Beldurra eragitea ere bada indarkeria matxista

Beldurra eragitea ere bada indarkeria matxista

​Indarkeria ez da soilik ekintzen bidez gauzatzen. Mugimendu feministak maiz adierazi duenez, arriskua ez dira bakarrik erasoak; erasoez hitz egiteko moduak ere muga ditzake andreen eskubideak. «Emakumeen bizitza eta jokaerak une oro zelatatzen eta zigortzen dituen sistema sozial indartsu bat ez balego, indarkeria sexuala ez litzateke posible izango», Nerea Barjola politologo feminista eta ikerlariaren hitzetan. Eta sistema horrek arrisku sexualaren irudikapena baliatzen du emakumeen jarduna zedarritzeko, haren esanetan. Preseski, beldurra eragiten duten mezuak ugaritu egin ohi dira andreek eskubideak eskuratzen dituzten garaietan, politologoak nabarmendu duenez, eta indarra hartzen dute uda garaian bereziki. «Irudikapen horiek proiektu politiko gisa funtzionatzen dute: emakumeek barneratu egiten dituzte, eta eragina dute haien egunerokoan eta praktiketan». Barjolak txosten batean jaso ditu hausnarketok, eta ohartarazi du: segurtasunaren izenean hartzen diren neurri batzuek ere izua hauspotu dezakete.

Bizkaiko emakume gazteek gaueko aisialdian jasaten duten indarkeria sexuala aztertu du Barjolak, 15 eta 30 urte arteko andreen testigantzetan oinarrituta, eta ¿La fiesta era esto? (Hau al da festa?) txostenean jaso ditu emaitzak eta ondorioak —Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak EHUri egindako enkargu bat izan da—. Dokumentuan nabarmendu duenez, «izu sexuala» ere biolentzia da, eta funtsezkoa, gainera, «indarkeria sexuala mantentzeko, sostengatzeko eta eragiteko».

Ikerketan parte hartu duten emakumeen ustetan, jaiguneak dira «indarkeria handiena jaso eta eragiten diren» tokiak. Hala, erasoak prebenitze aldera, «diziplina zorrotza» ezartzen diete euren buruei: ez dira jaietara joaten lagunduta ez bada; mutil batekin ligatzen badute, kokapena bidaltzen diete ezagunei; ahalegintzen dira komunera bakarrik ez joaten… «Ez dira eraso sexualei aurre egiteko estrategiak», ebatzi du Barjolak txostenean. «Beldurra transformatzeko neurriak dira, izu sexuala eramangarria egiteko». Izan ere, neurriak hartuagatik, emakume batzuei eraso egiten diete.

«Erasoen %80 baino gehiago ezagunek egiten dituzte. Arreta ezezagunengan ipintzen bada, kasu gehienak ikusezin bihurtzen dira, eta askoz zailagoa da indarkeria hori identifikatzea»
MIREIA SAIZ Barakaldoko Argitan emakumeentzako aholkularitza etxeko bozeramailea

Askatasuna mugatzea ez da izu sexualak dakarren arrisku bakarra, ordea; era berean, erasotzailearen estereotipo jakin bat indartzen du, eta gizonen artean dikotomia bat sortzen: batetik, gizon gaiztoa dago, erasotzailea, kale bazterrean zain dagoen ezezaguna, oharkabean harrapatu eta eraso egiten duena; bestetik, gizon ona dago, babesten duena. Alabaina, datuek gezurtatu egiten dute irudikapen hori. «Erasoen %80 baino gehiago ezagunek egiten dituzte», Mireia Saiz Barakaldoko Argitan emakumeentzako aholkularitza etxeko bozeramailearen esanetan. «Baina arreta ezezagunengan ipintzen baduzu, kasu gehienak ikusezin bihurtzen dira, eta askoz zailagoa da indarkeria hori identifikatzea. Benetako erasotzaileak gure inguruan normalizatuta daude».

«Adabakiak» baino ez

Udako jaien garaian, suspertu egiten da izu sexualaren diskurtsoa. «Heltzen zaizkigun mezuengatik, jaietan handiagoa da segurtasun faltaren sentsazioa», kontatu du Naiara Aguado Arrigorriagako Loturarik Gabe eraso matxisten aurkako elkarteko kideak. Eta hori bera igartzen dute Argitanekoek ere. «Beldurra edukitzea zilegi da», Saizen ustez, «hori helarazten baitute komunikabideek, gizarteak… Baina gauzak aldatu nahi baditugu, horren kontra joan behar dugu. Hausnartu behar dugu zergatik daukagun beldur hori».

