Condor industrialdea garbitzeko lanak hasi ditu Zornotzako Udalak

Zornotzako Udalak Condor industrialdea kutsaduraz garbitzeko eta lehengoratzeko lanak hasi ditu. 1985era arte Condor Intsektizidak lantegia zegoen ingurua biziberritzea eta hobetzea da asmoa.

Obra horien bidez, lur azpian dauden andelak kenduko dituzte. Garbituko diren ontzi horiek ez dute kontakturik lurren kanpoko aldearekin. Hala, ontziok hustu eta bertatik aterako dira. Ondoren, kalitatea egiaztatzeko xedez, inguruko lurzorua aztertuko dute. Gainera, ingurune osoa garbitzen dutenean, lur berriak ekarriko dituzte sortutako zuloak betetzeko.

Udaletik aurreikusten dutenez, “udarako amaituko dira lur azpian dauden produktu kimikoen eta fuel-olioaren andelak kentzeko obrak”. Lanak epeka burutuko dira, industrialdean dauden enpresei ahalik eta gutxien eragozteko. Egun, tailer mekanikoek, biltegiek eta mekanizaturako lantegiek osatzen dute Condor guneko enpresa sarea.

Intsektizidak ekoizten zituzten

1966an zabaldu zuten Condor enpresa Zornotzan. Besteak beste, arratoientzako pozoia, herbizidak eta intsektizidak merkaturatzen zituen. 1985ean itxi zuten eta, 1990eko hamarkadaren hasieran, gaur egungo industrialdea osatzen duten lehenengo enpresak ezartzen hasi ziren bertan.

2006an Udalak eta Ingurumenaren Kudeaketarako IHOBE sozietate publikoak lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Horren bidez, Udalaren jabetzapeko lurzoruaren egoera aztertzeko ikerketa lanak abiatu zituzten. Ostean, lurren kalitatea lehengoratzeko proiektua diseinatzeari ekin zioten.