«Kaixo! Miren naiz, eta 8 urte ditut. Futbolean jokatzen dut, eta aldageletan sarritan arazoak izaten ditut taldeko batekin. Ez naiz gustura sentitzen. Zer egin dezaket?». Bizkaiko Foru Aldundiak martxan ipinitako KirolaOn zerbitzuaren balizko erabiltzaile baten adibidea da, diputazioak berak emandakoa. Horrelako kasuak hainbatetan gertatzen dira eskola kirolean dabiltzanen artean. «Gehiegitan», Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol foru diputatuaren esanetan. Halako kasuak bideratzeko kanala da KirolaOn. Umeek eurek, gurasoek, entrenatzaileek eta askotan adingabe izaten diren epaileek erabil dezakete. Kirolaon.eus webgunean eta sakelakoetarako aplikazioetan dago eskuragarri.
Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiaren arabera, eskola kirolak aukera ematen die umeei ondo pasatzeko, ikasteko, lagunak egiteko, balio positiboak barneratzeko eta ohitura osasungarriak hartzeko. «Horretarako, ezinbestekoa da jarduerak konfiantzazko inguruneetan garatzea, umeak seguru senti daitezen, salbu senti daitezen». Horregatik, diputazioak «konpromiso irmoa du aspalditik» abusua, jazarpena eta indarkeria kirolaren esparrutik kentzeko. Azken urteetan, hainbat neurri hartu dituzte Bizkaiko kirol federazio eta klubekin elkarlanean: talde guztietan umeen ongizateaz arduratuko den arduradun bat izendatu dute, plangintzak ondu dituzte, begirale izateko derrigorrezko prestakuntza eskaini dute…
Rocio Ibarra Athleticek haurrak babesteko duen Aterpe programaren arduradunak uste du abusuen eta indarkeriaren aurkako lanean arreta lekuz aldatu dela tresna honekin, eta oso garrantzitsu iritzi dio ikuspegi aldaketa horri: «Prebentzio eta babes lan handia egin da, umeen inguruan gabiltzanen formakuntzan indarra egin da, eta oso ondo dago, baina bada garaia umeei eurei protagonismoa emateko, haiek dira-eta kirolean dabiltzanak; jakin behar dute zer eskubide dituzten eta haien inguruan dabiltzan helduek zer betebehar dituzten».
«Ona da umeek galderak egiteko aukera izatea; gertatzen zaien hori normala den galdetzeko bidea izan dezatela»
ROCIO IBARRA Aterpe Athleticeko haurren babeserako programaren arduraduna
KirolaOn tresnak kontsultarako ere balioko du, ez soilik gertatu dena salatzeko. Ibarraren esanetan, hori ere esanguratsua da. «Ona da umeek galderak egiteko aukera izatea, dituzten zalantzak erakutsi ahal izatea; gertatzen zaien hori normala den galdetzeko bidea izan dezatela. Askotan eurek ere ez dute ondo ulertzen zer ari diren bizitzen».
«Intuitiboa eta erraza»
Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak azaldu duenez, tresna «intuitiboa eta erraza da». Sartzerakoan, bi aukera daude: kontsulta berria egin, edo aurreko baten jarraipena egin. Segidan, erabiltzaileak adinez nagusia den edo ez adierazi beharko du. Hurrengo leihoan, kontsulta idatziko du. Amaitzeko, kontsulta bideratzen lagunduko duten datu batzuk eskatzen dira: egoera non gertatu den, zer klub edo herri den, eta igorlearen izena eta adina. Azken datu horiek aukerakoak dira, kontsultak anonimoak izan baitaitezke.
44
Zenbat kirol diziplinatan ariko diren. Joan den asteburuan hasi zen eskola kiroleko 2024-2025eko denboraldia, Bizkaian, kirol berri birekin: parkourra eta arku tiroa. Guztira, 44 diziplinatan ibiliko dira Bizkaiko 46.000 ume eta gaztetxo.
Erantzuna jasotzeko komunikazio modua ere aukeratu daiteke: posta elektronikoz edo aplikaziotik kode bat sartuz. Ondoren, profesional talde batek aztertuko du, eta haiek ipiniko dira harremanetan erabiltzailearekin.