Algara egiteko topagunea

Algara egiteko topagunea

​Umorea «beharrezkoa» da bizitzeko, Gorka Ganso Ganso & Cia konpainiako zuzendari eta antzerkigilearen ustez. Clown deritzen pailazoen zale, Durangoko Topaklown ekitaldia antolatzen aritu zen urte luzez, COVID-19aren pandemiak jaialdia bertan behera utzi arte. «Antzeko proposamenen batekin aurrera egiteko gogoa geneukan, eta Durangoko Udalak eta San Agustin kulturguneak eskatu ziguten erraza izango zen eta umorearekin lotuta egongo zen zerbait antolatzeko», azaldu du Gansok. Horrela jaio zen Tontolapiko Eguna. Aurten, umorezko maratoi horren hirugarren aldia egingo dute, eta Gansok berak hartu du zuzendaritza artistikoaren ardura. Gaur bertan izango da, Durangoko Aurora Abasolo parkean.

Sei antzezlan aurkeztuko dizkiote publikoari; doakoak izango dira guztiak, eta aire librean egingo dituzte gehienak, herritarrek nahi beste obra ikusteko aukera izan dezaten. Alde horretatik, Koilara Teatroa konpainiak irekiko du Tontolapiko Eguna, 12:00etan. «Plateruena Kultur Aterpeko barnealdearen zati bat hartuko du, eta bertan interpretatuko dute obra. Laburra da, hogei minutu inguru, eta bost alditan errepikatuko dute egunean», azaldu du Gansok. Tolondrados du izenburu antzezlanak, eta bi aktoreren arteko istorioan oinarritutako «komedia zentzugabea» da.

Ganso & Cia konpainiak sortu berri duen lan bat aurrestreinatuko du gaur, 13:00etan: Welcome & Sorry. Duela urtebete hasi ziren prestatzen, eta gogotsu daude jendaurrean aurkezteko. William Shakespeare idazlearen Hamlet lana bere egiten saiatuko dira antzezlaneko bi protagonistak. Obra moldatu bitartean, ordea, aurre egin beharko diete hainbat arazori, Gansok aurreratu duenez: «Antzezteaz gainera, tramankulu guztiak mugitzeaz, musikaz, jantziez arduratu beharko dute, beren kabuz». Horrez gain, Hamlet ingelesez interpretatzen saiatuko dira, hizkuntza horretan hizketan ez dakiten arren. «Publikoarentzat dibertigarria izatea espero dugu».

«Hizkuntzaren muga kentzen dugunean, ikuskizunak hurbilagoak izaten dira. Beraz, atzerritik Tontolapiko Egunera datozen ikuskizunak, bereziki, keinu bidezkoak dira».
GORKA GANSO Tontolapìko Eguneko zuzendari artistikoa

Durangon interpretatuko dute lehen aldiz, baina beste emanaldi batzuk ere egingo dituztela jakinarazi du Tontolapiko Egunaren zuzendari artistikoak. Aurrestreinaldiaren parte moduan, Alacanten (Castello, Herrialde Katalanak), Galdakaon eta Hondarribian (Gipuzkoa) izango dira. Ondoren, Welcome & Sorry antzezlanaren aurkezpen ofiziala egingo dute: Katalunian egingo duten bira batean lehenengo, eta Leioako Umore Azokan ondoren.

Mutu eta tentel

Gansok adierazi du sortzaileen estiloa errespetatzen dutela umorezko antzezlanen maratoian aurkeztuko dituzten obra guztiek. Dena den, hainbat ezaugarri komun dituzte. Hasteko, jaialdiko antzezlan gehienak mutuak dira: «Hizkuntzaren muga kentzen dugunean, ikuskizunak hurbilagoak izaten dira. Beraz, atzerritik datozen ikuskizunak, bereziki, keinu bidezkoak dira», azaldu du zuzendari artistikoak. Barbara Probst artista austriarra eta Carol Garel eta L’Abre a Vache Frantziako konpainiak izango dira aurtengo Tontolapiko Eguna bisitatuko duten nazioarteko antzerkigileak.

Bestalde, antzerki obretako pertsonaiek ere elkarren arteko antza dute. Clown motako pailazoen artean hamaika estilo badaude ere, Gansok eta jaialdiaren gainerako antolatzaileek arreta berezia jartzen dute «pertsonaia inozo, tentel eta tontolapiko horietan». Oholtza hartzen duten gainerako elementu guztien artean, hain justu, pertsonaia horiek dira kontakizuneko osagairik garrantzitsuenak. «Istorioen ardatza dira beti», berretsi du Gansok.

[articles:2122680]

Aldiz, antzerkigintzan umorea lantzeak ardura dakarrela ohartarazi du Tontolapiko Eguneko zuzendari artistikoak: «Clownen tresna nagusiak gure gorputza eta gure izaera dira. Beraz, ondo ezagutu behar dugu geure burua, eta gaitasun handia izan behar dugu horren inguruan barre egiteko». Hala eta guztiz ere, konplexutasuna beste zeozertan dago, Gansoren arabera. «Zailena da ikuslearekin konektatzea, eta ulertzea mota askotako publikoa dagoela». Izan ere, ikusleengan enpatia sortu ahal izateko, ulertu beharra dute zerk eragiten dion barre pertsona bakoitzari eta, horren arabera, kontakizuna osatu.

EGITARAUA

12:00: ‘Tolondrados’. Koilara Teatroaren «komedia zentzugabea» da, bi aktorek interpretatutakoa. 12:30ean berriz emango dute antzezlana; 17:00etik aurrera, emanaldi jarraituak egingo dituzte.
13:00: ‘Welcome & Sorry’. Antzerkia maite duten bi lagun Hamlet antzezten saiatuko dira. Ganso & Cia taldeak sortu berri duen ikuskizunaren aurrestreinaldia izango da.
18:00: ‘Bath-flop’. Kontsumismoaren aurkako kritika da, eta Barbara Probst artistak interpretatuko du. Clown esperientzia eta performance artistikoa bateratzen ditu.
18:30: ‘Recital… En Greve’. Marie Gertruderen istorioa kontatzen du Carol Garelek sortutako lanak. Aitona-amonen abestiak berreskuratuko ditu, eta haien borroka ekarriko du gogora.
19:15: ‘Goodbye Persil’. L’Abre a Vache konpainiaren obrak bi anaiaren 50 metroko errepide bidaia kontatzen du.
20:30: ‘Mundos Para Lelos’. Norberaren «alde tontoa» ezkutatzeari buruzko hausnarketa eta kritika egiten ditu Oscar Terolek.