Lekeitioko altxorra, arriskuan

Lekeitioko altxorra, arriskuan

​Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen elizak balio historiko handia du: gotiko berantiar garaiko eraikina da, eta Bizkaiko erretaula garrantzitsuenetako bat du barruan. Eliza horretan dago herrialdeko Cavaille-Coll estiloko organorik zaharrena ere: 1854an sortu zuten, eta aldi horretako artearen adierazle nagusia da, Lekeitioko Organoaren Lagunak elkarteko kideen arabera. «Lehen mailako erreferentea da organo erromantikoen historiarako, Espainiako Estatuan sortutako estetika horren barruan lehena izan baitzen». Denborak, baina, kalteak eragin ditu Lekeitioko eliza nagusiko musika instrumentu garrantzitsuenean, eta, orain, «zaharberritze lan sakona» behar du. «Hain zuzen, lan hori egin ahal izateko sortu dugu elkarte hau», adierazi du Lekeitioko Organoaren Lagunak taldeko kide Itxaro Mentxakak.

Oraindik ere erabiltzeko moduan dagoen arren, organoak galdu egin du garai batean zuen musikaltasuna, hein handi batean, eta hori berreskuratzea da zaharberritzearen helburu nagusia. «Ofizio liturgikoetan erabiltzen dute oraindik ere, baina zaila da haren potentzial osoa martxan jartzea», azpimarratu du Mentxakak. Instrumentuak dituen kalteei dagokienez, hauspoetatik airea galtzeak kezkatzen du gehien Mentxaka, horrek zuzenean eragiten baitie organoarekin jo daitezkeen soinuei. Alde horretatik, ez da instrumentuari nolabaiteko konponketak egiten dizkioten lehen aldia: «Lekeitioko organori hainbat konponketa txiki egin zaizkio lehenago ere, baina, orain, konponketa handi bat behar du».

Elkarteko kideek aurreratu dutenez, 600.000 euro kostatuko da Lekeitioko elizako organoa zaharberritzea. Helburu hori bete ahal izateko, instituzio pribatuen, erakunde publikoen eta banakoen dohaintzak behar dituzte. Joan den asteburuan egin zuten dirua biltzeko lehenengo ekintza, hain justu. «Kontzertu bat egin genuen elizan, zapatuan. Herritarrei esplikatu genien zelako altxorra daukagun herrian, zelako egoeran dagoen, eta zer behar duen. Askok ez zuten horren berririk».

«Lekeitioko elizako organoa ofizio liturgikoetan erabiltzen dute oraindik ere, baina zaila da bere potentzial osoa martxan jartzea».
ITXARO MENTXAKA Lekeitioko Organoaren Lagunak elkarteko kidea

Musika eskaintzari dagokionez, emanaldia aski berezia izan zen. «Herriko talde askok parte hartu zuten», kontatu du Mentxakak. Batetik, Asier Uskola dantzariak eta Aitor Olea, Gorka Sierra eta Jose Maria Boller organo jotzaileek parte hartu zuten. Bestetik, Ainhoa Gojenolak oboea jo zuen, eta Mikel Uskolak, berriz, hainbat abesti interpretatu. Lekeitioko musika banda, Kilin Kala korua eta Koruko Neskak ere bertan izan ziren. Eliza betetzea lortu zuen elkarteak, eta Mentxakak nabarmendu du ikusleen harrera ezin hobea izan zela. «Herritarrak inplikatu egin ziren, eta harrituta geratu ginen erantzunarekin».

Zaharberritze prozesua

Organoa zaharberritzeko dirua lortu ostean, konponketa aurrekontuak eskatuko dizkiete elkarteko kideek hainbat organogileri. Behin organogilea aukeratzen dutenean, herritarrek pazientzia izan beharko dute. «Ikusi beharko da hautatutako organogileak zenbateko lan karga duen, beste instrumentu batzuk konpontzen ere arituko baita», esan du Mentxakak. Lekeitioko elizako organoa konpontzeari ekiten dionean, tentuz egin beharko du lan zaharberritzaileak: «Organoak 1.700 tutu ditu, eta banaka desmuntatu behar dira. Horren ondoren, tailerrera eraman behar dira pieza guztiak: Frantziara, Espainiara edo beste lekuren batera». 

Ez denez lan makala izango, zaharberritzaileak denbora behar izango du Lekeitioko organoa behar bezala konpontzeko, eta, Mentxakak azaldu duenez, errestaurazio prozesuak luze joko du. «Konpontzen dutenean, gainera, hona ekarri eta berriz muntatu beharko da. Eta gero, afinatu, harmonizatu, eta abar. Kristoren lana da, baina horretan gaude».

LEKEITIOKO ELIZAKO ORGANOA

Helbidea: Andre Mariaren Jasokundearen eliza. Abaroa kalea, Lekeitio.
Bisita: 08:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Telefono zenbakia: 633-17 04 78.