Gidarik gabeko gidariak

Gidarik gabeko gidariak

​Turista talde bat batu da gidariaren inguruan, Bizkaiko kale edo eremu monumental batean. Arkitektura eta ohiturak jorratu dituzte bisitan, eta, adibidez, historiari heldu dio orain gidariak. Haren azalpenak aditu ostean, baina, entzule batek muturra okertu du. «Gernika-Lumoko Batzar Etxean zatarkeriak entzun izan ditut inoiz… Edo, adibidez, entzun izan dut esaten Bilbo fabrikaz beteta zegoela, edo Guggenheim museoa egin eta dena lortu dugula, nahiz eta Guggenheim pieza txiki bat baino ez den puzzle handi batean». Eneko Elexpuru Guidari enpresako gidari turistiko eta Apit elkarteko kidearenak dira oroitzapenak.

[articles:2131031]

Elexpururen esanetan, ez dago turismo gidariek helarazten dituzten edukien gaineko inolako kontrolik: hala, haren berbei erreparatuta, Bizkaiari eragiten dioten legeen arabera, edonor izan daiteke gidari —ez baitago profesionalen erroldarik, esaterako—, eta edozer konta dezakete. Jorge Gomez Balenziaga Enkarterriko Alboan zerbitzu turistikoen arduradunak baieztatu egin du gainbegiratze falta. Gidari autonomoa da Gomez, baina asko lan egiten du udalekin, eta, haiek kontratatzen dutenean, gai jakin baten inguruko bisita enkargatzen diote, edo haiekin adosten du gaia. «Baina beti askatasun osoz hitz egiten dut eta prestatzen ditut nire bisitak. Inoiz ez didate kargurik hartu bisitetan esan dudan zerbaitengatik».

Egoera berdintsua da Hego Euskal Herri osoan, baina aldatu egiten da hortik kanpo. Elexpuruk aletu duenez, Portugalek erregulatua du gidari turistikoen jarduna, eta Espainiak autonomia erkidego bakoitzaren gain utzi du ardura hori. Erregulatuta dagoen erkidegoetan, deialdi ireki bat egoten da lanpostuak adjudikatzeko: administrazioak zehaztuta dauka zer eduki eman, gidariek hura ikasi behar dute, baita azterketa bat gainditu ere. Idatzizko proba bat egoten da, eta, ondoren, epaimahaiak erabakitako gai bat defendatu behar dute haren aurrean. Elexpuruk ohartarazi duenez, baina, hori lortzeak ez du esan nahi lana edukiko denik, baizik eta lan egiteko baimena eskuratu dela.

Eneko Elexpuru, eskuman, gidari turistikoa Bilboko Guggenheim museoaren inguruetan, turista talde bati azalpenak ematen. BIZKAIKO HITZA

Kontrara, Bizkaian ez dago gai zerrendarik zehaztuta, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak gidari turistikoen inguruko lege bat onartu duen aurten. «Hitzez esan digute lege berriarekin kurtsoak jaso beharko direla, eta Jaurlaritzak emango dituela; materia bat eta formakuntza egongo direla», argitu du Elexpuruk. Bien bitartean, ordea, gidariek euren kabuz prestatu behar dituzte hitzaldiak. Apit elkarteak, adibidez, bazkideen dirua formakuntzan inbertitzen du, eta helburu berera bideratu dituzte azken urteetan Eusko Jaurlaritzatik jaso dituzten diru laguntzak. «Historialari batekin joaten gara bisitak egitera. Edo eliza batera joan izan gara hangoekin egun bat pasatzera eta haien azalpenak entzutera; haiek nabarmentzen digute zerk daukan balio handiagoa», esplikatu du Elexpuruk.

