Aspalditik ari da Asier Romero Andonegi historialaria sare sozialen bitartez Bermeoko ondare materialaren eta immaterialaren berri ematen. Informazio hori guztia liburu batean ere bildu zuen joan den urtean: Itsosupeteko ondarea: píldoras histórico-etnográficas sobre Bermeo (Octaedro Editorial argitaletxea). Oraingo honetan, baina, aurrez aurre entzuteko aukera egongo da Bermeoko Arrantzaleen Museoan: Bermeoko altxorrak, bitxikeriak, sekretuak eta mitoak ezagutzeko hitzaldia emango du martitzenean, 18:30ean, gaztelaniaz. Sarrera doakoa izango da.
[articles:2132008]
2018an hasi zen Romero Itsosupeteko ondarea webgunea kudeatzen. «Pilula informatiboen bitartez», Bermeoko ondare materiala eta immateriala zabaltzeaz arduratzen da bertan. Urte hauetan guztietan, 70 bat artikulu idatzi ditu blogean, eta, batez beste, hirurehun bisita inguru jasotzen ditu egunean. Askotariko gaiak lantzen ditu horietan, baina gai historikoak eta etnografikoak izaten dira nagusi. Era berean, sare sozialak ere erabiltzen ditu Bermeoko bitxikeria historikoak zabaltzeko.
Hitzaldiaren bitartez, Bermeoren balioa ezagutarazi eta transmitituko die entzuleei. «Paradisu batean bizi gara. Aberastasun historiko, kultural eta ondare kalkulaezina du Bermeok, eta zaindu egin behar dugu».
Lan sakona eta zehatza
Filologia doktorea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da Romero. 2018tik 2022ra fakultateko dekanoa ere izan zen.
Bermeoko Erdi Aroko dokumentazioa ikertu zuen bere doktoretza tesian, eta sasoi hartan hasi zen Bermeori buruzko informazio gehiago eskuratzen. «Bost urtez aritu nintzen Bermeoko dokumentuak bildu nahian. Bermeori buruz idatzitako ia guztia irakurri nuen, eta hamaika elkarrizketa egin nituen», dio Itsosupeteko ondarea webgunean. Gerora, Bermeo Erdi Aroan erakusketa ere ondu zuen. Bermeoko Udalak argitaratu zuen haren tesia.