Lasaitasuna da nagusi Fruizko Gaua musika estudioaren kanpoaldean. Barruan ere, isilik dago dena. Musika tresnak daude egurrezko estudioaren alde guztietan; nabari da talderen bat grabaketa lanetan dabilela. Iker Villa musikari eta Gaua estudioko kidea (Barakaldo, 1995) etxean bezala dabil, alde batetik bestera. Musika da haren bizitzaren ardatza: Revolta Permanent eta STR taldeetan jotzen du gaur egun, eta ETB1eko Ztanda musika saioko aurkezlea da.
ETB1en domekan hasi zen Ztanda saioaren bigarren denboraldia. Nola zaude?
Gogotsu. Esperientzia berria izan da niretzat telebista saio bateko aurkezle izatea, eta bigarrenez aritzeak poza eman dit. Zuzendaritza taldean aldaketak egon dira, eta berrikuntza politak daude. Uste dut harrituko gaituela denboraldi berri honek.
Nolatan sortu zitzaizun aurkezle izateko aukera?
Hasieran, epaimahaikide bezala joateko deitu ninduten, aurrez beste talent show batean lan horretan aritu nintzelako —Bago!az saioan—. Niretzat, baina, ez da oso erosoa jendea epaitzen aritzea. Saioaren inguruan gehiago jakin nahi nuela esan nien, eta, azkenean, aurkezle postua eskaini zidaten, Barbara Goenagarekin batera. Beldur apur bat nuen, baina baietz esan nuen aukera berriak probatzeko.
ETB1en bertan, Bago!az saioaz gainera, Go!azen telesailean ere parte hartu zenuen, 2018an. Zer eman dizu telebistan aritzeak?
Halako saioek erremintak edo bitartekoak ematen dizkizute telebistan nola lan egiten den jakiteko. Mundu oso bortitza eta deserosoa da batzuetan, baina inguruan pertsona onak izateak asko laguntzen du.
Nola sartu zinen aktore?
Bago!az-en epaimahaikide nintzela, Ainhoa Aierbe Go!azen-eko aktore zuzendariak deitu ninduen pertsonaia baten castinga egitera joateko. Aukera ona zen: Go!azen-eko gainerako aktoreekin harreman oso ona nuen, eta haiekin lan egiteko aukera ematen zidaten. Aurrez, antzerkian aritu nintzen, baina guztiz formatu desberdinak dira. Asko disfrutatu eta asko ikasi nuen, baina nahiago dut kameren atzeko lana.
Eta baduzu aktore lan gehiago egiteko asmorik?
Aukerak sortuz gero, ziur nago hartuko ditudala, baina aktore lana ez da ondoen egiten dudana, ez da bokaziozkoa. Gozatu egiten dut, asko ikasi dut… baina musika da ni gehien betetzen nauena.
Nola daramazu pertsonaia publiko izatea?
Egia esan, gaur egun ez dut horrenbeste nabaritzen. Go!azen-en egon nintzen urtean jendea etortzen zitzaidan argazkiak egitera, hitz egitera… Nik ez dut inoiz arazorik izan; gustura egiten nuen. Esposizioa da gustatzen ez zaidana. Horren aurka ezin daiteke ezer egin, ezin zara desagertu, baina pertsonak gara.
«Ez daukat oinarri teorikorik musikan. Pena ematen dit lehenago ikasi ez izanak edo ezagutzarik jaso ez izanak»
Bereziki, musikan aritzen zara zu. Alboka jotzen ikasi zenuen gaztetan. Nolatan?
Bai. Nik ez daukat ezagutza musikalik, ikastetxean ikasten genuena baino ez. 12 urterekin-edo, Barakaldoko Hala Dzipo musika eskolan alboka ikasten hasi nintzen, eta hiru edo lau urtez egon nintzen bertan. Gerora, gitarra eta bateria jotzen ere ikasi nuen, baina nire kabuz, gehienbat. Hala ere, ez daukat oinarri teorikorik musikan, eta uste dut horrek eragina izan duela nigan. Pena ematen dit lehenago ikasi ez izanak edo ezagutzarik jaso ez izanak.
Eta, gerora, nola pasatu zinen alboka jotzetik Revolta Permanent musika taldea sortzera?
