Mutualistek murrizketa eginda jasoko dute zirriborroa

Mutualistek murrizketa eginda jasoko dute zirriborroa

​Martitzenean hasiko da 2023ko errentaren aitorpen kanpaina Bizkaian, eta ekainaren 28ra arte iraungo du. Azken urteetako ereduari eutsi dio Bizkaiko Foru Aldundiak, eta aurrez aurre, telefonoz eta Internetez egin ahal izango da. Foru Ogasuna martitzenetik bertatik hasiko da zergapetuei zirriborroak bidaltzen, eta apirilaren 22rako bidalketak amaituta egotea espero du; Bizkaia.eus/eu/errenta-bizkaia web orrian eta aplikazioan egunean bertan egongo dira eskura. Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantza foru diputatuak iragarri du 1979a baino lehen kotizatu zuten mutualistek zirriborroan jasoa izango dutela murrizketa.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epai baten arabera egin behar du murrizketa Foru Ogasunak: epaileek esan dute Gizarte Segurantzaren erretiro edo elbarritasun pentsioa jasotzen dutenek, 1978ko abenduaren 31 baino lehen lan mutualitateetan kotizatu bazuten, eskubidea dutela pentsioaren zenbatekoa %25 murrizteko egun hori baino lehen egindako kotizazioen zenbatekoaren proportzioan. Mutualistek zirriborroan abisu bat jasoko dute, jakin dezaten murrizketa egin zaiela kalkuluak egitean, eta, gainera, aurreko lau urteetako aitorpenak berrikusteko ere eska dezaketela. Dagoeneko batzuek egin dute eskaera Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako sortutako web orriaren bitartez. Gizarte Segurantzak Foru Ogasunari emandako datuen arabera, Bizkaian 160.000 pentsiodun izan daitezke murrizketa horretarako eskubidea dutenak.

%5,5

Aurrez aurreko aitorpenak, iaz. Iazko kanpainan 32.440 errenta aitorpen egin ziren Ogasunak dituen hamabi bulegoetan; hau da, soilik %5,5. Hamarretik zortzik Internetez egin zuten.

Oro har, diputazioak oraindik ez du iragarri errenta aitorpena egin behar dutenak zenbat diren, ezta zenbat diru itzuli eta jasoko duen ere. Egunotan iragarriko du, kanpaina hastearekin batera. Aitorpena zergadunaren aldekoa bada, Ogasunak zazpi egunen buruan itzuliko dio dirua; ostera, zergadunak Ogasunari ordaindu behar dion kasuetan uztailean kobratuko diote, eta, nahi izatera, bi txandatan egin ahal izango du, interesak ordaindu beharrik gabe.

Lantaldea 

Foru Ogasunak lantaldea indartuko du kanpainak iraun bitartean. Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Igorren, Markina-Xemeinen, Mungian, Durangon eta Portugaleten dituen bulegoetan eskainiko du aurrez aurreko arreta. Horretarako, 132 behargin egongo dira lanean, 08:30etik 19:00ak arte. Aurrez ordua eskatu beharko da 94-406 66 00 telefono zenbakian, eta langileek jakinaraziko diete zergadunei zer dokumentu eroan beharko dituzten. Telefono bidezko arreta eskaintzen 311 langile ibiliko dira, 94-608 30 00 zenbakian. Foru aldundiak kanpainako aplikazioa hobetu du, aurreko urteetan erabiltzaileek eskatutako berrikuntzak gehituta.