Balmasedako Santa Klara komentua da abiapuntua. Han dago Balmasedako Nekaldi Bizidunaren Interpretazio Zentroa. Haren aurreko zabalgunean epaitu ohi du Pontzio Pilatok Jesu Kristo Aste Santuero, ehunka balmasedarrek nekaldiaren antzezpena egiten dutenean. Han urkatu ohi da Judas ere, Jesusi traizio egin izanaz damututa. Datorren astean antzeztuko dituzte eszena horiek, baina dagoeneko ikus daitezke. 50 urte dira aurten Gurutze Bide Biziduna elkarteak Egiazko Gurutze Santuaren Kofradiaren lekukoa hartu zuela nekaldia antolatzeko lanetan. Mende erdia ospatzeko, hirurogei argazki erraldoiz —bi metro dira zabal eta metro eta erdi garai— osatutako erakusketa atondu dute Balmasedako kaleetan. Apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai, eta bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte.
Etzi hasiko da Aste Santua herrian, Balmasedatik Kolitza mendira egingo duten gurutze bidearekin. Baina, urteurrenaren aitzakian, aurreratu eta luzatu egin nahi izan dute erakusketaren bitartez, Jorge Gomez Balmasedako gida turistikoaren esanetan. Apirilaren 7ra arte egongo da ikusgai. Gomezek berak ematen ditu azalpenak bisitetan. Ordua harekin adostu behar da, 630-87 28 16 telefono zenbakira deituta. Taldeka antolatu daiteke, eta bakarka doazenak beste talde batzuekin batzen ditu gidariak. Ordu eta erdi irauten du guztira.
Bariku Santuetan antzezpenak egiten duen bide bera osatzen dute, eta argazkien eta tokian tokiko eszenei buruzko azalpenak ez ezik, bidean topatzen dituzten monumentuei buruzkoak ere ematen du gidariak. «Balmaseda ezagutzeko bisita oso onak dira. Herriaren historia eta ondarea ezagutzen dira, nekaldiaren nondik norakoak azaltzearekin batera. Azken batean, nekaldiaren antzezpena herriko ikur nagusietako bat da; herri osoak parte hartzen du».
«Balmaseda ezagutzeko bisita oso onak dira. Historia eta ondarea ezagutzen dira, nekaldia azaltzearekin batera».
JORGE GOMEZ Balmasedako gida turistikoa
Santa Klara komentutik, alde zaharrerako bidea hartu ohi du antzezpenak, eta bide horri berari jarraitzen dio erakusketak. Correria kalean, esaterako, gurutze bideko hamalau geldialdietako argazkiak ipini dituzte. Besteak beste, Jesusen erorialdia eta Jerusalemgo emakumeekin topo egin zuenekoa ikus daitezke. San Severino plazakoa da hurrengo geldialdia. «Azken afaria hemen antzezten da, ostegunean, baita Sanedrinak Jesusi egindako epaiketa ere; horregatik, hemen daude argazki gehien», esan du Gomezek. Azken 50 urteetako irudiak dira guztiak, eta batzuk bai, baina denak ez dituzte ipini antzezpenean gertatzen diren lekuan bertan.
San Severino plazatik, Martin Mendia kalerako bidea hartzen dute. Han dago hurrengo argazki multzoa zain. Herriaren ikur nagusia den zubi zaharra pasatuta, frontoian bukatzen da ibilbidea. «Hemen egoten da kalbarioa Ostiral Santuan; hemen antzezten da Jesusen heriotza». Argazki sorta ere han bukatzen da, eta, hain zuzen, tarte horri dagozkio irudiak.
Horcasitas jauregian
Urte osoan ezagutu daiteke Balmasedako nekaldia, interpretazio zentroari esker. Azken hiru urteetan, gainera, Aste Santu aurretik argazki erakusketa bat ipintzen dute Horcasitas jauregian. Aurten ere han dago ikusgai. Doakoa da, eta martitzenetik domekara bisita daiteke, 11:00etatik 14:00etara. Han ere argazkiak dira nagusi, baina txikiagoak. Umeek eta nerabeek antzezten dituzten nekaldienak nabarmendu ditu Gomezek. Pantaila batean nekaldiaren antzezpena ere ikus daiteke. Prozesioetan ateratzen dituzten bi pasok osatzen dute erakusketa: Ama Doloretakoa eta Ecce Homo.
Gomezen esanetan, jauregiak berak ere merezi du bisita. XVII. mendeko eraikin dotorea da, hiribilduko ikusgarrienetakoena. Balmasedako aduanaren administratzaile Lucas de Horcasitasek aginduta eraiki zuten. Estilo soila du, eta klasizismoaren barruan sartzen da; elementu barroko batzuk ere baditu, ordea.
Eguen gauean eta bariku goizean antzeztuko dute
Eguen Santu gauean eta Bariku Santu goizean antzeztuko dute Balmasedan Jesu Kristoren nekaldia. XIX. mendean hasi ziren egiten, prozesioetan pertsona bizidunak tartean. Lehen aipamen idatzia 1865ekoa da. Herrialde osotik eta inguruko lurraldeetatik milaka lagun joaten dira ikustera.
Durangon ere antzeztu ohi dute nekaldia, Santa Ana plazan. Eguazten, eguen eta bariku iluntzean izango dira antzezpenak. Arkotxakoa (Zaratamo), berriz, bariku goizean egingo dute.