Ikastetxean Giltzarri izeneko gazteentzako plataforma bat sortu zuten, eta bazkalosteetan, askotariko ikastaroak ematen hasi ziren. Rap ikastaroa zen horietako bat, eta Iker Aginagak eta biok izena eman genuen. Gurekin batera beste hamar bat ikasle hasi ziren, baina, handik gutxira, Iker eta biok bakarrik geratu ginen. Irakaslea gugan zentratu zen, eta asko ikasi genuen. Interneteko doako instrumentalak hartzen hasi ginen, eta gure euskara traketsean letrak idazteari ekin genion.
Euskarazko rapa egiten duzue. Hasieratik izan zenuten argi euskaraz sortu nahi zenutela?
Ez zen kontzienteki hartutako erabaki bat izan. Hasierako kantuak euskaraz zein gazteleraz sortzen hasi ginen, eta, handik, euskara hutsean sortzera pasatu ginen, naturalki.
Zer leku du euskarak zure egunerokoan?
Oso handia. Egia da handitu daitekeela leku hori oraindik, baina euskaraz ahalik eta gehien hitz egiten saiatzen naiz. Barakaldokoa izanda, okindegi batean ogia euskaraz erostea apur bat utopikoa zen garai batean, eta nire inguru hurbilean ere ez zen euskara askorik entzuten. 16 urterekin-edo lagunartean euskaraz hitz egiten saiatu behar genuela pentsatu genuen, eta hala hasi ginen erregistroa aldatzen. Gaur egun, bi lagunekin bizi naiz etxean, eta, horietako batekin gaztelaniaz hitz egiteko ohitura badut ere, etxean hirurok gaudenean euskaraz aritzen gara; bikotekideak ere euskaraz botatzen dit beti lehen hitza. Eta estudioan, musikariak euskaldunak baldin badira, euskaraz aritzen gara.
Rapa, elektronika eta metala uztartzen ditu Revolta Permanentek. Musika estilo horien nahasketak nolako harrera du publikoaren aldetik?
Egia da gaur egun asko ireki dela musikaren panorama, baina taldea sortu genuenean ez zen oso ohikoa musika estilo horien nahasketa. Hasieratik izan dugu argi Revolta ez dela zerbait plurala, publiko jakin bati zuzenduta dagoela. 2019tik diskorik kaleratu gabe egon ostean, urte amaierarako lan berria kaleratzeko asmoa dugu. Ea jendeak nola erantzuten duen.
GAZTE-GAZTETATIK KANTUAN. 12 urte ingururekin hasi ziren aurreneko letrak idazten Iker Villa eta Iker Aginaga. Handik gutxira sortu zuten Revolta Permanent taldea, eta haren ostean etorri ziren Herri Oihua eta STR. Irudian, erdian, Villa Herri Oihuarekin, 2012an, Donaixti-Ibarreko (Nafarroa Beherea) Bota gaztetxean.
Herri Oihuan ere rap-metala egiten zenuten. STRn, berriz, estilo guztiz desberdina lantzen duzue.
Nik beti pentsatu izan dut Revolta Permanentekin egin ditudan diskoak zuzenekoetarako direla, ez etxean entzutekoak. STRk egiten duen musikak, berriz, pop kutsu handiagoa du, askotarikoagoa da. Jende gehiago senti daiteke konektatuta; errazagoa da entzuteko.
STR-rekin ere urte amaieran kaleratuko duzue disko berria. Danae Riañorekin egingo duzuen lehen diskoa izango da.
Danae taldean sartu eta ia segidan zuzenekoekin hasi ginen; ez genuen denborarik izan kantu berriak sortzen hasteko: abesti berri bakarra kaleratu genuen. Oso motibatuta gaude lan berriarekin. Uste dut kantu politak irteten ari direla.
Zer eskaintzen dizu musikak?
Musika ihesbide bat da niretzat. Nire minei hitz egiteko aukera eman dit musikak: mina kudeatzeko modu bat da. Buruan nuena hitzez adierazteak edo paperean irakurtzeak asko lagundu dit nire minak nire kabuz lantzen ikasteko edo beste ikuspuntu batetik begiratzeko. Nerabezaroan, bereziki, pila bat lagundu zidan.
