«Asko» eman dio herriari Plentziako Kakarraldo errugbi klubak, David Crestelo jokalariaren (Plentzia, 1977) iritziz. Egindako ahalegin guztia herritarren memorian gordetzeko asmoz, Kakarraldo errugbi taldea. Del nacimiento del rugby en Plentzia a la consolidación de un gran club liburua argitaratu du: 1975ean taldea sortzeko lehen pausoak eman zirenetik 2008ra artekoa jaso du. Dokumentazio lan luze baten emaitza da liburua, eta askotariko datuak, albisteak eta argazkiak tartekatu ditu 280 orrialdetan. Plentziako Jose Ignacio liburu dendan eta Arraun estankoan eros daiteke, 30 euroren truke, eta batutako diru guztia errugbi taldearentzat izango da.
1975etik 2008ra arte Kakarraldo errugbi klubean jasotakoa bildu duzu liburu bakarrean. Zergatik aukeratu duzu urte tarte hori?
Berez, 1975. urtean sortu zen Kakarraldo errugbi taldea, Plentziako institutuan: heziketa fisikoko irakasleak Bizkaiko txapelketa batean parte hartzeko izena eman zuen. Gerora, baina, ofizialki Urdulizko herritar batzuek sortu zuten taldea, 1978an. Garai hartan, ez zegoen errugbi zelairik inguruan, eta Plentziako hondartzan entrenatzen hasi ziren. Kontua da 2008an Mungia errugbi taldearekin batu zela Kakarraldo. Egia esan, informazio asko daukat jasota urte horretatik aurrera ere, baina muga data horretan jartzea erabaki nuen, historikoa izan zelako.
Zerk bultzatu zaitu liburua idaztera?
Txikitatik izan naiz Kakarraldoko jokalaria. Oroitzapen oso politak ditut, eta, tartean, lagun handiak egin nituen. Talde ona genuen, eta Bizkaiko, Euskadiko [EAEko] eta Espainiako txapelketak irabazi genituen. Prentsan-eta agertzen ginenez, orduko albisteak eta argazkiak gordetzen hasi nintzen, baina beste barik, oroitzapen modura izateko. Handik urte batzuetara, horiek guztiak ordenatzen eta informazio gehiago biltzen hasi nintzen, eta hala sortu zitzaidan liburua osatzeko ideia.
Zer bildu duzu?
Oso proiektu sakona da. Informazio asko nuen jasoa. Nolabaiteko ordena bat mantentze aldera, egitura bat gordetzen ahalegindu naiz: mailatan banatuta dago. Argazki asko sartu ditut, eta, horrez gainera, entrenatzaileei, jokalariei… egindako elkarrizketak, partiden kronikak edota albisteak agertzen dira. Hala ere, argi utzi nahi dut ez dela liburu historiko bat. Taldearen historia kontatzen du, baina bestelako pasarte batzuk ere badaude tartean: emakumeen taldearen sorrera, tabernako gorabeherak, errugbi eskolako kontuak… Garai bateko anekdotak irakurtzeak taldearen grina berpiztu du, taldearekiko maitasun hori piztu duela iruditzen zait.
Nolakoa izan da dokumentazio prozesua?
Oso luzea eta zaila, kasu batzuetan. Iturri asko kontsultatu ditut: komunikabideetako hemerotekak, kirol administrazioak, Bizkaiko Errugbi Federazioa… Horietako batzuek asko lagundu didate, baina, beste kasu batzuetan, oso zaila izan da informazioa eskuratzea, traba asko jartzen zizkidatelako. Orduak eta orduak inbertitu ditut liburua osatzeko, lan handia izan da, baina oso aberasgarria eta oparoa ere bai, era berean.
«Ez da liburu historiko bat; taldearen historia kontatzen du, baina bestelako pasarte batzuk ere badaude tartean»
Errugbiak ez du horrenbesteko oihartzunik bestelako kirol batzuen aldean. Zure ustez, zergatik izan daiteke hori?
Ez duelako beste kirol batzuek besteko proiekziorik. Futbolarekin lehiatzea, adibidez, ezinezkoa da. Errugbia ez da telebistan agertzen, ez du oihartzunik, eta, horren eraginez, haur eta gazte gehienek beste kirol batzuetara joateko hautua egiten dute. Pena da.
Zer eman dizu zuri errugbiak?
Lagun asko eta momentu oso politak. Topikoetatik harago, balio asko lantzen ditu errugbiak, eta horiek guztiak barneratzen dituzu hari esker: errespetua, taldean lan egitea…
Egun ere jarraitzen duzu errugbian jokatzen?
Bai. Beteranoen taldean nago. Hainbat belaunalditako jokalariak elkartzen gara, eta, lehiatzera baino gehiago, disfrutatzera joaten gara. Ihesbide bat da niretzat.
Zer eskaintzen dio Kakarraldok Plentziari?
Gure eskualdean oso presente dago errugbia; kiroletik harago doa. Toki seguru bat eskaintzen du. Familia txiki bat gara, eta zelaian eta zelaitik kanpo une asko pasatzen ditugu elkarrekin.
Horren erakusgarri da Antzarrak taldea: Kakarraldoko hainbat amak osatutakoa da.
Zalantzarik gabe. Hasieran, euren umeak entrenatzen ari ziren bitartean hasi ziren entrenamenduekin ama batzuk, hutsetik. Pandemiako itxialdiaren ondoren, beste hainbat emakume sartu ziren taldean, eta, egun, txapelketetan parte hartzen dute. Zelaitik kanpo umeen zain egon ordez, errugbi talde bat sortu dute. Sozialki, beraz, indar handia du taldeak. Presentzia handia du herriko bizitzan.