduan baino ume gehiago ditu. Herriko eta herrialdeko hainbat hedabidek klubaren lorpenak goraipatzen dituzte. Sinesgaitza da hura onartu eta babestu zutenek izen on soziala izatea».
Legedian, pausoak
Cuatrecasasen, Godoyren eta erakusketan ikus daitezkeen gainontzeko biktimen argazkiek erakusten dute «lotsa eta beldurra galdu» dituztela, baina baita «gizarteak eta erakundeek» ez dituztela «lagundu eta babestu» ere, Eukene Aranaren arabera. Haurren babesaren eta tratu onaren alde lan egiten duen Zain irabazi askorik gabeko kooperatibaren idazkari nagusia da Arana. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide ere izan zen 2016-2020 legealdian, eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean sexu abusuen biktimen ponentzia sustatu zuen. Aranak gogoratu duenez, legebiltzarrak iazko azaroan aitortu zuen ez zaiela kasurik egin biktimei: «Erakundeek orain arte ez dute lan egin biktimei sinisteko, erreparazioa emateko eta justizia egiteko».
Legebiltzarkide ohiak ohartarazi du gizarteak eta erakundeek ezin dutela auzitan ipini biktimen egia: «Ez gara ez epaileak, ez poliziak; ez daukagu eskumenik epaitzeko zer den egia eta zer ez. Egin behar duguna da biktimak enpatiaz entzun eta babestu, dagokion prozesua hasten lagundu, dagokionak erabaki dezan kontatu dutena egia den edo ez. Osatzen lagundu behar ditugu, eta bizitzak berreraikitzeko behar dituzten baliabideak eskaini». Helburu horrekin onartu du aurten Eusko Legebiltzarrak Haurren eta Nerabeen Legea.
Espainiako Gorteek ere onartu dute adingabeak indarkeriatik babesteko 8/2021 lege organikoa. Ekainaren 4an onetsi zuten. Juan Cuatrecasas Asua —Gaztelueta auziko biktimaren aita— PSOEko diputatua izan da 2019-2023ko legealdian, eta legearen sustatzaileetako bat izan zen. Umetan abusuak sufritu dituztenen ANIR Espainiako elkarteko sortzaile eta bozeramailea da. Kasua argitara atera zenean, Euskal Herritik joan zen familia osoa. Azaldu duenez, Espainiako Estatua «aitzindaria» da, eta garrantzitsua deritzo lege hori onartu izanari, baina eskasa dela iruditu zaio 25 milioi euroko aurrekontua: «Gutxi da egin gura duten guztia egiteko». Juan Cuatrecasasek gogoratu du Europako Kontseiluak bere estatu kideei eskatu diela biktimei erreparazioa eman diezaietela, eta dirua inberti dezatela halako ekintzek biktimengan dituzten ondorioak ikertzeko.
Bidea egiteko
Dena den, ANIR-eko bozeramailek uste du asko falta dela aldatzeko, zuzentzeko eta hobetzeko. «Oraindik ere irakurtzen dugu psikiatren txostenetan umeek irudimen handiegia dutela. Oraindik ere entzuten dugu gurasoek seme-alabak biktimizatzen dituztela», salatu du. Kexatu da gizarteak «heroitzat» hartzen dituelako biktimak. «Bana nire emaztea, nire semea eta ni ez gara heroiak. Lotsagarria da zuzenbide estatu batean salaketa bat jartzen duena heroia dela pentsatzea. Horrek erakusten du zenbateraino den zaila salatzea».
Cuatrecasas Asuak gogoratu du oraindik zain daudela Vaticanoak noiz esango duen bere semea ofizialki pederastiaren biktima dela. Cuatrecasas semeak Elizan «motelegi» doazen irudipena dauka. Hala ere, aitak badu itxaropenik, uste duelako Frantzisko aita santua «lan ona» egiten ari dela arlo honetan. Era berean, ANIR-eko bozeramaileak eskerrak eman dizkio Joseba Segura Bilboko gotzainari, pederastiaren inguruan izan duen jarreragatik. Iruditzen zaio 2021ean Segurak gotzain kargua hartu zuenetik aldaketa egon dela Bilboko Elizbarrutian. Dena den, Espainiako Gotzainen Biltzarra kontrako norabidean ikusten du oraindik, eta mindu egiten du gotzain batzuen jarrerak.
