“Elkarbizitza arazoa auzoko arazo larriagoen ondorio da”

25 urte inguru daramatza martxan Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakundeak. Bilboko hiru auzootako beharren alde borrokatu dira, udalaren esku hartzen ez duela ikusita, eta auzoon egoera orokorra zein arazo zehatzak aztertzeko jardunaldiak egin dituzte asteon. Javi Sierra koordinakundeko kideak auzoez eta bizilagunez hitz egin du.

Auzoetako egoera salatu duzue. Zelakoa da?

Auzoak baztertuta daude; jendea pobre, babesik gabe bizi da. Langabe kopurua izugarri altua da: 2011n, hiru auzoetako langabezia tasa %35 zen. Egungo krisi ekonomikoa eta murrizketak direla eta, gero eta lan gutxiago dago. Inolako diru iturririk ez duen jende asko dago. Gainera, Lanbidek diru sarrerak bermatzeko errentaren legea aldatu du, eta orain hiru urtez erroldatuta egon behar duzu laguntza hori jasotzeko.

Egoera hori dela eta, zer neurri hartu du Bilboko Udalak?

Udalak hainbat urte daramatza gure auzoetarako plan eraginkorrik egin gabe. 2012-2016rako Plan Komunitarioaren bidez, auzoetako bizikidetza hobetzea da xedea, baina, gure ustez, planteamendu hori ez da zuzena. Elkarbizitza arazoak daude, baina hori ondorio bat baino ez da; arazo larriago batzuen ondorioa, hain zuzen. Pobrezia eta bazterketa soziala dira auzoetan ditugun arazo larrienak, eta horiek eragiten dute elkarbizitza arazoa. Egoera horren larria izanda, premiazkoa da berehala esku hartzea. Baina udalak, bizikidetza arazoa dela esanez, auzokideak errudun bihurtzen ditu nolabait. Benetako arazoetarako ez dago inolako planik.

Zer aldarrikatzen duzue zuek? Zer eskatzen diozue udalari?

Bilboko Udalari benetako plan bat eskatzen diogu, non denok parte hartuko dugun. Auzoaren diagnostiko erreala egin dezala, eta nahi dugu arreta premiazko arazoetan jar dezan, hau da, enpleguan eta pobrezian. Gutxienez jendeak oinarrizko beharrak beteta eduki ditzan.

Udaltzainek etorkinekin indarkeriazko jarrera dutela salatu izan du SOS Arrazakeria elkarteak.

Auzoan dabiltzan polizia gehienek jarrera arrazista dute. Hori agerian dago etorkinekin duten portaeran. Batez ere San Frantziskon etorkin asko dago, eta polizia arrazista edukitzea benetan arazo larria da. Irailean, Fleming Doktorearen plazan istiluak egon ziren, auzokide batzuk zarataz kexatu zirelako. Udaltzainek borrekin eta txakurrekin erantzun zuten plazan zeuden etorkinen kontra. Espazioa, kalea, erabiltzeko da, eta plaza batean jendea egotea normala da, ez dago ordutegi bat bankuetan jesarrita egoteko. Zazpikaleetan ere zarata egoten da, eta udaltzainak ez dira agertzen jendea jipoitzera. Beste edozein auzotan izan balitz, bestela jokatuko lukete, ziur nago.

Zer dela-eta du auzoak ospe txarra?

Guk uste dugu komunikabideek eta udalak erru handia daukatela auzoak duen ospean. Jendea ez da pasatzen auzo honetatik. Bertora hurbiltzea, kalean zehar paseatzea edo zerbait hartzea, hori ere, modu batean, bazterketa apurtzea izango litzateke. Jendeak ez dauka auzoetako errealitatearen berri. Gauza on asko ere badaude: hainbat kultura ezagut ditzakezu, kalean bizitza handia dago, denda txikiz beterik dago, eta oso aberatsa da hainbat lekutako produktuak eskura izatea.

Etorkinek parte hartzen al dute koordinakundean?

Egia esateko, ez asko. Auzoko jaietan, perkusio egunean eta Munduko Arrozen ekitaldian parte hartzen dute, baina zailagoa da batzarretara erakartzea. Hori dela eta, kulturartekotasuna jorratuko duen batzordea sortu berri dugu, eta auzoko etorkinengana hurbiltzen saiatzen ari gara. Haiek dituzten arazoak eta beharrak zein diren kontatzea nahi dugu, bilerak egin. Guk ikusten ez ditugun gauzak ikusiko dituzte seguruenik, eta hori beti da aberasgarria.

Bihar VI. Perkusio Eguna ospatuko duzue, parte hartzeko jaia izaten da.

Bai, eta aldarrikapen eguna ere bada. 12:00etan auzoetako hainbat plazatan perkusio taldeek joko dute. 13:00etan kalejira egongo da San Frantziskoko Mariaren Bihotza plazan. Auzoetan hainbat kultura daude, eta perkusioa horietako askotan erabiltzen da. Auzokideon egoera latza salatzeko ere aprobetxatuko dugu.

Zer espero duzue aurrerantzean?

Ez dugu konfiantza handirik udalarekin; uste dugu ez duela borondaterik auzo hauetako arazoak konpontzeko. Gure iritzia eman genion uda aurretik egindako batzar batean, ondo ezagutzen baitugu bertoko errealitatea, baina ez gaituzte kontuan hartu.