Despedidea

Despedidea

​Heldu da eguna. Hauxe duzue nire azken zutabea. 2023-2024ko ikasturtea bukatu da, eta ikasle onak bezala (barka nazatela irailerako zerbait utzi dutenek…), merezitako udako oporrak ate joka dauzkat. Kirolarien kasua ere jar nezake adibide gisa, baina ez dakit alderaketa oso egokia den. Futbolean kopa eta ligaren burrunba lausotu den bitartean, beste kirolari batzuk buru-belarri dabiltza; arraunlariak edo gaur abiatuko diren Olinpiar Jokoetan parte hartuko dutenak, esaterako. Hamabi bizkaitar arituko dira Parisen hurrengo egunetan; horien artean, Naia Laso 15 urteko skater bermeotar gaztea. Lehen aldia da Joko batzuetan parte hartuko duela, eta litekeena da azkena ez izatea.

Lehen aldiak ez dira errazak, egia esan. Nire kasuan ez, behintzat. Beste hedabide batzuetan kolaboratzaile ibili izan naiz, eta duela bi urte Enpresabidea.eus egunkari digitalaren sorreran parte hartu nuen. Ekonomiaz idaztea egokitu zitzaidan, intrusismo kutsu batekin, kazetaria ez naizelako. Bizkaiko Hitza-k eta BERRIAk botatako erronka, ordea, zeharo ezberdina izan da: zutabea idaztea, nahi dudan gaiaz eta bururatzen zaidan estiloan. Erronka, bai, eta bertigoa, ere bai. Betidanik mirestu izan dut oholtza gainean daudela bertsolariek duten gaitasuna istorioa kontatzeko (eta kantatzeko). Oin edo ideia bat abiapuntu izanda entzulegoa hunkitzea edo zaleei irribarrea eragitea ez da lan erreza. Baina sikiera, gaia ematen diete.

Orri zuriaren dilemak pisu handia du. Zertaz idatzi. Hori da gakoa. Leiho honetan zutabekide izan ditudanei ere antzeko kezka irakurri diet.

Zutabe batean ez da hala. Egia da bertsolariek ez bezala nahi beste denbora dugula. Baina orri zuriaren dilemak pisu handia du. Zertaz idatzi. Hori da gakoa. Leiho honetan zutabekide izan ditudanei ere antzeko kezka irakurri diet. Zutabearen folio zurian zer islatu edo zer den Bizkaiari buruz berba egitea, zeintzuk diren Bizkaiko gaiak. Baina tira, bertigoak bertigo eta kezkak kezka, zutabeak atera egin dira. Unbeko Ama Birjina, Korrika, hauteskundeak, aratusteak, arrakasta… Denetariko gaiak gorpuztu dira zutabe honetan, sakonak zein arinak. Baita hainbat tabernak zuritoei ezarritako betoa bezalako kontu serioak ere. Baten batek txosnetan txartelagaz ordaintzearen inguruan idatzi behar nuen ere galdetu dit. Ur sakonak dira horiek, eta Bilboko konpartsa bateko kidea izanda, nonor mintzea. Hiru aste baino ez dira falta Aste Nagusia hasteko, eta lerro hauetatik gonbita egin nahi dizuet Abanteko txosnara agertzeko. Ba al da euskarari eta BERRIAri laguntzeko modu hoberik txosna batean tragoa hartzea baino?

Tira, kontu-kontari bukaerara hurbiltzen ari naiz. Kontu-kontari baino gehiago, kantu-kantari. Tipo musikazalea naiz, eta nire agurrean ez nuke huts egin nahi. Agurra edo despedidea. Halaxe kantatu zuten Gu ta Gutarrak taldeko kideek Durangoko Plateruenan emandako azken kontzertuan, eta antzeko izena (Hauxe da despedidea!) erabili zuen Oskorrik 2015eko agur biran. Ez dira lerro artean agertu diren musika talde bakarrak. Emma Goldmanek esandakoak ekarri nituen behin zutabe honetara: «Ezin bada dantzatu, ez da nire iraultza», musikak duen indarraz sinetsita nagoelako. Viva Suecia, Fermin Muguruza eta ABBA ere bisitari izan ditugu zutabetxo honetan, baina, batez ere, Peiremans edo Berri Txarrak-en letrak. Gaurkoan ezin kale egin. Hilabete hauetan zuekin lerro hauek partekatu eta gero, Biziraun (izena ere hortik hartu…) kantaren esaldi bat baino ez zait bururatzen agurtzeko: «Hauxe da dena».