Kostaldean ere aparkatu ahal izateko

Kostaldean ere aparkatu ahal izateko

​Hondartzara, portuan paseatzera edo gastronomiaz gozatzera, milaka lagun joaten da udako hilabeteetan Bizkaiko kostaldeko herrietara. Eta asko dira bigarren etxebizitza itsasotik gertu duten bizkaitarrak ere. Ondorioz, gehienetan hirukoiztu egiten da biztanleria udan. Turismoaren sektorearentzat onuragarria da, baina arazoak ere sortzen ditu. Berbarako, urte osoan bertan bizi direnek aparkatzeko arazoak izaten dituzte. Hainbat herrik aspaldi hartu zituzten neurriak. Aurten, Lekeitiok, Plentziak eta Armintzak (Lemoiz) aparkatzeko sistema berriak ezarri dituzte, edo izan dituztenak gogortu. Alkateek diotenez, herritarrak pozik daude oro har. Baina jaso dute kritikarik; batez ere, udatiarren eta merkatarien aldetik.

1

Lekeitio

Lekeition, 7.000 lagun pasatxo daude erroldatuta. Horiek dira urte osoan bizi direnak. 3.500 auto inguru dituzte, eta herriak 1.500 aparkaleku publiko ditu. Urte osoan aparkalekua arazo bada, udan, biztanleria hirukoiztuta, zer esanik ez: «Udatiarrak etortzen dira, familia bakoitza hiruzpalau autorekin, eta sarri uda osoan mugitu ere egin gabe egoten dira aparkatuta», kontatu du Ander Aldazabal alkateak. Horrek aparkaleku libre kopurua txikitzea eragiten zuen. «Lekeitiarrok derrigor behar dugu autoa lanera joateko, eta askotan herrira bueltan 40-45 minutu behar izaten genituen aparkatzeko lekua topatzeko, kanpoko jendeak lekuak betetzen zituelako». Horregatik, joan den martxoan aparkaleku sistema berria onartu zuten.

Lekeition udatiarrek eta bisitariek aparkatu dezaten ipini dituzten aparkalekuetako bat, joan den asteburuan. ANDONI CANELLADA

Hiru gunetan banatu dute Lekeitio. Herrigunea berdea da, eta Lekeition erroldatutakoek, Eakoek eta Lea ibarrekoek baino ezin dute aparkatu. Halere, herrigunean merkataritzarako «estrategikoak» diren leku batzuk gorriak dira: gehienez, 30 minutuz eduki daiteke autoa aparkatuta toki horietan, astegunetan goizean eta arratsaldean ordu batzuez eta zapatu goizetan. «Helburua da leku horietan autoen mugimendua egotea; ez egotea ibilgailu bat luzaroan aparkatuta». Azkenik, hirugarren gunea urdina da, eta herrirako sarreretan dauden lau aparkalekuek osatzen dute; bi ordainpekoak dira. Haietan aparkatu behar dute Lekeition duten bigarren etxebizitzara etortzen diren udatiarrek eta gainontzeko turistek.

Aldazabalek aitortu du udatiarren aldetik kexak jaso dituztela. Besteak beste, esan diete ez dutela ulertzen inguruko herrietakoek zergatik aparka dezaketen doan gune berdean, herrian zergarik ordaintzen ez duten arren, eta udatiarrek, ostera, zergatik aparkatu behar duten gune urdinean, kanpoko aparkalekuetan, haiek bigarren etxebizitzari dagozkion zergak ordainduta ere. «Inguruko herrietako bizilagunek zerbitzu garrantzitsu batzuk Lekeition dituzte: medikua, dendak, eskola… Urte osoan etortzen dira Lekeitiora, eta gure dendetan kontsumitzen dute. Ostera, udan etortzeari utzi egiten diote, ez dutelako non aparkatu, eta beste leku batzuetara joaten dira erostera. Neguan gurean erostera ez itzultzeko arriskua dago. Gure merkatariak laguntzeko hartu dugu inguruko herrietakoak ere gune berdean onartzeko erabakia».

«Udatiarrak etortzen dira, familia bakoitza hiruzpalau autorekin, eta sarri uda osoan mugitu ere egin gabe egoten dira aparkatuta»
ANDER ALDAZABAL Lekeitioko alkatea

Gainera, alkateak azpimarratu du gune urdineko tarifak «merkeak» direla. Egunpasa doazen turistek doan dituzte lehen hiru orduak, eta hortik aurrera kobratzen hasten zaizkie; egun osoagatik hamabi euro ordaindu behar dute. Udatiarrentzat eskaintza berezia egin dute: hilabetez aparkatzeagatik 90 euro, bi hilabetegatik 120, eta hiru hilabeteko bonuagatik 150 euro. «Egunean aparkatzeagatik, hiru euro dira hileko tarifarekin; euro bi eta erdi, hilabete bikoarekin; eta euro bi, hiru hilekoarekin. Ea non aparka daitekeen egun osoa diru horren truke».