Irakurtzea, ezinbestekoa

Jarduera horiez gain, Apiteko kideak «irakurriz eta irakurriz» biltzen du bere bisitetarako informazioa. Liburu mordo bat erosten du, liburutegi espezializatuetara jotzen du, eta sarean arakatzen du, hainbat iturritako edukiak konparatuta. «Etenik gabeko formakuntza da», azpimarratu du. «Lehenengo bista izaten da gaitzena. Helburu berri bat ematen didatenean, hamabost egunez egoten naiz egunero-egunero hiru-lau ordu sartzen». Orain dela pare bat urte, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien harira, Bilbon Deustuko Erriberan bisitak egitea eskaini zioten, eta hango auzo elkartekoekin ere egin zuen berba, adosteko zeri buruz hitz egin, zeri eman balioa…

Gomez ere askotariko iturriez baliatzen da. Taldeetako soslaien arabera antolatzen ditu bisitak: gai jakin batzuk nabarmentzen ditu, edo ertz batzuei denbora gehiago eskaintzen die, segun eta hartzaileak ikasleak edo adinekoak diren, bizkaitarrak edo kanpokoak… Baina zehaztasuna eta egiazkotasuna dira irizpideak, betiere. «Ni ez naiz historialaria, eta nire lana ondo egiteko asko ikasi behar izan dut, eta asko irakurtzen dut». Nabarmendu duenez, Enkarterrin mugimendu kultural handia dago —«batez ere, Balmasedan»—, eta historialari ugari daude, hala profesionalak, nola zaleak. «Haiek ateratzen dituzten liburu guztiak irakurtzen ditut eta hitzaldi askotara joaten naiz, nire bisitek aberastasuna eduki dezaten».

Jorge Gomez Balenziaga Alboan enpresako gidari turistikoa, ezkerrean, Balmasedan, udako bisita batean. BIZKAIKO HITZA

Eta zeri buruz mintzo dira? Elexpuruk azaldu duenez, bisita kulturalak eskatzen dizkiote, gehienbat: bi ordu inguruko saio batean, turistei kontatzen die bisitatzen ari diren herriaren historia, nola sortu zen, zelakoa izan den bere ekonomia, eta, ibilbide historikoarekin lotuta, arkitekturari ere errepasoa egiten dio. «Balioa ematen diot bertoko bizitza kanpotarrei esplikatzeari. Pedagogia pixka bat egiten dut, gurea uler dezaten». Ohiturez hitz egiten die: kasu baterako, poteoaz; edo Aste Nagusiaz ari bada, Bilboko jai herrikoien sorreraz, konpartsen lanaz, boluntarioez… Eta mitoak gezurtatzen ere ahalegintzen da.

Memoria historikoa ere bai

Egun oso baterako kontratatzen badute, hainbat herri bisitatzen dituzte, eta Elexpuruk lekualdaketak aprobetxatzen ditu autobusean mikrofonoa hartu eta entzuleak janzteko herrietako bizitzaren inguruan, euskal industriaren jatorriaz, kooperatibismoaz… «Askok uste dute Francok dena ipini zigula, uste dute Bizkaiko Labe Garaiak hark sortu zituela… Eta industria pila bat zegoen Francoren aurretik ere. Gernika-Lumoko Batzar Etxean kontzertu ekonomikoa, kupoa, Bergarako besarkada eta horrelakoak esplikatzea puntu konplikatua izaten da batzuetan», azaldu du.

Gomezek ere ohituretan, historian eta abarretan sakontzen du, eta badu haren jardunak pedagogia ukiturik, orobat: esaterako, sarri jorratzen dituelako memoria historikoa eta 36ko gerran Enkarterrin jazotakoak. «Egia kontatzen dut: frankistek hemen egin zituzten barrabaskeriak, Kolitzako bataila… Bilbo konkistatu ondoren, frankistek Enkarterri konkistatu zuten, eta hemen jendea hiltzen, bortxatzen eta lapurtzen jarraitu zuten». Lekukotzak ere helarazten dizkie; oso gertukoak, gainera. Izan ere, faxistek fusilatu egin zuten Gomezen birraitona, eta amamagandik jasotakoak kontatzen dizkie bisitetan eta hitzaldietan parte hartzen dutenei: aita hil osteko bakardadea, hark kartzelatik bidalitako gutunak, garai latz hartako egoera… «Hori kontatzen dudanean, jendea hunkitu egiten da, eta gehiago jakin nahi izaten dute».

Bisitariek gidarien bidez ezagutzen dituzte lurraldearen inguruko zenbait kontu, eta, kasu batzuetan, hori da tokiaz jasoko duten informazio bakarra. Hortaz, gidari lanak «ardura» ere badakarrela uste du Gomezek. «Ideiak argi dauzkat, badakit zeri buruz hitz egin nahi dudan: euskara, berdintasuna, naturarekiko errespetua, antifrankismoa…».