Herri oso bat jaialdi bakarrean

Herri oso bat jaialdi bakarrean

​Itsasaldien antzera, gora egiten ari da urterik urtera Bermeoko Mareak jaialdia. Askotariko arte diziplinen bitartez, abangoardia eta tradizioa uztartzen ditu egitasmoak, eta nazioarteko eta Euskal Herriko artistak izaten dira udalerrian.  

Aurtengoa «urte biribila» dela nabarmendu du Ane Ortube jaialdiaren antolatzaileak: hamar urte beteko ditu Mareak jaialdiak. «Oso pozik gaude. Esfortzuarekin eta ilusioarekin heldu gara gauden lekuraino». Endika Etxebarria Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak adierazi du «ohorea» dela herrian halako jaialdi bat izatea: «Hamargarren urteurren hau ez da lortutako guztia gogoratzeko une bat bakarrik; aurrera begiratzeko ere balio du». 

[articles:2132027]

Bihar hasiko da aurtengo aldia, Long Hours taldearen kontzertuarekin. Haren ondotik, beste bederatzi ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da urriaren 27ra bitarte. Urtero legez, musika izango da jaialdiko protagonista. Mundu mailako zein Euskal Herriko musika taldeak eta bakarlariak arituko dira udalerrian. Horien artean, egueneko emanaldia azpimarratu du Ortubek: Joseba Irazoki eta Xabier Badiola musikariena. «Irazoki nagusiagoa da, eta abangoardia egiten du; Badiola, berriz, gaztetxoagoa da, eta tradizioa egiten du. Irazoki ariko da aurrenik. Jaialdiaren ezaugarri nagusiak uztartuko ditu emanaldiak: abangoardia eta tradizioa», esan du Ortubek. Musikatik harago, baina, bestelako ekitaldiez gozatzeko aukera izango da. Besteak beste, helduentzako ipuin kontalariak, hitzaldiak, proiekzioak eta liburu aurkezpenak prestatu dituzte.

Ana Apika ipuin kontalaria, artxiboko irudi batean. ANA APIKA

Aurten, irteera bat ere egingo dute berrikuntza gisa: Nabarnizko Arrolako Kastrora joango dira, hilaren 26an, zapatuarekin. Arrolako oppidum-a 534 metroko garaieran dago, eta Arrola mendiaren gain osoa hartzen du. Bigarren Burdin Aroko herrixka gotortu bat da. K.a. IV. mendetik —erromatarrak iritsi baino hainbat mende lehenago— K.o. I. mendera arte okupatuta egon zen. Zortzi hektareako gunea babesten duen hesi handi batek inguratzen zuen gotortutako herrixka. Juan Jose Cepedaren bitartez, orduko herrixka irudikatuko dute bisitariek. 

Ekitaldi guztiak Bermeoko hainbat tokitan egingo dituzte. Beleza Malandra Ateneo Kulturalean, Arrantzaleen Museoan, Nestor Basterretxea aretoan eta Frantziskotarren klaustroan, besteak beste. Jarduera bakoitza egingo den lekuan eskuratu ahal izango dira sarrerak, egunean bertan. Hala ere, badago aurretiaz erreserba egiteko aukera ere, mareakjaialdia@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 699 26 22 53 telefono zenbakira deituta.

Jaialdi zabalago bat

Bermeon, Mareak jaialdiaren aurretik, Aritzatxu Rock jaialdia antolatzen ibili ziren hamar urtezー2011n egin zuten azkenekozー. «Egun bakarreko jaialdia izaten zen Aritzatxu, eta rocka zen nagusi», kontatu du Ortubek. 

Handik, Beleza Malandra Ateneo Kulturala zabaldu zuten, eta, ordutik, hainbat egitasmo antolatzen dituzte aretoan. Alabaina, bestelako ekitaldi bat egiteko gogoz abiatu zuten Mareak: «Zabalagoa zen zerbait egin nahi genuen, eta hortik sortu zen tradizioa eta abangoardia uztartzeko ideia». Antolatzaileek urte hauetan guztietan «era batera edo bestera» jaialdiaren parte izan diren askotariko partaideak eskertu nahi izan dituzte: «Zuek guztiak barik, Mareak ez litzateke gaur dena izango».

Bermeoko MB200 elkarteak eta Beleza Malandra Ateneo Kulturalak elkarlanean antolatzen dute jaialdia, udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. 

EGITARAUA

Urriak 20.

13:30. Long Hours taldearen kontzertua, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean. 

Urriak 21.

19:30. Apika konpainiaren Artimañas helduentzako ipuin kontaketa, Ana Rodriguezekin, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean.

Urriak 22.

18:30. Tesoros, curiosidades, secretos y mitos de Bermeo hitzaldia, Asier Romero Andonegirekin, Arrantzaleen Museoan.

Urriak 23.

20:00. Krautrock: The Rebith of Germany dokumentalaren proiekzioa, Nestor Basterretxea aretoan.

Urriak 24.

20:30. Joseba Irazoki eta Xabier Badiola musikarien kontzertuak, Nestor Basterretxea aretoan.

Urriak 25.

20:30. Cult of Youth, Thee Eliam eta Silver Surfing Machine taldeen kontzertuak, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean.

Urriak 26.

09:30. Nabarnizko Arrolako Kastrora bisita gidatua.
18:30. Season of the Witch: The Book of Goth liburuaren aurkezpena, Cathi Unswroth idazlearekin.
21:00. Neonimus taldearen Despues de nuestra era emanaldia, Frantziskotarren klaustroan.

Urriak 27.

13:30. My Imaginary Loves eta Docks taldeen kontzertuak, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean.