Kafe amerikarra eskatu dio Amaia Uribe kazetariak (Forua, 1985) zerbitzariari tabernara sartu orduko. «Lehendik dudan ohitura bat da, ez da New Yorken bizi izanaren ondorio», aitortu du barre artean. EITBren New Yorkeko berriemailea izan da 2018tik 2022ra. Egun Bilboko erredakzioan egonkortuta badago ere, aukera guztietarako prest dagoela adierazi du. Azaroaren hasieran New Yorkera itzuliko da, AEBetako presidentetzarako hauteskundeen berri ematera.
Txikitatik zenuen argi kazetari izan nahi zenuela. Nondik datorkizu afizioa?
Ez dakit nondik datorkidan, baina txiki-txikitatik jakin izan dut ez bakarrik kazetari izan gura nuela: New Yorkegaz ere halako obsesio bat-edo nuen. Nire amak beti kontatzen du 5 urte-edo nituenean, ispilu aurrean jartzen nintzela, koilara bat eskuetan, eta esaten nuela: «New Yorketik berriemaile: Amaia Uribe». Betidanik gustatu izan zait.
Ikus-entzunezko ikasketak amaitu eta segidan hasi zinen EITBn lanean. Nolakoak izan ziren hasierako urte haiek?
EITBn egin dut nire ibilbide guztia, bai. Gogoratzen dut nahiko kuriosoak izan zirela idatzi behar izan nituen lehen bi albisteak: Txinan bederatzi kiloko ume bat jaio zela kontatu nuen lehenengoan, eta, bigarrenean, boligrafo baten tamainako haur bat jaio zela Latinoamerikan. Ez dut sekula ahaztuko.
EITBren New Yorkeko berriemailea izan zinen 2018tik 2022ra. Hainbat kontu garrantzitsuren berri ematea egokitu zaizu. Nola bizi izan dituzu?
Niretzat amets bat izan da. Uste dut, gainera, nire ibilbide profesionalean berriro errepikatuko ez den zerbait izan dela. Hasteko, New York hiriagaz maiteminduta nagoelako, eta hor bizitzeko aukera izatea itzela izan delako. Albiste aldetik ere urte emankorrak izan dira; denetarik gertatu da. [Donald] Trump boterean zegoen ni iritsi nintzenean, eta kazetariok une oro egon behar izaten genuen lanean: haren Twitter kontuari lotuta bizi ginen. Urte hauetan guztietan askotariko gaiak lantzeko aukera izan dut, eta jende interesgarri asko ezagutu dut. Euskal Herria mundu zabalean presente dagoela ere ikusi dut.
«Korrespontsala zarenean, une oro ari zara lanean, baina joan aurretik ere badakizu hori: ez dago txandarik, ez dago ordutegirik… Baina hori zen niri gustatzen zaidana, eta ez zitzaidan zail egiten»
Asko kostatu zitzaizun hara joateko erabakia hartzea?
Eskaini zidatenean, bai; astebete igaro nuen lorik egin gabe eta ia jan barik. Kontua da ez nintzela ni bakarrik: senarra nuen, eta urte eta erdiko haur bat. Familia osoaren erabakia izan zen. Beti esan izan dugu damutzen bagara joan garelako damutu gura dugula, eta ez kontrara. Joatea erabaki genuen, eta ez gara sekula damutu.
Kanpotik, behintzat, oso desberdinak dirudite Euskal Herriak eta AEBek. Zerekin egin zenuen topo hara heldu zinenean?
Uste dut denok dugula oso idealizatua New York, baina oso desberdina da hara turista gisa joatea edo han bizitzea. Beste mundu bat da. Herrialde erraldoia da, eta denak funtzionatzen du desberdin. Lehen aldiz medikuarenera joan nintzenean, esaterako, aseguruari buruzko hainbat datu bete behar izan nituen kontsultara sartu ahal izateko, eta medikuak galdetu egin zidan zein eratako tratamendua nahi nuen. Hezkuntza sistema ere guztiz desberdina da: polizia bat egoten zen eskolako atarian. Hor jabetu nintzen edozein momentutan tiroketa bat egon zitekeela.
