Duela bi urteko Madalen egunaren biharamuna izan zen. Sare sozialetan zabal-zabal zebilen argazkia, udal garbitzaileek eurek egindakoa: Elantxobeko portu inguruek eta kaleek zabortegi baten itxura zuten. Plastikozko edalontziak, poltsak, botilak… dena behegainean botata. Itsasorako bidea hartu zuten horietako askok eta askok. Itsasoan hondoratu aurretik ia hamar tona hondakin atera zituzten uretatik, Eusko Jaurlaritzako Portuetako Zuzendaritzak egun batzuk geroago jakinarazi zuenez. Aurretik ere jakina zen jaietan hondakinak tonaka sortzen direla, baina argazki hark askoren kontzientzia piztu zuen. Halaber, argazki hartatik jaio zen iaz Sare Berdeak proiektuak bultzatu duen jai garbien aldeko kanpaina ere, sareko kide Olaia Saenzek azaldu duenez: «Olas Sin Plastico eta Bizi Slow Bizi Granel gure sareko entitate kolaboratzaileak dira, eta esan ziguten kezkatuta daudela eta zerbait egin behar genuela».
Sare Berdeak proiektuko kideek eskaera bat egin zieten bizkaitarrei: haien herrietako jaietan sortzen diren hondakinen argazkiak bidaltzeko. «Durangokoak, Sopelakoak, Getxoko paelletakoak… jaso genituen. Oso hedatuta dagoen arazoa da». Lehenengo pausoa kontzientzia pizteko kartel bat sortzea izan zen. Ondoren, udalekin biltzea erabaki zuten. «Udalek konpromisoa agertzea nahi genuen; adibidez, kartel bat sortzea, esanez ‘Bilbo ere jai garbien alde’». Ondoren erabaki zuten udalerrika lanean hastea. Iaz Gautegiz Arteagan hasi ziren kanpaina hedatzen, eta aurten dagoeneko beste zazpi udalerri batu zaizkie: Plentzia, Gorliz, Iurreta, Nabarniz, Sukarrieta, Ispaster eta Berriatua.
«Ahuleziak eta indarguneak identifikatuko ditugu, eta datorren urterako zer hobetu ikusiko dugu»
OLAIA SAENZ Sare Berdeak proiektuko kidea
Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere elkarlana hasi dute aurten. Lehendik ere babesten zuen Sare Berdeak proiektua, baina orain jai garbien aldeko kanpainara batu da. «Helburu batzuk zehaztu ditugu, eta orain analisi fasean gaude», azaldu du Saenzek. Bilerak egingo dituzte udalekin, udan pasatu diren jaietan ikusitakoa aztertzeko: «Ahuleziak eta indarguneak identifikatuko ditugu, datorren urtera begira zer hobetu daitekeen ikusiko dugu eta guk sare moduan zertan lagun dezakegun ikusiko dugu».
Landa lana
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Mungiako Udalak kanpaina berezi bat egin zuten uztailean, Mungiako San Pedro jaietako Sukalki egunean. Besteak beste, sukaldaritza lehiaketaren testuinguruan sortzen diren hondakinak gero birziklatu ahal izateko gaikako bilketa egiteko kit batzuk banatu zituzten. Sare Berdeetakoak ere han izan ziren laguntzen, eta parte hartu zuten taldeei galdetegi bat egin zieten: harrikoa egin ondoren iturriak zelan geratzen ziren, edukiontziak eskuragarri zeuden, ondo birziklatzen zuten, plater eta bestelako berrerabilgarriak erabiltzen zituzten… Ohartu ziren asko dagoela hobetzeko arlo guztietan. Urtea bukatu aurretik halako beste lan bi egingo dituzte, azoketan.