Aguadoren hitzetan, gune jendetsuak ukituak eta bestelako erasoak egiteko aprobetxatzen dira, eta horrek indartu dezake jaien eta erasoen arteko erlazioa; baina, batez ere, etxera itzultzea da alderik gatazkatsuena. «Iruditeria kolektibo bat dago, etxera bakarrik itzultzen den emakumea erruduntzat jotzen duena. Esaten digute: ‘Bakarrik joango zara? Zoratuta zaude!’ edo ‘Abisatu etxera ailegatzen zarenean’. Jaietan irten edo ez erabakitzeko, askotan kontuan hartzen da ea bakarrik itzuli beharko duzun, edo norbait egongo den zurekin joateko». Alde horretatik, azken urteetan ugaritu egin dira andreak etxera laguntzeko zerbitzuak —udalek antolatzen dituzte sarritan—, baina Barjolak ez ditu gomendatzen. «Islatzen dute gora egin dutela bai izu sexualak, bai horrek eragiten dituen mugak, eta, ondorioz, atzera egin dela emakumeen askatasunetan».

Argitan elkarteak Barakaldoko jaigunean kokatutako puntu morea, astelehenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Iritzi berekoa da Saiz: neurriok «arriskutsuak» iruditzen zaizkio, atzerapauso bat baitira mugimendu feministak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko egindako lanean. «Emakumeen autonomia mugatzen dute, eta infantilizatzen gaituzte. Segurtasunaren aitzakiarekin, ez dugu gizonen eskubide bera nahi dugun tokian eta nahi dugun unean egoteko». Uste du «adabakiak» baino ez direla, eta ez diotela egiturazko arazoari heltzen. «Beldurrari berehalako erantzuna emateko neurriak dira, baina ez dago sakoneko hausnarketarik, eta ez dute kontuan hartzen mugimendu feministak egiten duen lana».

Hala, erantzun partzial bat da; konkretuki, segurtasunaren ikuspegi hutsetik egindakoa. Barjolaren arabera, neurri horiek segurtasuna lotzen dute gizon baten abaroan egotearekin. Hala, ez zaitez inoiz bakarrik geratu izan ohi da emakumeentzako gomendio orokorra, politologoak azpimarratu duenez. «Horrek irudikatzen du zer tokitan, testuingurutan eta egoeratan sentitzen diren emakumeak babesgabeen: euren buruekin». Bakarrik daudenean, emakume publiko bihurtzen dira, hain justu. «Hau da, gizonen konpainiarik eta babesik gabe, emakumeak edonorenak dira; edo, beste era batera esanda, gizon guztienak». Babesteko beharraren izenean, emakumeen gorputzen kontrol sozialerako modu berriak sortzen dira, Barjolak salatu duenez.

%45

Askatasun sexualaren aurkako erasoen hazkundea azken bi urteetan. Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren arabera, 2021. urtean sexu askatasunaren kontrako 224 eraso egin zituzten lurraldean; iaz, 325. Hau da, bi urtean %45 gehiago egin dituzte. 2023an, biktimen %56k 21 urte baino gutxiago zituzten. Sexu erasoak prebenitzeko udako kanpainan, aldundiak aliatuak eskatu ditu jaiak «libreak eta errespetuzkoak» izan daitezen. «Gizarte osoarentzako deia da, eta, bereziki, gizonentzat», Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailburuaren berbetan.

Gainera, Poliziaren presentzia agerikoa da halako neurrietan, eta horrek ere errezeloa pizten du feministen artean. Kasu baterako, Barakaldoko Udalak Poliziari abisatzeko aplikazio bat eskaintzen die andreei herriko jaietan —etzi bukatuko dira—; eta Santurtziko Udalak etxera laguntzeko antolatzen duen zerbitzuan, polizia bat egoten da —Santurtziko jaiak ere etzi bukatuko dira—. Hain justu, Santurtzi aitzindaria izan zen zerbitzu hori ematen, eta aurten aldarrikatu egin dituzte neurriaren onurak.