Nazioarteko korrespontsala izatea ez da erraza izango; are gutxiago, euskalduna izanda. Nola ezagutarazi zenuen zeure burua hedabideen munduan?
Elkarrizketak-eta lotzeko garaian ez zen erraza izaten. Askok ez zuten interesik nazioarteko hedabideetan agertzeko. Ni oso-oso astuna nintzen, eta ez nuen etsitzen: elkarrizketak eskatu eta eskatu ibiltzen nintzen, eta, ezetz esan arren, tematu egiten nintzen.
Beste hedabideetako kazetariekin nola moldatu zinen?
Harreman oso ona nuen, esku zabalik hartu ninduten hasiera-hasieratik. Beti esan izan dut erredakzio paralelo bat dagoela han. Hemengo hedabideen artean badago lehiakortasun puntu bat elkarren artean, baina han denok gara lankide: kontaktuak eta irudiak trukatzen ditugu, beste komunikabide batzuetako langileek grabatu izan naute, nik haiek ere bai…
Kazetaritza egiteko modua oso desberdina da hemen eta han?
Bai. Han ni bakarrik nengoen, eta Estatu Batuetako hedabideak ohituta daude jende asko mugitzera lan bera egiteko. Baliabide asko dituzte. Horretaz gainera, zuzenekoak edonon egin ahal genituen. Oso deigarria zen niretzat: hemen baimen ugari behar izaten dira leku jakin batzuetara sartzeko, eta han oso erraza da edonora sartzea eta grabatzea. Kazetarien lana asko errespetatzen dute.
KORRESPONTSALA. Amaia Uribe bost urtean aritu zen New Yorkeko korrespontsal EITBn, 2018tik 2022ra arte. Urte horietan guztietan, askotariko albisteen berri ematea egokitu zaio: Donald Trump AEBetako presidentearen legegintzaldia, Pablo Ibarren kasua, George Floyden hilketa, pandemia… Irudian, Uribe New Yorkeko Times Squaren, 2019an. AMAIA URIBE
Lan karga handia zenuen?
Bai. Ni bakarrik nengoenez, dena egin behar izaten nuen nik: kazetari lana, kamera lana, edizioa… Estaldura handietan laguntza izaten nuen, baina egunerokoan ni bakarrik nengoen. Korrespontsala zarenean, une oro ari zara lanean, baina joan aurretik ere badakizu hori: ez dago txandarik, ez dago ordutegirik, bidaia asko egin behar izaten dira… Baina hori zen niri gustatzen zaidana, eta ez zitzaidan zail egiten.
Nola uztartzen zenituen amatasuna eta lana?
Beti esan izan dut nik lan hau egin ahal izan badut, hein handi batean, senarrari esker egin ahal izan dudala. Euskal Herriko lana utzi egin behar izan zuen ni hara joan ahal izateko, eta hura arduratzen zen, gehienbat, umearen ordutegiez. Nik etxetik egiten nuen lan egun askotan; beraz, lanean egon arren, presente nengoen. Erabakia familian hartu genuen, eta hala antolatu ginen.
Semearentzat nolakoa izan da New Yorken hazi izana?
Nire ustez, dena eman dio: mundu ikuskera bat, ingeles maila ona, kultur aniztasuna… Kanpoan bizi zarenean, beste era batera ikusten duzu mundua, eta hori umeari erakutsi ahal izatea itzela izan da. Arlo pertsonalean ere positiboa izan da. Umeak, adibidez, ikusi zuen niretzat ez zela erabaki erraza izan hara joatea, baina balio izan du ikusteko erronka berrien aurrean ez garela kikildu behar.
Eta haurra han euskalduntzea nolakoa izan da?
Guztiz naturala. Guk etxean euskaraz hitz egiten dugu, eta han ere hala egin dugu. Eskolan, lagunekaz… ingelesez hitz egiten zuen, baina etxean, beti euskaraz.
Nolakoa izan zen Euskal Herrira itzultzea?
Oso gogorra, oso zoriontsu baikinen han. Familian hartu genuen joateko erabakia, eta itzultzekoa ere hala hartu dugu. Senarrak lanpostu finkoa lortu zuen hemen, eta bueltatu egin ginen. Bizitzako etapak dira, eta, hangoa bete ostean, beste etapa bat hasi genuen hemen.