Gaua musika estudioko kidea ere bazara. Zein da zure eginkizuna estudioan?
Gutako bakoitzak askotariko lanak egiten ditu. Bakoitzak bere ardurak ditu, baina denok egiten dugu denetarik: ekoizpenak, nahasketak, masterizazioa… Hasieran, bereziki, bideogintzan aritzen nintzen, baina soinuaren inguruko interesa piztu zitzaidan, eta horren inguruan irakurtzen, informatzen, bideoak ikusten hasi nintzen. Laguntzaile aritu nintzen denbora batez, eta, handik, ardurak ni hartzera pasatu nintzen.
Mungiatik Fruizera lekualdatu zuten Gaua estudioa. Halako herri txiki batean estudioa izateak zer eskaintzen dizue zuei eta musikariei?
Sormenari mesede egingo zion leku bat nahi genuen. Madrilgo musika talde pila bat etortzen dira, han sekulako estudioak dauden arren. Kontua da krisi momentuetan kalera haizea hartzera irteten direnean jende pila bat dagoela, zarata, autoak… Beraz, nahiago dute hona etorri, lasaitasuna ematen dielako. Guk horixe nahi genuen: musikarien sormenari bide emango zion leku bat izatea.
«Alde handia dago musika talde handien eta txikien artean. Talde pila bat aritzen gara musika egiten, baina kontratatzaileek ez gaituzte berdin tratatzen»
Fisika ikasketak egiten hasi zinen unibertsitate garaian. Nola pasatu zinen ikus-entzunezkoak ikastera?
Fisika maite nuen, baina denbora bat eskatzen zidan ikasteko, edukiak prestatzeko… eta ez nengoen prest garai hartan, ez nuen sentitzen hori egin behar nuenik. Ikus-entzunezkoetara aldatu nintzenean, ikusi nuen nire lekua zela, eta, handik, zinema eskolara ere joan nintzen. Hala ere, badaukat Fisika ikasi ez izanaren arantza hori; asko gustatzen zitzaidan.
29 urte dituzu, eta musikatik bizi zara. Nola lortu duzu?
Bizi, ez naiz musikatik bizi. Kontua da musika estudioa sortzeko sekulako inbertsioa egin behar izan genuela, eta, oraindik ere, zuloak estaltzen gabiltzala. Estudioa bera mantendu egin behar da, eta, estudioko tramankuluak analogikoak direnez, sarritan apurtu eta konpondu behar izaten ditugu. Dirua ateratzen dugu, noski, baina gutako bakoitzak aparteko lanak egin behar izaten ditu osagarri bezala.
Nola dago osasunez musikaren sektorea?
Desorekatuta, nire ustez. Alde handia dago musika talde handien eta txikien artean. Talde pila bat aritzen gara musika egiten, baina kontratatzaileek ez gaituzte berdin tratatzen. Talde handiei ia itsu-itsuan ordaintzen diete diru kopuru handi bat, baina gero ez daude prest gure prezioa bere horretan ordaintzeko. Badakigu ez dugula horrenbeste jende mugitzen, baina kontratatu nahi bagaituzu, show-ak balio duena ordaindu behar duzu. Talde txikiok etengabe ibili behar gara egiten duguna erakusten edo frogatzen kontratatu ahal izateko, eta handiek edozer eskatu ahal dute, eskari handia dutelako.
MOTZEAN
Txikitan zer izan nahi zenuen? Astrofisikaria.
Musikarekin duzun lehen oroitzapena? Gurasoekin, autoan, haien musika entzuten.
Abesti bat? Dire Straitsen Sultans of Swing. Aita ekartzen dit gogora.
Abeslari edo musika talde bat? Oso aldakorra naiz. Post Malone entzuten ari naiz azkenaldian.
Kontzertu bat jo duzun lekurik bereziena? Cadizen [Espainia], Puerto de Santa Mariako Monkey Weekend jaialdian, 2016an. Talde oso txikia ginen, eta gogoan dut jendeak nola abesten zituen gure kantuak, euskaraz jakin ez arren.
Film bat? Michael Hanekeren Amour (2012).
Gaua estudioko txoko kutunena? Terraza.