Bilbo inguruan jende askok aipatu nahi duen hitz bat dago: gabarra. Athleticzale asko sinetsita daude zorte txarra ekarriko duela apirilaren 6ko Espainiako Kopako finalaren osteko balizko ospakizunen ikur den atoia izendatzeak, irabazi aurretik ospakizunetan pentsatzen jartzeagatik. Sineskeriek, baina, ezin dute inprobisaziorik eragin, eta itsasadarrean arduraren bat duten erakunde eta agintaritzak aspaldi hasi ziren desfilean pentsatzen. «Jendeak uste du ontzi bat atera eta osteratxoa egitea dela, baina ez: askoz konplexuagoa da, eta arrisku handikoa. Ondo lotu beharreko xehetasun mordoa ditu». Esaldia Rikardo Barkalarena da, Bilboko Portuko Agintaritzako (BPA) presidentearena.
Itsasadarreko ura eta haren ertzak zaintzea BPAren ardura da, baita ur gaineko trafikoa kontrolatzea ere. Haren jurisdikzioa Bilboko portutik Euskalduna zubiraino doa; alegia, desfilearen luzeraren %80. «Festa egun bat izan beharko lukeena tragedia ez bilakatzea da helburua», laburbildu du Barkalak. 1984an atera zen Athleticeko jokalariak garraiatzen dituen atoia azkenekoz, eta esaten da milioi bat lagun bildu zirela itsasadarreko ertzetan. Barkala han zen —1983ko ospakizunak Japoniatik Australiarako bidea harrapatu zuen, bera kapitain zuen ontzian—, eta, haren ustez, «miraria» izan zen ezer larririk ez gertatu izana.
«Jendeak uste du ontzi bat atera eta osteratxoa egitea dela, baina ez: askoz konplexuagoa da, eta arrisku handikoa».
RICARDO BARKALA Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea
Aurtengo desfilea, egiten bada, Getxoko El Abra kirol porturik aterako da, apirilaren 11n, ostegunarekin. 16:30 aldera hasiko da, eta marea goraka ariko da orduan. Lehen ideia gurutzaontzientzako kaitik ateratzea zen, baina baztertu egin zuten. «Hesitua izatearen abantaila zuen, jendea pilatu zedin eragozteko, baina kaiaren garaiera oso handia da, eta gabarra, berriz, txikia. Ezinezkoa zen». Handik irten eta bi ordu inguruko bidaia egingo du Bilboko udaletxeraino. «Athleticek bere gain hartzen duen ardura izugarria da, sekulako lana da, eta dirutza. Eta dena klubak ordainduko du. Gero beste kontu bat da babesleak-eta aurkituko dituen, baina gastu guztiak klubaren bizkar dira».
Itsasontzi bat aurretik eta beste bat atzetik
Buruhauste handien zerrendako aurrenekoa gabarra bera da, ez duelako motorrik. «Bi urtez atera zen bakarrik eta, hala ere, ikur bilakatu zen. Ea nor ausartzen den hura aldatzen…», azaldu du Barkalak, «baina askoz errazagoa litzateke propultsio propiodun itsasontzi bat balitz». Gabarrak, izan ere, bi ontzi behar ditu bidea egiteko: aurrean, tira egiten duen atoiontzi bat; eta atzean, lema lanak egingo dituen beste ontzi txiki bat. Barkalak realzaleen eta athleticzaleen arteko adarjotzerako balio dezakeen xehetasun bat gehitu du: «Atoiontzia Pasaiako portutik ekarriko dute, galibo arazoengatik. Bilbokoan erabiltzen ditugunak ez dira kabitzen Euskalduna zubi azpitik».
Bigarren buruhaustea ur gaineko trafikoa da. 130 itsasontzi baino gehiago espero dira itsasadarrean, eta ontzi txiki ugari. Baimenak nola banatu aztertzen ari dira. «Haien trafikoa kontrolatzea guri dagokigu. Arauak errespetatzen badituzte, sartzen dira», zehaztu du. «Pentsa itsasontzi batek azpian piragua bat harrapatzen badu edo txaluparen bat… Athleticek zehaztu behar du zeintzuk sartzea nahi duen, eta ur kapitaintzak haiek kontrolatu». Uretan Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren laguntza izango du BPAk, eta, besteak beste, larrialdietarako bide bat ere libre utzi beharko da.
Barkalaren ustez, «Bilboat-en moduko» ontziak —itsasadarrean turistentzako txangoak egiten ditizten ontziak— lehenetsi beharko lirateke; alegia, zabalak, ez oso sakonak eta jendea eramateko egokituta daudenak. Desfilea amaitzean marea ia erabat goian egongo da, eta belaontzi handiak, agian, ezingo dira pasatu zubi batzuen azpitik. Agintaritzako presidenteak badaki zale asko alokairuko ontzi bila hasiak direla bazter guztietan, eta hainbatek dirutza ordainduko dutela alokairuan.
Hesi kilometroak
Hirugarren buruhaustea, eta ziur asko handiena, jendetza eta ura nahasteak duen arriskua da. «Real Madrilek edo Bartzelonak, esaterako, titulu bat irabazten dutenean, autobus desfile bat antolatzen dute, eta gero iturri batera joaten dira. Han hesi pila bat jartzea aski da, askoz errazagoa da. Hemen itsasoa dago». Itsasadar osoa hesitzea APBren ardura da. Herriguneetan —Portugaleten, Erandion…— hesiak badaude dagoeneko, baina batetik besterako bideetan bazter eta txoko ugari dago hesitzeke. 1984ko ospakizunean, zale ugari erori ziren uretara, eta ez zen ezer larririk gertatu, baina Barkalak nabarmendu du euforia eta alkohola uztartzean beti dagoela arriskua.
Katramila hain handia dela ikusita, Athleticek irabaztea nahi al du Barkalak? «Bai noski! Badakizu zer-nolako poz kolektiboa izango den? Taldeak eta hiriak merezi dute». Barkala Athleticeko presidente izateko hauteskundeetara aurkeztu zuen iaz, eta Jon Uriarte egungo kargudunaren aurka galdu zuen. Hala ere, aitortu dio gabarrarekin «mirestekoa» den lana egiten ari dela, eta ez dituela ulertzen zale batzuengandik jasotzen ari den kritikak: «Sarreren harira-eta kritikatzen dute, baina berriz diot: sekulako ardura hartu du bere gain, eta buru-belarri ari da».
arrAun ontziak debekatu ditu athleticek
Athleticek ordainpeko sistema bat ezarri du apirilaren 11ko balizko itsas desfilean parte hartu nahi duten ontzientzat. Ordaindu beharreko kopurua itsasontzi motaren, bidaiari kopuruaren eta egin nahi den bidearen araberakoa da. Gauzak hala, 250 eta 3.000 euro artean ordaindu behar da. Aldiz, publizitatea egiteko asmoa izanez gero, 5.000 eurora artekoa izan daiteke kopurua. Halaber, debekatuta egongo dira arraun ontziak, uretako motorrak, bela-ontziak, piraguak, sei metro baino gutxiagoko pneumatikoak, Stand Up Paddle delakoak eta antzekoak.