Aldatuta aurkitu zenuen EITBren Bilboko egoitza?
Ni beste lan erritmo batera nengoen ohituta, lan egiteko beste modu batera. Asko kostatu zitzaidan honetara ohitzea, baina apurka-apurka berrikasiz joan naiz. Gaiak ere desberdinak dira. Bost urtez aritu naiz nazioarteko gaiak lantzen, eta, hemengo aktualitateari erreparatu arren, kostatu egin zait berba egitea Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuez, Osakidetzaz…
Egun, jarraitzen duzu AEBetako gaiez informatzen?
Bai. Alertak eta guzti ditut aktibatuak oraindik!… Oso gertutik erreparatzen diet hango berriei, eta hauteskundeen berri ematera ere joango naiz laster.
Zer gertatzea espero duzu azaroaren 5eko hauteskunde horietan?
Oso interesgarria dago. Gustatuko litzaidake lehenengoz emakume bat izatea presidente Estatu Batuetan. Itzelezko aldaketa ekarriko luke herrialdera. Inkesten arabera, ez dago alde handirik Trumpen eta Kamala Harrisen artean; beraz, ikusi beharko da. Ea garai historiko bat bizitzen dugun.
«Familian hartu genuen New Yorkera joateko erabakia, eta itzultzekoa ere hala hartu dugu. Bizitzako etapak dira, eta, hangoa bete ostean, beste bat hasi genuen hemen»
EITBn ez ezik, Ttap aldizkarian ere aritzen zara kolaboratzaile. Zer eskaintzen dizu hedabide horrek?
Beste era bateko lanak egiteko aukera ematen dit. Telebistan berrogei segundo inguruko zuzenekoak egin behar izaten ditugu, eta informazioa oso era kontzentratuan ematen dugu. Aldizkarian, kazetaritza zabalago lantzeko aukera daukat, elkarrizketa luzeen bitartez.
Kazetari izateaz gainera, bertsolaria ere bazara. Jarraitzen duzu bertsotan?
Ez. EITBn lanean hasi nintzenean, asteburuko txandan hasi nintzen, eta ezin izan nituen biak uztartu. Kazetaritza da nire pasioa, eta horri heldu nion.
EITBko Hitzetik Hortzera saioa gidatu zenuen 2008an. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Espero gabeko aukera bat izan zen. Lan egiteko beste modu bat ezagutu nuen gustatzen zitzaidan gai baten inguruan. Asko ikasi nuen.
Egun, irudikatzen duzu zeure burua albistegietatik kanpo?
Denetarako prest nago. Normalean ez dut ezetzik esaten. Damutzen banaiz, izan dadila egin dudan zerbaitengatik. Aukera berriak suertatzen badira, probatzeko prest egongo naiz.
Korrespontsal joateko ere bai?
Nigatik, bai. Ondo koadratu beharko luke, baina prest egongo nintzateke. New Yorketik itzuli naizenetik, bidaia puntualak egiten ditut: Ukrainara, Erresuma Batura… Pilula txiki horiek eginez mantendu banaiteke, zoriontsu izango naiz.
MOTZEAN
Irratia ala telebista? Irratia.
Kazetari erreferente bat? Asko ditut; horietako gehienak, korrespontsalak: Olatz Simon, Mikel Reparaz, Almudena Ariza…
Kazetari izango ez bazina… Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit. Itzultzailea edo hizkuntzaren baten irakaslea, beharbada.
Gustura landuko zenukeen albiste bat? Mundua justuagoa dela erakutsiko lukeen bat: Gazako genozidioa amaitu dela, klima aldaketaren borrokan aurrerapausoak ematen ari garela, berdintasuna gizartean errotuta dagoela…
Zer titular jarriko zenioke gaur egungo munduari? Mundu aldakorra.
Liburu bat? Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao.
Kantu bat? Berri Txarrak taldearen Bueltatzen.
Bertsolari bat? Amets Arzallus.
Eguneko momentu bat? Umeagaz nagoen edozein.