Lekeitioko sistema berria ekainaren 15ean sartu zen indarrean, eta, Aldazabalen arabera, lekeitiarrak «pozarren» daude. «Lanetik itzuli, eta orain nahikoa dituzte bost minutu aparkatzeko lekua topatzeko». Trafikoa ere gutxitu dela esan du, eta banatzaileek ez dutela bigarren lerroan aparkatu behar izaten gune gorriei esker. Turistak ere pozik daudela uste du alkateak: «Lehen, askotan, etorri eta aparkatzeko lekua topatu ezinik joan egiten ziren; orain aparkatzeko lekua dute, beste toki guztietan bezala aparkatzeagatik ordainduta».

Bizkaiko Hitza-k Lekeitioko merkatari elkartearekin egin du berba, baina ez dute adierazpenik egin gura izan, bazkideen artean sistema berriaren aldeko eta kontrako iritziak daudelako. Iragarri dute uda bukatutakoan udalarekin elkartu eta baloratuko dutela. Alkateak berak ere esan du irailean sistema berriaren balorazioa egingo dutela, datuak aztertuta.

2

Lemoiz

Lemoizek Armintzan ditu portua eta hondartza, eta lemoiztarren erdiak auzo horretan bizi dira. Aparkatzeko arazoak konpontzeko asmoz, duela hiru urte Armintzako herrigunean lemoiztarrentzako aparkalekuak gorde zituzten, ordu jakin batzuetarako. Aurten, udalak moldatu egin du aparkatzeko sistema, Begoña Moratalla jarduneko alkateak kontatu duenez. Maiatzean ordenantza berria onartu zuten horretarako. «Lehen, ordutegi bakarra zegoen: 11:00etatik 21:00etara soilik lemoiztarrek aparka zezaketen bereizitako gunean. Orain, hilabeteka antolatu dugu ordutegia: ekainean eta irailean arratsaldez bakarrik gorde dugu bertokoentzat; uztailean eta abuztuan, 12:00etatik 20:00ak arte».

Lemoizko Armintzako sarrerako aparkalekua, joan den asteburuan; orubearen zati batean etxebizitzak eraikitzen hasi dira, eta aparkatzeko leku gutxiago dago. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Beste aldaketa bat ere badago: kontrola. «Orain arte, inork ez zuen kontrolatzen gune horietan nork aparkatzen zuen, eta, bisitariek bazekitenez, edonon aparkatzen zuten. Armintzarrak Gorlizera joaten ziren erosketak egitera, eta, bueltan, ez zuten aparkatzeko lekurik topatzen. Beraz, hori kontrolatzeko pertsona bat jarri dugu aurten». Alkateak esan duenez, herritarrak pozik daude aldaketarekin. Ostalarien artean, ostera, ezinegona dago, hedabide batzuetan agertu denez. Haiek diotenez, ohi baino bezero gutxiago dituzte. Moratallaren ustetan, arazoa ez da sistema berria: «Eguraldiak ez du lagundu orain arte, esango nuke familien ekonomia ere ez dagoela momentu onean, eta ordenantza onartu genuenean Bizkaian gehien irakurtzen den egunkariak jarritako titularrak ere ez digu mesederik egin; esan zuten kanpokoei trabak jarri dizkiegula gurera etortzeko».

Armintzan laurehun aparkaleku daude, eta, sistema horri esker, erdiak inguru dira lemoiztarrentzat, eta beste erdiak, bisitarientzat. Hiru aparkaleku garrantzitsu dituzte: sarrerako biribilgune ondoan 120 plazako bat eta hondartza alboan bi —laurogei plaza, bien artean—. Orain, baina, arazoa dute sarrerako aparkaleku harekin, jarduneko alkateak kontatu duenez: duela hogei bat urte onartutako HAPOan jaso zuten inguru hartan etxebizitzak eraikitzea, eta orain orubean eraikitzen hasi dira. «Ez dugu orube osoa galdu; eraikitzen ari den enpresarekin adostu dugu parte bat aparkatzeko utz dezatela. 120 plazetatik 50 galdu ditugu. Baina beste 30 lortu ditugu Armintzan, oro har. Beraz, iazko udarekin alderatuta, aurten 30 plaza gutxiago ditugu. Ez da hainbesteko aldea».

«Armintzarrak erosketak egitera joaten ziren, eta, bueltan, ez zuten topatzen aparkatzeko lekurik. Beraz, pertsona bat jarri dugu hori kontrolatzeko»
BEGOÑA MORATALLA Lemoizko jarduneko alkatea

Dena den, Lemoizko Udala alternatiba bila ibili da. Ez dute lursail publikorik Armintzan aparkaleku berria eraikitzeko. Horregatik, armintzarren bati bere lursaila alokatzen ahalegindu dira. «Jabeekin hitz egin ondoren, baietz esan diguten bi lagun egon dira, baina gero ezin izan ditugu bete diputazioak ipinitako eskakizunak». Ahalegintzen jarraituko dutela esan du Moratallak, baina ez du uste aurten aparkaleku berririk lortuko dutenik. Dena den, bisitariei ohartarazi die hondartzako aparkalekuetan normalean leku libreak egoten direla. «Herrigunean aparkatzeko ohitura dute, baina hondartzatik herrigunera hirurehun metro baino ez daude, bizpahiru minutu oinez».

