Historiako liburuetan zein kontakizunetan ahaztuak izan dira sarritan emakumeak. Egon bazeuden, ordea, eta Paula Moreno artistak gogora ekarri nahi izan ditu, bere gradu amaierako lanaren bitartez: «36ko gerraz ari garenean, hitz egiten dugu fronteez, borrokez, gizonez… Baina emakumeak zapalduta eta isilduta geratu dira». Artistaren lanaren emaitza ikusgai jarri dute Barakaldoko Gazte Bulegoan: Ezabatuta: emakumeak gerra zibilean. Zortzi ilustraziok osatzen dute, eta, erakusketaz gain, artistak idatzitako dosierra ere irakur daiteke.
Paula Morenok idatzitako dosierra, Barakaldoko erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Proiektuaren hasieratik izan zuen argi Morenok emakumeak izango zirela haren lanaren ardatz nagusia. Historia «oso zabala» denez, baina, aro jakin bat aukeratu behar izan zuen artistak: 36ko gerra. «Fenomeno erabakitzailea izan zen, eta horrek nolabaiteko jakin-mina piztu zuen nigan».
Lanean hasi zen garaia «pixka bat kaotikoa» izan zela aitortu du artistak: «Iturri fidagarriak identifikatu behar izan nituen: liburu eta artikulu asko irakurri, dokumentalak ikusi…». Horiek guztiak ordenatu izan behar izan zituen gero, eta, ondoren, ilustrazio bihurtu: «Informazio hori guztia sintetizatu ondoren, pentsatu behar izan nuen nola kontatu hori ilustrazioen bitartez».
«Uste duguna baino informazio gehiago dago gaiaren inguruan. Eskola garaian ez dugu sekula landu emakumeek 36ko gerran zuten rola, baina informazioa egon badago».
PAULA MORENO Artista
Zortzi ilustrazioak modu digitalean ondu ditu. Horietako bakoitzean, gainera, gai jakin bat jorratu du. «Kohesio narratibo bat egotea beharrezkoa zen niretzat», argitu du. Proiektuaren ideia orokorra aurkeztu du, esaterako, lehenengo piezan: «Historia osoan egon dira emakumeak ezabatuta, eta hori nabarmendu nahi izan dut». Haren ondotik, 36ko gerran zentratu da artista.
Morenok kontatu duenez, «bi bando nagusi» zeuden Espainian 36ko gerran: «Falangistak eta komunistak». Bando bakoitzean emakumeen zeregina zein den aztertu du. Mitotik errealitatera piezan, berriz, publizitate kartelak aztertu ditu.
Zazpigarren ilustrazioa da Morenorentzat erakusketako «piezarik bereziena»: biolentzia sexualaren gaia jorratu du. Gaia errespetuz lantzea izan da haren helburua, eta, horretarako, ebakigarriak erabili ditu: «Ez nuen batere argi gaia nola landu, baina, azkenean, metafora bat erabiltzea pentsatu nuen: emakumeak jostailu gisa erabiltzen zirenez, ebakigarriak erabili ditut». Azken ilustrazioan, emakumeek espetxe frankistetan pairatzen zutena aztertu du.
Etorkizuneko helburuak, argi
Gradu amaierako lanaren bitartez «ondorio asko» atera dituela adierazi du Morenok. Baina denen artean informazio kopuruak eman dio arreta bereziki: «Uste duguna baino informazio gehiago dago gaiaren inguruan. Eskola garaian ez dugu sekula landu emakumeek 36ko gerran zuten rola, baina informazioa egon badago».
Erakusketa apirilaren 30era bitarte egongo da ikusgai Barakaldon. Erakusketatik harago, ordea, umeentzako liburuxka bat prestatzen dabil artista. «Ilustrazioen bitartez, umeengan dagoen presio estetikoa jarriko dut agerian». Aurrera begira, berriz, bilduma bat egitea da haren asmoa: «Liburuxka bakoitzean gai bat lantzea da asmoa. Proiektu oso interesgarri eta polita da».