Txikitatik gustatu zaio musika Vanessa Goikoetxea sopranoari (Florida, AEB, 1980). Akordeoia eta pianoa jotzen daki, baina opera du benetako pasioa. Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere egin ditu kantu lirikoarekin lotutako ikasketak, eta horrek munduan zehar abesteko ateak ireki dizkio. Bere herri Durangoko jaietako pregoia irakurriko du gaur, 20:00etan, eta, nola ez, musika izango da helaraziko duen mezuaren ardatza. Ez du abestuko, baina aurreratu du herritarrentzako «sorpresa txiki bat» antolatu duela.
Nola hartu duzu Durangoko jaietako pregoilari izateko berria?
Ohore bat da. Oso pozik nago, zorionez beterik eta pregoia irakurtzeko irrikaz! Nire inguruko jendearekin egon nahi dut, ondo pasatu, dantzatu eta gozatu. Hain zuzen, musika izango da mezuaren oinarria. Lortu nahi dudana da Durangoko jaietan musika izatea ondo pasatzeko eta gozatzeko bidea.
Nondik datorkizu musikazaletasuna?
AEBetan jaio nintzen, aita Jai Alaiko pilotaria nuelako. 7 urte inguru nituela, aita erretiratu egin zen, eta Durangora bueltatzeko erabakia hartu zuten gurasoek. Eskolara hasi nintzenean, mojek ematen zituzten klaseak. Oso musikazalea nintzenez, mojetako batek musika ikastea proposatu zidan. Solfeo, piano eta akordeoi klaseak hasi nituen, eta, apurka-apurka, musika klasikoaren munduan murgildu nintzen. Goi mailako akordeoi titulua ere atera nuen.
Noiz hasi zinen abesten?
Duela hogei urte, nesken korua zegoen Durangon. Zaragozara joateko asmoa zuten, txapelketa bat zegoela eta. Baina lehiaketan parte hartzeko gutxieneko kopuru bat bete behar zuten, eta haiekin joatera gonbidatu ninduten behin, musika interpretatzen nekielako. Bizpahiru entsegu egin ostean, koruan parte hartzen jarraitzea erabaki nuen; giroa oso goxoa zen, eta jendea, jatorra.
Nola igaro zinen herriko koruan kantatzetik soprano izatera?
Musika ikasketak egiten nituen kontserbatorioko irakasle batek, Agurtzane Mentxakak, kantu klaseak hartzea proposatu zidan. Nik erantzun nion ez nuela abesten ikasteko asmorik, astean behin egiten nuela, eta hobby bat zela. Zera erantzun zidan: «Hurrengo urtean kantu klaseekin hasiko zara!». Ahots teknikak irakatsi zizkidan, eta Madrilera joateko esan zidan, ikasketak jarraitzeko. 24 urte nituen orduan. Goi mailako titulua atera nuen Madrilen, eta master bat ere egin nuen Munichen. Horren ostean, soprano profesionala izateko ibilbideari ekin nion. Gura barik hasi nintzen kantu lirikoan, eta orain ezin naiz kantatu barik bizi.
«Opera antzerki abestua da, eta lagunekin eszenatokian nagoenean, askotariko pertsonaiak interpretatzen, bihotza pozez betetzen zait»
Ikasketak egin bitartean, kontzerturik ematen zenuen?
Musika ikasketak egiteko, oso beharrezkoa da iraunkortasuna. Madrilen ikasten hasi nintzenean, RTVEko abesbatzan sartu nintzen. Ez genuen kontzerturik ematen, baina ikasitakoak praktikatzeko aukera nuen. Ahots teknikak eta hainbat hizkuntzatako abestiak ikasi nituen, halako koru profesionaletan errusieraz, italieraz eta alemanieraz ere abesten baitute. Bakarkako ibilbideari ekin nionean hasi nintzen kontzertuak ematen. Leku askotan aritu naiz ordutik: Alemanian, Espainian, Japonian, Korean, Italian, Erresuma Batuan, AEBetan… Oso pozik nago egindako guztiarekin; lanbide hau ez da erraza.
Zein da ofizioaren alderik zailena?
Denbora asko ematen duzu etxetik kanpo, eta inoiz ez diozu ikasteari uzten. Orain etxean nago, baina astebete barru beste lan bati ekingo diot. Informazio berri guztia buruan sartu behar dut, musika ikasi, eta horretan buru-belarri aritu. Ez da erraza, baina oso polita da.
Zer da astebete barruko lan hori?
Bilbora noa Madama Butterfly abestera. Bestalde, La del Manojo de Rosas interpretatuko dut Madrilgo Zarzuela aretoan, Tosca kantatuko dut Seattlen, eta Dialogo de Carmelitas egingo dut Venezian. Horrez gain, Andres Isasiren musikarekin osatutako disko bat grabatu behar dut, beste konpositore batzuekin.
Orain arte interpretatutako lanetan, momentu berezirik izan duzu?
Oro har, bi momentu garrantzitsu izan ditut nire ibilbide profesionalean. Hasteko, Bilbon debuta egin nuenekoa, duela lau urte inguru. Une hori izugarria izan zen: areto osoa zutik zegoen, txaloka, eta guztiz emozionatuta. Bestalde, gogoan daukat duela lauzpabost hilabete Florentzian izan nintzenekoa, Tosca abesten. Opera amaitu bezain laster, ikusle guztiak ni zoriontzera etorri ziren, oso ondo egin nuela eta. Ni ere emozionatuta nengoen. Oso hunkigarria izan zen.
Operaren eta kantu lirikoaren arteko desberdintasunik badago?
Kantu lirikoa teknika bat da, eta teknika horrekin lotuta, opera, zarzuela eta lieder [Alemaniako kantu mota] izenekoak abesten ditugu. Nire gustukoena opera da: antzerki abestua da, eta, lagunekin eszenatokian nagoenean, askotariko pertsonaiak interpretatzen, bihotza pozez betetzen zait. Oso momentu berezia da: oholtzan gainean nagoenean, ni neu naiz.