Putxera lehiaketetan ibili ohi diren 25 sukaldari afizionatu onenak, sukaldaritza arloko 25 profesionalek epaituta. Gaur I. Borja Aretxederra memoriala lehiatuko da, Balmasedako Horcasitas jauregian. Balmasedako Putxera Kofradiak antolatu du, euren kide eta lehiaketetan ibiltzen zen Borja Aretxederra omentzeko. Iaz hil zen, 52 urterekin. «Bat-batean joan zen, eta hutsune handia utzi du, bai kofradian, bai lehiaketetan. Hura omentzeko zerbait antolatu behar dugula pentsatu genuen, eta horrela sortu da memoriala», azaldu du kofradiako Jokin Salaberrik. Aurtengoa lehen aldia izango da, eta izango du jarraipenik. Aurrerantzean, lau urtean behin antolatuko du kofradiak Borja Aretxederra Memoriala, bisurteetan, iraileko azken zapatuan.
Goi mailako sukaldariak dira lehiatuko direnak, urtero antolatzen diren ia hirurehun txapelketetan lehiatzen direnen artean onenetakoak. «Sukaldari garrantzitsuak dira, oso onak, eta den-denak dira Borjaren lagunak, harekin lehiaketetan ibili direnak». Gehienak Bizkaikoak dira; eta badaude Burgoskoak ere (Espainia), eta, kopuru apalagoan, Arabakoak. Salaberrik esan du azken urteetan Araban ere indarra hartzen ari direla putxerak eta gura luketela Euskal Herri osora hedatuz joan.
Epaimahaia ere ez da edozelakoa izango. «Lehiakideen mailakoa» izatea gura zuten antolatzaileek. Bizkaian oso garrantzitsuak diren sukaldariak, sommelierrak, sukaldaritzaz idazten duten kazetariak, sukaldaritza irakasleak eta abarrak elkartuko dira putxerak dastatzeko. Esaterako, Zortziko jatetxekoa izandako Dani Garcia, Mina jatetxeko Alvaro Garrido eta Zarate jatetxeko Sergio Ortiz de Zarate Michelin izardunak egongo dira epaimahaian.
Hainbat putxera, iazko San Severino egunean, Balmasedan. BALMASEDAKO PUTXERA KOFRADIA
Gaurko memorialak badu beste berezitasun bat: lehia ez da kalean izango, normalean egiten diren bezala, jauregi barruan baizik. Dena den, herritarrek barrura sartu, ikusi, sukaldariekin berba egin eta ikasteko aukera izango dute. «Seguruenik ez diete kontatuko zein den euren sekretua, baina gertutik ikusi ahal izango dituzte lanean», adierazi du Salaberrik. Kozinatzeko prozesua hasieratik ezagutu gura duenak goiz joan beharko du: 06:00etan hasiko dira putxerak prestatzen.
Lehiakide bakoitzak putxera bi prestatu ahal izango ditu, baina bakarra aurkeztuko du lehiara. Indaba gorria, beltza edo nabarra aukeratu ahal izango dute, eta derrigorrezkoa izango da txorizoa, buzkantza eta urdaila ere erabiltzea. Salaberrik esan du gehienek Tolosako (Gipuzkoa) indaba beltza hautatzen dutela, eta badaude Gernikakoa edo euren baserrikoa erabiltzen dutenak ere. «Osagaien kalitatea oso garrantzitsua da putxera on bat egiteko». Erregai modura egurra, ikatz begetala edo ikatz minerala erabili beharko dute. Gutxienez hamar lagun asetzeko beste prestatu beharko dute.
Goizean, jauregiaren kanpoko aldean, txerri bat erreko dute parrillan, eta lehiaketa ikustera doazenen artean banatuko dute. Musika ere ez da faltako jaia girotzeko. Sari banaketa iluntzean egingo dute, zazpietan, Balmasedako Claret antzokian. Gala bat prestatu dute putxera onenak zeintzuk izan diren iragartzeko eta, bide batez, Borja Aretxederra gogoratzeko. Hiru sari izango ditu memorialak: urrea, zilarra eta brontzea, lau urtean behin lehiatzen diren Olinpiar Jokoetan bezala.
Gero eta gehiago
Sasoiko daude putxera lehiaketak La Roblako trenbideak egiten zuen bidean: Espainiako Cisternakoa (Leon), Valdeorleakoa (Kantabria) eta Villarcayokoa (Burgos) eta Balmasedakoa dira ezagunenak eta garrantzitsuenak. Hain zuzen ere, urriaren 23an, San Severino egunean egiten dute Balmasedan Bizkaiko lehiaketarik ezagunena eta garrantzitsuena: 52. aldia izango da. Euskal Herriko Txapelketa Loiun lehiatzen da urtero, otsailean, eta Bizkaikoa, Bakion, azaroan.
Salaberriren esanetan, halako ekitaldi gehiago sortzen ari dira azken urteotan. Zortzigarrenez egin dute Morgan lehiaketa jendetsua. Urduñan ere sukaldari asko biltzen dira, nahiz eta 2022an egin zuten aurrenekoz. Aurten, Gernika-Lumon lehenengoz antolatu dute. «Kozinatzeko era polita da putxera, eta horrek erakargarri egiten du askorentzat».
Putxerazaleen topaketa GAUr, zallan
Balmasedan ez ezik, Enkarterri osoan dago putxeren zaletasuna. Artzentalesen ere kofradia dute: Artzentalesko Geltokia. Hamalau urte dira sortu zela, eta gaur ospatuko dute, topaketa batekin, Zallan egingo den herri bazkarian. Zallatik, Balmasedatik, Artzentalestik, Berriztik, Bilbotik, Laudiotik (Araba), Zangozatik (Nafarroa), Zarauztik (Gipuzkoa) eta Madrildik joango dira parte hartzaileak.
Sortzez Hendaiakoak (Lapurdi) diren baina Palentzian (Espainia) bizi diren Afolcuerna taldeko musikariek joko dute ekitaldian. Bazkalostea Nafarroa Kanta Taldeak girotuko du. Egunaren kronika grafikoa Gorka Belasko eta Mila Dolz marrazkilariek egingo dute.