Bilboko metroko luzatzeko proiektuak bizkaitarrak hobeto konektatzea du helburu. Hala ere, Usansoloko herritarrak ez daude konforme onartu berri den ibilbidearekin. Izan ere, salatu dutenez, Usansolok herriko erdigunean duen tren geltokia kenduko dute metroaren proiektu berria gauzatzeko, eta, horren ordez, metroaren geltokia ospitalean jarriko dute, herritik kilometro batera. «Ez da bideragarria», ziurtatu du Jon Atxutegik. Apirilaren 13an, Usansoloko herri eragile guztiek manifestaziora deitu zuten, Geltoki bat Usansolo erdian lelopean. Atxutegi da bozeramailea. Geltokia erdigunean nahi dute.
«Usansoloko talde eragile guztiok deitu genuen manifestaziora, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari bilera bat eskatzeko, 2022an egin zuten moduan. Haiek hona etortzea nahi dugu, proiektua azaltzera eta gure beharrak zeintzuk diren ezagutzera», arrazoitu du Atxutegik.
Atxutegik esana du herriaren eskaerak baztertu egin dituztela prozesuan: «2022an, zenbait informazio bileratan komunikatu zitzaigun zein izango zen Usansolorako zegoen proposamena, eta hori zen gure metro geltokia kentzea. Orduan, esan ziguten alegazioa egiteko. Alegazioek ez zuten erantzunik izan, eta martxoan, bat-batean, prentsan agertu zen Eusko Trenbide Sareak bazuela behin betiko proiektua, eta, tamalez, proiektu horretan Usansoloko erdiguneko geltokia erabat kendu zuten, alegazioetan eskatzen zenaren kontra».
Manifestaziora deitu dute lizitatu berri den proiektua geldiarazteko ere: «Orain lizitatu berri duten metroaren azken zatiko obra hori apur bat geldiaraztea nahi dugu, behintzat, gure geltokia lortu arte. Hau da, proiektu hori aldatu nahi dugu, lizitatu berri duten proiektu hori gelditu, eta behin Usansoloko geltokia proiektuaren barne egonda, berriro lizitatzea».
«Ez gara eskatzen ari ez daukaguna jartzeko; eskatzen ari garena da daukaguna mantentzeko. Galtzen ari gara zerbitzu bat», adierazi du Kudeaketa Batzordeko kideak, eta uste du proiektu berriak galera ekarriko liekeela: «Usansolok badauka geltoki bat erdigunean. Gaur egun, usansolotarrok Euskotren erabiltzen dugu normal-normal, eta Bilboko Alde Zaharreko geralekura heltzen gara hemezortzi minututan. Printzipioz, orain onartu duten proiektu berriarekin, autobus bat hartu beharko genuke, Bost-hamar minutu beharko genituzke ospitaleko geralekura heltzeko, eta gero, hortik, beste hogei minutu. Hau da, gaur egungo bidaia, gutxienez, hamar minutu luzatuko litzaiguke. Azkenean, guretzat zoramena da hori, kontuan hartuta badaukagula erdiguneko zerbitzua».
Zarata egin
Herritarrak kexaka dabiltzala adierazi du Atxutegik, orain arteko alegazioek, haien ustez, ez dutelako ezertarako balio izan. Usansoloko auzoetatik ospitalera doan autobus bat jartzea dakar proiektu berriak, herritarrak erdigunetik metro geltokira eramateko. Atxutegiren ustez, ez da bideragarria: «Gure errepideetatik autobusak pasatzen egotea sei minutuan behin ez da batere bideragarria, autoak daudelako, bihurgune nahikotxo ditugulako herrian».
Atxutegik argi dauka aurrerantzean ere manifestaziora deitu beharko dutela euren helburuak lortzeko: «Betikoa da: zarata egin behar dugu, ea norbaitek entzuten gaituen».