Dena den, Lemoizko jarduneko alkateak ez du uste konponbide bakarra aparkaleku gehiago jartzea denik. Eredu jasangarriago bat behar dela deritzo. Armintzara autobusez joan daiteke. Linea bakarra dago, Uribe Kosta osoa zeharkatuta, Getxoko Areeta auzotik doana. «Orduan behin etortzen da, ibilbide txarra du, eta denbora asko behar du». Mungiatik Gorlizera eta Plentziara doan autobusa ere Lemoiztik igarotzen da, baina ez Armintzatik, eta ordutegiek ez dute laguntzen linea batetik bestera pasatzen. Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio arduradunekin bildu dira hobekuntzak eskatzeko, baina itxaron egin beharko dute, datorren urtean Bizkaibusek zerbitzua birmoldatzeko prozesua hasi arte.

3

Plentzia

Plentziak zazpiehun auto aparkatzeko plaza publikoak ditu, eta urte osoan 2.000 auto daude herrian. Ia 4.500 herritar daude erroldatuta. Udan hirukoiztu egiten da populazioa. Erroldatuetako asko herrigunetik aparte bizi dira. Esaterako, periferiako auzo bakartuenean, ia mila herritar bizi dira: Isuskitzan. Herrigunetik kanpo bizi direnek ez dute garraio publikorik herrigunera joateko, eta Isuskitzakoek oinez ere ezin dute joan. «Udan, auzoetakoentzat ezinezkoa zen herrira etortzea. Ez zuten topatzen aparkatzeko tokirik. Herrigunean bizi direnek ere arazo bera izaten zuten lanetik itzultzerakoan. Kaos itzela genuen. Kostaldean aparkalekuak arautu gabe genituen herri bakarra ginen, eta arautzea erabaki dugu», esan du Aitor Garagarza alkateak.

Plentziako Erriberako kalea, joan den asteburuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Uztailaren 2tik irailaren 8ra, herrigunean plentziarrek baino ezin dute aparkatu. Udatiarrek eta turistek, Txipion eta Errotaberriko futbol zelaiaren alboan. Herrigunean gune urdin batzuk sortu dituzte, erosketak egitera doazenek aparkatu ahal izateko, eta bi orduz aparka daiteke leku horietan. Garagarzak uste du ondo funtzionatzen ari direla aparkaleku berezi horiek, eta ez du baztertzen datorren udarako gehiago sortzea. «Udatiar batzuentzat hori ez da nahikoa. Eskura ditugun baliabideak jarri ditugu; ez dugu besterik. Hala ere, nik zera esaten diet: plentziar batek Bilbon bigarren etxebizitza badu, ez ditu bilbotarrek dituzten eskubide berak; eman buelta, eta orain hemen gauza bera gertatzen ari da».

Alkateak esan duenez, udatiarrek TAO sistema ezartzeko eskatu diete, beste herri batzuetan dagoen bezala. Baina Plentziako Udalak ez du horretarako asmorik: «Ez du arazoa konpontzen; udalak dirua biltzeko baino ez du balio». Haren esanetan, arazoa «egiturazkoa» da, eta mugikortasun ereduarekin dago lotuta. «Auto pribatua gehiegi erabiltzen dugu. Kasu batzuetan, ez dugu beste alternatibarik. Baina jendeak ez du ulertzen beti ezingo duela etxe aurrean aparkatu; ez du ulertzen Plentzian oporrak pasatzera metroz etorri beharko duela agian. Veneziara ezin zaitezke autoz sartu».

«Jendeak ez du ulertzen beti ezingo duela etxe aurrean aparkatu; ez du ulertzen Plentzian oporrak pasatzera metroz etorri beharko duela agian»
AITOR GARAGARZA Plentziako alkatea

Plentziako merkatariekin eta ostalariekin hitz egiten ahalegindu da Bizkaiko Hitza, baina ez du erantzunik jaso. Alkateak ez du uste sektore horiei kalterik egin dienik araudi berriak. «Jendea berdin-berdin etorri da Plentziara; eguraldi ona egin duen egunetan, metroa beteta etorri da». Gainera, adierazi duenez, Plentziara joaten diren askok Gorlizen aparkatzen dute. Bi udalerrietako herriguneak ia elkarren jarraian daude, eta hondartzak ere elkarren segidan dituzte. «Gorlizek TAO zerbitzu malguagoa dauka», zehaztu du Plentziako alkateak. «Uste dugu udan kostaldeko herriak autoz beteta egon behar dutela, baina, nire ustez, hori aldatu behar da». Garagarzak eredu jasangarriago bat behar dela ohartarazi du, eta, horretarako, garraio publikoa sustatu behar dela azpimarratu du. Uribe Kostako EH Bilduko alkateek Bilboko metroak maiztasuna handiagoa izatea nahi dute: Bizkaiko Garraio Partzuergoari eskatu diote hamahiru minutuan behin pasatu dadila trena.