Juan Cuatrecasasen argazkia, ‘Shame’ erakusketan. SIMONE PADOVANI
Kerman Lejarraga Bizkaiko bikario nagusiak azaldu duenez, bi ildotan ari dira lanean. Batetik, biktimei entzuten eta lagun egiten ari dira, «eskatzen dituzten baliabideak eskainiz». Bestetik, Eliza barruan kontzientzia sortu eta espazio seguruak sortzeko plan bat dute; adingabeekin lan egiten duten Elizako kideek formakuntza jasotzen dute. Iazko martxoan biktimei barkamena eskatu eta hitza emateko ekitaldi bat egin zuten Bilboko Santiago katedralean, eta gotzainak esan du biktimek eskatuz gero behar bestetan errepikatzeko prest dagoela.
«Abusuak sufritu ditugunon sendatze prozesuetan garrantzitsua da lotsa galduz joatea, baina oso barneratua dugu, eta ezinezkoa da erabat gainditzea»
JUAN CUATRECASAS Umetan irakasleak abusuak egin zizkion
Beste arlo batzuetan ere eman dira antzeko pausoak. Pepe Gogoyren salaketa argitara atera ondoren, Basauriko Udalak protokolo bat sortu zuen 2019an. Maria Larrinaga Gizarte Politiketako zinegotziak kontatu duenez, hiru arlotan egiten dute lan: biktimei arreta eman, kasuak detektatzeko formakuntza eskaini eta sentsibilizazio lana egin herriko kirol, kultura eta heziketa arloko eragileen artean. Herrian adingabeekin lan egiten duten erakundeei abusuak prebenitzeko neurriak exijitu dizkie Basauriko Udalak.
Godoyren esanetan, pauso garrantzitsuak eman dira. Oraintsu Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duen KirolaOn aplikazioa ipini du adibide. Horren bitartez, eskola kirolean dabiltzan umeek eta haien inguruko helduek salatzeko aukera izango dute, besteak beste. «Proiektu interesgarriak sortu dira, baina oraindik asko falta da egiteko». Gainera, ohartarazi du biktima gehienek abusuak familian edo gertuko giroan sufritzen dituztela, eta, batez ere, arlo horretan falta dira neurriak. Horregatik, Cuatrecasas Asuak gizarte osoaren konpromisoa eskatu du: «Zerbait ikusten edo sumatzen denean, salatu egin behar da». Gainera, asko gertatzen da, etengabe, Eukene Aranak azpimarratu duenez: bost pertsonatik batek sufritu ditu abusuak adingabea zela.
‘Shame’ erakusketako testigantzetako batzuk
Giuliana. 79 urte. Italia. «Ez zidan alde egiten utzi. Guztiz paralizatuta sentitu nintzen. Joaten utzi zidanean, ihes egin nuen, eta oroitzen dut nire soineko txikiaren atzealdea bustita zegoela. Oraindik gogoan dut: amak egindako soineko txiki bat zen. Hura zen nire jostuna. Lauki zuri eta berdedun soinekoa, lepo biribilekoa».
Arnaud. 41 urte. Frantzia. «8, 9, 10 eta 11 urte nituen osaba-aitona misiolarik batek bortxatu ninduenean. Hasieran, bortxaketa nire gorputzaren aurkikuntza gisa ikusarazi zidan; gero, heziketa sexuala bezala. Horien ondoren, ia hamar urteko traumagatiko amnesia partziala izan nuen. 12 urte nituela, 12 eta 13 urteko lehengusu bik abusuak egin zizkidaten, eta bortxatu. Euren delitua joko gisara erakusten saiatu ziren. Horren ondorioz, hamabost urteko traumagatiko amnesian egon nintzen».
Seijamirjani. 44 urte. Finlandia. «Nire abusatzaileak nire gurasoak izan ziren, biak. Amak esan zidan haur bat baino ez nintzenean ere jo egiten nindutela negar egiten nuenean. Indarkeria beti egon da. Nire lehenengo oroitzapenak sexu abusuekin lotuta daude. Nire aitak onartu du 4 edo 5 urte nituenean bortxatu ninduela lehen aldiz».
Andrea. 21 urte. Errumania. «Harrera zentroan gertatzen zenaz konturatu nintzen: drogak, prostituzioa, umeen arteko jipoiak, langileen eta haurren arteko jipoiak. Hezitzaile batzuek umeon arteko zatiketa eragin zuten. Zentroan gertatzen ari zenaz hitz egiten saiatu nintzenean, mehatxu bihurtu nintzen».
Saga. 23 urte. Suedia. «Sexu abusuak 12 urte nituela hasi ziren, eta nerabezaroan jarraitu zuten. 20 urte nituela gertatu zen azkenekoz. Orain gauero izaten ditut amesgaiztoak, eta oraindik zaila zait ondorio psikologikoak kontrolatzea. Izualdiak izaten ditut maiz. Nire errua zela uste nuen, eta lotsatuta nengoen. Errudun sentitzen nintzen sexu eraso gehiago izateagatik».