Izugarri gustatzen zait kafea. Saiatu izan naiz kaferik gabeko denboraldiren bat egiten iraganean, horrenbeste hartzeak kalte egingo zidalakoan. Barne-korrontearen kontrako saiakera gisa hartzen nuen, joera automatikoa bihur ez zedin. Ez nago ziur, baina esango nuke ez dudala astebete baino gehiago iraun kafe tantarik probatu gabe. Aspaldi da, ordea, horrelako geldialdirik egin ez dudala.
Gaur, ia egunero bezala, bazkalosteko logurari aurre egiteko kafe baten beharra sentitu dut. Behar psikologiko eta fisikoa. Bilboko kafetegi batean sartu naiz, aurkitu dudan lehenengoan. Eskatzera nindoala betiko zalantzak sartu zaizkit: tabernariak euskaraz jakingo ote du? Gaizki hartuko al du euskaraz eskatzen badiot? Euskaraz dakien galdetuko diot edo zuzenean eskatu? Bai, zoroa dirudien arren, aipaturiko guztiek neure garuna zeharkatzen dute alde batetik bestera, segundo gutxi batzuetan. Inoiz ere ez dut ondorio borobilik ateratzen, baina batzuetan amorrua ematen dit zalantza horiek dakarten tentsioa izate hutsak. Eta ez dut uste ia eguneroko buruhauste horretan sartzen den bakarra naizenik.
Sendo esnatzen naizen egunetan pentsatzen dut ez genukeela zertan lotsatu lehen hitza euskaraz egiteagatik; Euskal Herriko edozein toki edo testuingurutan hasierako kontaktua geure hizkuntzan egiteagatik. Era horretan, izan daiteke euskaraz dakien pertsona batekin topo egin eta inongo arazorik gabe harremantzea; edota euskaraz ulertzen duen norbaitekin aurkitu eta berak gaztelaniaz erantzunagatik, euskaraz hitz egiten jarraitzeko aukera izatea.
Tarteka erradikal samar jartzen naiz, eta neure baitan pentsatzen dut ulertzen duen pertsona ororen aurrean euskara hutsean mintzatu beharko ginatekeela. Gaizki hartu arren; kafe hutsa bezain begirada mingotsa bueltatu arren; uneko tentsioa areagotu arren. Unibertso osoak gaztelaniara aldatzeko eskatzen dizun une horietan burugogor jarraitzeaz ari naiz, haizearen aurka jotzeaz. Interesgarria litzateke jarrera horren eraginak aztertzea, baina ni behintzat ez naiz kapaza izaten horri eusteko.
Tabernariak euskaraz jakingo ote du? Gaizki hartuko al du euskaraz eskatzen badiot? Euskaraz dakien galdetuko diot edo zuzenean eskatu?
Jendearen erreakzioak, ordea, ez dira beti positiboak izaten. Bai, onar dezagun. Gutxitan izaten du arrakasta euskaraz saiatze horrek. Gainera, uste dut geure burua behartu eta unea gehiegi estutzeak ere ez duela merezi, jendea geurera ekarri ordez, are gehiago urruntzen gaituela sentitzen baitut. Intentzio onenarekin jardun arren, inoiz kontrako efektua lortzen dugula esango nuke soka sendoegi tenkatzen dugunean; euskaraz justu ulertzen duen bati arin eta galdetu gabe egiten diogunean, kasurako. Eta ez dakit zehazki zergatik den, baina askorengan nabaritzen dut amorru puntu hori. Inposatzen diegula sentituko dute, agian.
Aitzitik, guztiok dakigu zer gertatuko litzatekeen jarrera guztiz pasiboa hartuko bagenu kontu honetan. Begiak itxi eta joera naturalari harresitxo bat jarriko ez bagenio. Agian, oreka bat bilatzea da bidea. Inor zapaldu gabe ibiltzea, baina geurea dena bizirik mantentzeko aukeran ditugun pausoak ematea.
Pentsamendu horiek dantzan nituela, barra ertzera hurbildu naiz, erdi aharrausika. Bazkalosteko mood-ean. Tabernariak «¿qué te pongo?» galdetu dit, eta zeharo ahots ahulez erantzun diot: «Un cortado, mesedez». Ez dakit zergatik, baina hori erantzun diot. Gidari automatikoak erantzun balu bezala. Korrontearen aurka joateko indarrik gabe harrapatu banindu bezala. Eta ohikoa den prezioa zuen arren, garestia zela iruditu zait. Marka ezagunekoa zen arren, zapore arraroa hartu diot. Garai batean irmoago jarduten nintzen horrelakoetan. Kafea ez hartzea aukera bat zen garaian, alegia. Bihar ebaki bat hartu nahi nuke.