Duela pare bat aste, bi lagunekin elkartu nintzen aspaldiko partez, eta azkenaldian egunerokoa bihurtu zaigun gai bat izan genuen hizpide: etxebizitza. Zehazki, diru laguntzen gaiari heldu diogu berehala. Izan ere, diru laguntzen agendak markatzen du nire eta nire inguruko gazteen emantzipazio ahalmena.
Gaur-gaurkoz, Bizkaian 30 urtetik beherako gazteok bi diru laguntza jasotzeko aukera daukagu: Gaztelagun, 18 eta 35 urte bitarteko gazteon emantzipaziorako, eta Emantzipa, aurtengo otsailean Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen 18 eta 30 urte bitarteko gazteen emantzipazioa bultzatzeko laguntza gehigarria. Lehenari esker, hilean 100 eta 275 euro bitarteko laguntza jaso dezakezu. Emantzipak hilean 300 euro esleitzen dizkie 30 urtetik beherako gazteei, gehienez bi urtez.
Hori da, ordea, teorian gerta daitekeena. Praktikan, berriz, oso bestelakoa da errealitatea. Zehaztapenetan hasita, diru laguntzak jasotzeko irizpide ugari bete behar dira. Baldintzetako zenbait norberaren diru sarrerekin lotuta daude, etxebizitza ordaintzeko laguntza behar dugun ala ez zehazte aldera. Beste batzuek, ordea, gure eskumenetik kanpo dauden faktoreak dituzte kontuan: kontratuaren iraupena, kontratu mota, alokairuaren zenbatekoa guztira…
Kasuak askotarikoak diren arren, nirera ekarrita, diru laguntza hauek jasotzetik biak galtzera bizi izandako prozesua azalduko dut. Uda honetan etxebizitza aldatu dut, alokairutik alokairura. Biak Bilbon daude, 28 urte ditut, eta nire diru sarrerek ez dute gehienezko langa gainditzen. Halere, bi laguntzak galdu ditut. Are gehiago, dirua bueltatu beharra daukat, nik etxebizitza aldaketa jakinarazi dudan arren, administrazioak ez duelako paperak aztertzeko tarterik hartu —uztailean aldatu nuen etxea—.
Agian, gazteok ez dugu diru laguntzarik nahi; gure kabuz etxebizitza ordaintzeko ahalmena izan nahi dugu
Balditzen artean honako hau ezartzen da: errenta kontratua gutxienez urtebetekoa izan behar da, eta zure ohiko etxebizitza iraunkorra izan behar da. Hori, ordea, dirudiena baino zailagoa da. Bereziki Espainiako azken Etxebizitza Legearen ondorioz, «beldurra» argudiatuta, etxejabe askok denboraldi laburreko kontratuak egiten dituzte, eta beste askok irailetik ekainera alokatzen dituzte pisuak, ondoren udan etxebizitza turistiko bilakatu ahal izateko. Nire kasuan, sei hilabeterako kontratua egin dit etxejabeak. Hurrengo hau dio: «Lan arrazoiengatiko aldi baterako kontratua».
Administrazioko langileei galdetuta, kontratu mota hori «legez kanpokoa» dela esan didate, eta gomendatu didate etxejabea «presionatzeko» urtebeteko kontratua egin diezadan. Ezezko borobila jaso dut. Jabearen hitzetan, «probaldi bat» besterik ez da, eta, dena ondo bidean, ez du inongo arazorik izango ohiko etxebizitza kontratua egiteko.
Ez dakit administrazioak zer espero duen herritarrengandik, baina fokua lausotuta dagoela iruditzen zait; eta, kaltetuak, betikoak. Guk baldintza zerrenda luzea bete eta egiaztatu behar dugu, baina jabeei ez zaie egiten dituzten kontratu moten jarraipenik egiten. Agian, gazteok ez dugu diru laguntzarik nahi; gure kabuz etxebizitza ordaintzeko ahalmena izan nahi dugu.