Ñabartuta, halere: udalak argitu du ez dela soilik emakumeentzat, baizik eta bizilagun ororentzat, baita gizonentzat ere; Segurtasun Sailaren egitasmo bat dela, ez Berdintasun Sailarena. Baina nori interpelatzen diete halako neurriek? Saizen esanetan, herritarrei etxera laguntzeko zerbitzu bat ipini gura bada, badaude beste modu batzuk. «Adibidez, herriko garraio publikoa indartu dezakete, eta gau osoan eskaini, etenik gabe». Garraio Sailak sustatuko luke neurri hori, Saizek zehaztu duenez; horrela, transbertsalagoa izango litzateke segurtasuna hobetzeko ahalegina.

Autodefentsa gako

Beste ertz bat aipatu du Saizek: erruduntasuna. Halako neurriek emakumeen gainean ipintzen baitute ardura. «Orain dela urte batzuk, sumisio kimikoarekin psikosi bat egon zenean, [Barakaldoko] udalak edalontziak estaltzekoak atera zituen, eta publikoki salatu genuen. Arreta gugan jartzen ari dira: zu zaindu behar zara, zuk ipini behar dizkiozu mugak zeure buruari, zuk ipini behar duzu edalontzia estaltzekoa…». Eta, ondorioz, andreak eurak bihurtzen dira haien kontrako erasoen erantzule, hein batean, eskura duten neurrietako baten bat ez betetzeagatik. «Erasoaren ondoren, zera dator: emakumeek dugun sinesgarritasun falta orokorra, fiskalizazioa… Baita gainditutzat ematen genituen galderak ere: ‘Zergatik joan zinen bakarrik etxera, laguntza zerbitzua erabili beharrean?’».

Dena den, batzuetan andreek eurek eskatzen dituzte halako zerbitzuak. 2019an, Loturarik Gabe elkartea brigada moreak antolatzen hasi zen: andre gazte batzuk jai gunean ibiltzen ziren, identifikatuta eta une oro ikusgai. «Horrek konfiantza eragiten du, edo disuasiorako modu bat da», Aguadoren irudiko. Alabaina, emakume batzuek aparteko neurriak galdegin dizkiete: hain justu, etxera gerturatuko dituen garraio bat. Aurten, estreinakoz, Taxi Lila zerbitzua probatuko dute jaietan, udalarekin batera —gaur hasiko dira Arrigorriagako festak—, eta doakoa izango da andreentzat eta LGTBI pertsonentzat; izena eman beharra dago aurretik. Taxi gidari bat kontratatu dute horretarako. Elkarte txiki bat izanda, eta baliabide mugatuak dituztenez, Taxi Lilaren eta brigaden artean erabaki behar izan dute.

«Jaietan irten edo ez erabakitzeko, askotan kontuan hartzen da ea bakarrik itzuli beharko duzun, edo norbait egongo den zurekin joateko»
NAIARA AGUADO Arrigorriagako Loturarik Gabe eraso matxisten kontrako elkarteko kidea

Aguadok azaldu duenez, zenbait gune herrigunetik nahiko urrun eta bakartuta daude, eta hango emakume eta gazte batzuk beldur dira distantzia hori gauez, oinez eta bakarrik egin behar dutenean. «Taxia erabiliko dutenak izango dira, batez ere, herriaren kanpoaldean bizi direnak, eta ez dutenak etxera itzultzeko garraio publikorik. Haientzat muga bat da festez gozatzeko. Ez da emakumeon errua, baina beldurra hor dago, eta zeozer egin behar dugu horrekin», azaldu du Aguadok.

Bestalde, Argitan elkarteak Puntu Morea kokatu du aurten ere, jai gunea okupatzeko eta «ahalduntzea, sororitatea eta solidaritatea» lantzeko, Saizen esanetan. «Gure kanpainetan, aldarrikatzen dugu emakumeok kaleak, eremuak eta jaiak okupatzeko eskubidea dugula, edozein ordutan, gauden egoeran gaudela. Eta erasotzaileak direla kalean egoteko eskubiderik ez dutenak». Haren iritziz, gaitzespen kolektibo eta irmoa sortzea da gakoa, baita maila indibidualean eragitea ere. Autodefentsa feminista aldarrikatu dute, oro har. «Gizonek osatutako babes sarea ordezkatu egin behar dugu norberaren eta elkarren zaintzarekin», adierazi du Barjolak.

2019ko Arrigorriagako jaietako brigada feminista, herriko Loturarik Gabe elkarteak antolatutakoa. LOTURARIK GABE